Patronalaren balioak, a zer kontraesana!

Patronalaren balioak –

Arabako SEA patronalaren buruak, Pascal Gomezek, kargua uztean ohartarazi zuen bere ustez herri honetako enpresen arazorik larriena zein den: absentismoa. Gomezek, absentismoa zerk eragiten duen alde batera utziz (gehienbat baja medikoak dira, laneko gaixotasunen ondorioz ematen direnak barne direlarik), berriro esan zuen, beste euskal patronalek egin izan duten moduan, absentismoaren erroa dela “euskal langileek eskas dituzten balioak”.
Patronalaren balioak
Arg: Tumisu

Zein da hitz hauen xedea? Ideia faltsu bat hedatzea: goizero makina bat jende jaikitzen dela, sasoi fisiko eta mental betean, eta ez bat, ez bi, erabakitzen duela lanera ez joatea. Urkullu lehendakariak, hitzaldian presente egon arrenez zion halako astakeriari aurre egin, eta oraingoan ere patronalarekin lerrokatu zen. Ostera ere agerian utzi zuen gai ia gehienetan patronala eta bera ahots batez mintzatzen direla.

SEAren hipokrisia begibistakoa da; baita ere datu ustelak darabiltzala. Iturririk susmagarrienek ere, aldi baterako laneko enpresek (interes korporatibo nabarmena dutenak), aitortzen dute lanera joaten ez den jende gehienak gaixotasunen bat duela. Aitzitik, estatistikak sekula ez du datu bat jaso: Zenbat jende joaten den bere lantokira osasun arazoak dituenean ere (kasu askotan lanak berak eragindakoak), enplegua galtzeko beldurraren poderioz. Hipokrisia horrekin, Gomezek kezka larriago bat ezkutuan uzten du, benetan euskal enpresen lehentasuna izan beharko litzatekeena: bermatzea inor ez dela bere lanpostuan hilko. Laneko istripuek Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan urtero 50 heriotz eragiten dituzte. Baina askoz jende gehiago, 400 langile inguru, hiltzen da eremu berean laneko gaixotasunen ondorioz.

Mutualitateak ere sar ditzakegu ekuazio honetan. Duela gutxi ELAk salatu egin zuen eta auzitara jo Fremap mutualitateak langile migratu bati eman dion tratu ankerragatik; hau gurpildun aulkian dago laneko istripu baten eraginez, baina mutualitateak ez du artatu nahi. Horiek ote dira balioak eta gizalegea?

Laneko istripu eta gaixotasunen gorakadak edota mutualitateen abusuek, ez dituzte ugazabak kezkatzen; izan ere, horixe bilatzen baitute enpresa ugarik, prekaritatea hedatzea etekinak puzteko. Haatik, horrek dakartza heriotz horietako asko. Enpresarioek badakite merkeagoa izaten dela lan segurtasunik bermatu ez eta isun bat ordaintzea. Negargarria da, eta latza. Zer nolako balioak dira hauek?

Jarrai dezagun balioei buruz hitz egiten. Beste plano batean, bitxia gertatzen da SEA izatea haiek aipatu dituen patronala, hain zuzen gutxiengoan (UGT eta CCOOekin) akordio gehien sinatu dituena denean, hots, zeharo gutxietsi dituenean balio demokratikoak eta gehiengoei zor zaien errespetua. Kohesio soziala eta aberastasunaren banaketa ere ez daude haien agendan. Arabako patronalak, besteek bezalaxe, inflazioa oso handia eta etekinak are oparoagoak izan diren urteotan ukatu egin ditu hitzarmenetan KPI bermatzeko soldata igoerak.

Gaur langile gehiago badaude hitzarmen hobeen estalpean, grebak gehitu direlako da. Balio solidarioak aipatzekotan, greba izan da enpresa askotan ugazabek ezarritako blokeoa gainditzeko bide bakarra (hau ere datuek berresten dute). Sektore feminizatuetako soldata igoerak dira, jakina, albisterik onena, ELAk sinatu dituen akordioetan %7,5etik gorakoak izan baitira.

Beraz, langileriaren gabezia ez dira balioak; aurrera egiteko ahaleginetan ari da, bizimodu gero eta garestiagoa pairatuz eta lanetik bizirik etxeratzeko gogoz. Aldiz, balioetan eskas dabilena patronala da, zeinak proposamenik ez duen, diru-gosez jokatzen duen eta gizarte honetako jende askok dituen arazoen aurrean ez ikusiarena egiten duen. Bide batez, SEAko buru izan denaren kezkak ez du balio unibertsalekin zerikusirik; bestela honez gero plazaratu izango baitzen gerra, belizismoa eta Palestinako genozidioa salatzeko.

Patronalaren balioak  Patronalaren balioak

ELA sindikatuko idazkari nagusia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude