Sukaldearen aitzakian (En deuda con el placer)
EN DEUDA CON EL PLACER. John Lanchester.
Anagrama. 1997
Bai, sukaldearen aitzakian, hara hemen eleberri zoragarri bat. Hain da zoragarria, ezen ezin baita argumenturik zintzoki kontatu liburuarekiko interesa suntsitu gabe. John Lanchester maisu handia da intriga sortzen eta jakintza ugari menperatzen ditu, gutxik lain, besteak beste, artea eta literaturaren historia, geografia eta, nola ez, ba, sukaldaritza. Lau urtarotan banatuta dago kontakizuna, eta urtaro bakoitzerako menu ezberdinak proposatzen ditu egileak, barkatu, Tarquin Winot izeneko protagonistak, era ikaragarrian proposatu ere: jantzia, jakintsua, iradokorra, arte eta jakintza guztien koktela eskainiz bertan. Esan daiteke, liburu honetan murgiltzen denak, eleberria irakurtzeaz gain, kultura informazioaz blai amaituko duela. Gauzak kontatzeko sentsibilitate demasa eta ironiaren erabilera apartekoa. Hala ere, hori da gutxienekoa. Arropa hori baldin bada, beste bat da zeharo mamia. Eta nolakoa! Lanchesterrek orriz orri borobiltzen du bere pertsonaia, balizko irakurlea ez kaltetze aldera hemen deskribatu ezin duguna. Denboralea zen halako libururik esku artera iristen ez zitzaigula, agian Julian Barnesen LA MESA LIMÓN, ipuin liburu bikain hura. EN DEUDA CON EL PLACER batere zalantzarik gabe aholka daitekeen liburu horietakoa da, eta ez dadila inor beldurtu sukaldaritzaren aipamenarekin, egileak tituloan aitortzen duen plazerarekiko zorra ez baita, hala irudi duen arren, jan-edan kontuekin. Beste bat da egiazki Tarquin Winot aristokrata ingeles aluak pertsekatzen duen plazera. Hori zein den ere ezin dugu hemen aitortu, arraioa! On egin, beraz, baldin eta aurkitzen baduzu, ezen, oso oker ez banaiz, liburudendetan aspaldi baitago agortuta. Liburutegiren batean beharko.
[…] Lehenago ere estimatzen genuen John Lanchester-en lan bat. Agian horrexegatik hautatu genuen EL PUERTO DE LOS AROMAS (Anagrama, Bartzelona) hau ere gure oporraldirako. Hautatutako bi liburuetatik bat izan da bera. Bestea, Chesterton-en EL HOMBRE QUE SABÍA DEMASIADO, baina honetaz mintzatuko gara aurrerago. Lurrinen portua Hong Kong-i ironiaz ematen zaion izena da, preseski horixe esan nahi du Hong Kong izenak. Antza, hango ur ustelen usain txarra dela eta, txiste txinatar bat dugu hori. Lanchesterrek hiru pertsonaren bizitzak kontatzen dizkigu nobelan zehar, bakoitza garai eta koordenada desberdinetakoa. Tom Stewart 1935an joan zen estraineko Hong Kongera eta han bizi da oraindik ere. Gizon maitagarria, Maria izeneko moja txinatar baten eskutik ikasiko du kantonera eta beste zenbait gauza ere bai. Tom honi eskainita dago nobelaren zatirik handiena. Bigarren protagonista Dow Stone izeneko emakume kazetaria da, Ingalaterrako bere bizitzaz aspertu eta Hong Kongera joaten dena. Pertsonaia ziznikoa benetan. Hirugarrena da gazteena, Mattew Ho, negozio gizon gazte onbera bat… Hiru bizitza eta bizimodu, beraz, baina askoz gehiago ere bada Lanchesterrek kontatzen diguna: hiria bera, historia hurbila, negozioen mundua, gizatasunaren balioa… Zoragarria egin zitzaidan irakurketa, interesez gainezka irakurri nituen pasarte guztiak, nobela luzea den arren. Bikaina, zinez. Ez dakit Lanchesterrek beste eleberririk idatzi ote duen, baina begira hasiko naiz, irakurtzeko. Hiru egunetan likidatu nuen, etzanda, palmondoen azpian. Gozamen handi baten oroitzapena gordeta daukat eta Lurrinen portuarekiko halako konplizitate samur bat. zabaldubildudel.icio.us […]