Puntu eus lortzearen eta Google euskaratzearen garrantziaz

Vicent Portal, hitzaldia ematen
Vicent Portal, hitzaldia ematen

Aberria batez ere hizkuntzan daukagunok, beti gaude normaltasunaz eta aitzinatzeaz kezkaturik, eta, zentzu horretan, bikain askoa da BAT aldizkariaren 70. alea.  Araudi juridikoei buruzko lanak erakusten dira bertan, baina ez hori bakarrik.

Jakingarrietan jakingarri,  bada artikuluen artean, Vicent Partal kataluniarraren hitzaldi baten transkripzio-itzulpena, guztiz erakargarri egin zaiguna. Esan beharrik ez dago katalanaren militante dela Partal, Vilaweb gune ospetsuaren sortzaile/burua eta, berak dioen bezala, “indio laguna”  guretzat: Egunkariaren aferak Katalunian izan duen erantzunean, giltzarrietako bat izan da bera. Besteak beste.

Hizkuntza txikiez ari da Partal bere hitzaldian, eta dakarren tesiaren oinarria bat eta bakarra da: berdin dio hizkuntzaren tamainak, kontua global izateko bokazioa da. Edo hala ulertu dugu geuk.

Tesiaren funtsa.

Gaur egun hizkuntza-ekosistema berri bat dugu eta hizkuntza bat globala izatea edo ez izatea ez dago hiztun-kopuruaren baitan ez eta gobernuen eragin politikoaren baitan ere, baizik eta hiztunek globalizazioaren parte izateko duten borondatean: ingelesa —hizkuntza komun gisa— eta garai globalen tresna erabilgarri izan nahi duten hizkuntzak daude.

Horixe da aldatu dena: lehen globalizazioa objektu politiko bat zen eta estatuen esku zegoen, inperioen esku, baina orain bizitzen ari garen globalizazioak denoi eragiten digu, eta geuk erabakitzen dugu parte hartu ala ez.


Ez badugu parte hartzen, bazterrean geratzen gara. Ez dut horrelakorik gomendatzen. Parte hartzen badugu, hizkuntza globala izatea edo ez izatea ez du erabakitzen zure tamainak, edo familia handi batekoa izateak edo familia oso isolatu batekoa izateak.

Entresaka.

Hitzaldi guztitik, bi puntu nabarmendu nahi genuke.

Lehenari dagokion adibidea, Hanburgoko portuko web orriarekin gertatutakoa da eta Google Translate-ri buruz dihardu:

Norbaitek Hanburgoko web izugarria katalanez ere bazegoela aurkitu zuenean, lehenbizi Hanburgoko webaren logika ezagutu nahi izan genuen. Azalpen bat aurkitzen saiatu ginen, azalpen soziolinguistikoa, lehen esaten zen bezala. Azkenean arduraduna aurkitu eta esan genion: “Zergatik jarri duzue Hanburgoko weba katalanez?” Eta gizona pentsatzen jarri eta esan zuen: “Katalanez al dago?” “Oso-osorik, eta gainera astero gaurkotzen dute”. “A! Nik ez dakit. Nik berrogei garrantzitsuenetan jartzeko esan nuen”. Hor dago gakoa. “Nik berrogei garrantzitsuenetan jartzeko esan nuen, eta ez nintzen kezkatu zein ziren”. Eta langilea, berrogei garrantzitsuenak jarri behar zituena, Googlera joan, 40 jarri, eta katalana 37. zegoenez sartu egin ginen, eta 41.a, ez dakit zein zen, kanpoan geratu zen.

Bigarrena, puntu cat domeinua lortzeari buruzkoa da.

Ziberokupazioarekin oso arduratuta daudela esan nahi dut. Abokatu azkar batek esan zidan: “Orain ulertzen dut katalanarena. Hori dena gezurra da; zuek katuentzako domeinu bat egin nahi duzue, katuen jabeek beren katuen webak eduki ahal izateko”. “Tira”, esan genuen, “gogoan izan ezazu oso argazki argiak bidali genizkizula…”. Eta berak: “Ez, ez, ez, ez”. Baldintza bat jarri ziguten, puntu cat orrietan ezin zela katuen argazkirik egon, ziberokupaziorik ez gertatzeko. Baina hori problema bat zen, katalanez hitz egiten zuten katuen eskubideak urratzen baitziren. Eta arrazoi honekin jo genuen kontraerasoa: “Eta katuak katalanez hitz egiten badu?”. Eta abokatuak, estatubatuarra zenez, logikoa zen bezala gu haizea hartzera bidali beharrean, zera esan zigun: “Nola froga dezakezue?” Eta orduan oso arrazoi xumea eman genion: “Nik katalanez hitz egin eta erantzuten badit, gutxienez ulertu egiten du katalana”. Eta orduan baldintza aldatu egin zen, eta honela dio: “orria katalanez badago katuen argazkiak egon daitezke, baina katalanez ez badago, ez.” Puntu cat dira orri katalan guztiek eduki ditzaketen orriak. Puntu cat eta katalanez ez dauden orriak, baina erreferentziak direnak kultura katalanarentzat. Adibidez, Joan Miróren katalanezko orriak puntu cat izateko eskubidea du. Beraz, azken baldintzaren arabera, katalanezko orrietan bakarrik egon daitezke katuen argazkiak. Garaipen handia izan zen. Garaipenaren eguna. Hauxe da Amadeo Abrilek bakarrik irakurri ahal izan zuen kontratu ospetsua. Nik ezin izan nuen 14. orritik aurrera irakurri. Hori lortu genuenean, hauxe idatzi zuen Singapurreko egunkari nagusiak: “Katalunia, nazio birtuala”, webak zakutik ateratzen uzten dielako katuei. Berdin da. Interesgarria izan zen dekanoak etengabe nola ibili ziren, hau domeinu nazional ezkutu bat zela esanez. “Bai zera, bai zera!” Atera zen egunean, jakina, denak konturatu ziren han ez zegoela katurik.

Puntu cat domeinua oso garrantzitsua da. Puntu cat domeinuari esker, kultura katalaneko edozein webek eduki zezakeen domeinu hori.

Bidenabar, esan dezagun, Vicent Portal hilaren 22an izango dela ostera gurean.

euskara, globala, Google, hizkuntza, katalana, puntu eus
Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

4 pentsamendu “Puntu eus lortzearen eta Google euskaratzearen garrantziaz”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude