Mad (wo)men

madwomen

Gazteak lurrean eserita daude. Espainiako botere judiziala eta honen meneko diren polizia-indarrak gazte horietako batzuen bila etorri dira, atxilotzeko asmoz. Beste gazte batzuen ideologiarekin bat egiteagatik zigortu dituzte. Gorputzak ezkutu, atxiloketak galarazten saiatu dira gazteak. Poliziak banaka banaka-banaka atera ditu bilduta zeuden lekutik. Azkenean, auziperatuak atxilo eraman dituzte.

 Normalitate zoro baten isla. Baina nor dago zoratuta? Gazteak? poliziak eta hauen agintariak? Epaileak? Nortzuk dira mad (wo)men?

 Aldaketa politikoa aztertu duten adituek diote edozein sistemaren egonkortasuna ez dagoela sistema horren erabakien kontra egongo direnen baitan. Sistemaren egonkortasuna bermatzen duen legitimotasuna, ia beti, normaltasun osoz, haren erabakiak obeditzen dituen jendeak eskaintzen du. Meneko jendearen fideltasunak bi oinarri ditu: batetik, herritarrek ziurtasuna eskatuko diote sistemari, eta bestetik, sistemaren erabakiek bere justizia sentimenduarekin bat egin dezaten nahiko du. Jendearen sistemarekiko desertzioak, beraz, bi iturri ditu: justizia sentimendu kolektiboari egindako iraina, edota sistemak bere erabakiak bete daitezen duen gaitasun eza, ordenu publikoa ziurtatzeko ezintasuna.

Hala, legearen ukazioak, adiera desberdinak hartuko ditu abagune historikoaren arabera. Legea bortizki inposatzen denean, usu adiera bortitza izango du desobedientziak: sistemaren bidezkotasun ezaren sentimendua hedatuta dago gizartean, eta ordenu publikoan gertatuko pitzadura txikienek, sistema osoa kolokan jarri dezakete. Sistemaren legitimotasunak gutxieneko maila lortu duenean –sistema demokratikoetan, adibidez–, injustizia sentimendu hori piztea zailagoa izaten da, eta ordenu publiko ezaren maila sostengarria, berriz, handiagoa. Horregatik, legitimitate lehia orekatuagoa denean, desobedientziak eduki zibila hartuko du maiz: legearen eraginkortasuna kolokan jartzeko modu zibilak eta honek jasaten duen “gehiegizko” zigorrak, jendearen (in)justizia sentimendua piztuko du, aldaketari ateak zabalduz.

 Desobedientzia zibilaren teoria ezaguna da gurean. Bere eraginkortasunaren giltza ere, askotan idealizatzen den arren, ez da arrotza. Hortaz, zein da gaiaren inguruan globalki hedatu den izpiritu berria? Zeintzuk dira abagune honetan gurean sumatu daitezken berrikuntzak?

  • Kaleko protestan ohikoa izan den zuzeneko enfrentamenduaren eredu klasikoa ez da erabat alboratu, baina okupazioak, eremu publikoaren asetasun edo saturazioak tarte handiagoa hartu du: kale ia hustuetan burutzen diren talde txikien arteko talka azkarren ordez, jende andanaren bilkura egonkorra nagusitzen ari da. Desobedientziaren edo erresistentziaren logikarekin askoz hobeto uztartzen dira halako mobilizazio motak. Eremu publikoaren irekitasuna errebindikatzen du protesta eredu honek, barrikadak gotortzen zuen lurralde askatu baina mugatuaren alternatiba gisa.
  • Irekitasun hori komunikazio eredura ere zabaldu da. Sare sozialen bitartez hedabide nagusien monopolioa hautsi egin da halako protesta ereduetan. Hala, mobilizazio biral horren bitartez, mezua askoz ere kutsakorragoa bilakatzen da. Protestarako deia ez da politburo bakar batetik igortzen ari, eta, ondorioz, banakoaren analisi politiko autonomoa indartu egin da. Horregatik, eragile politiko eraldatzaileak ere ohiko funtzioa birpentsatzen ari dira: alderdi bertikal eta kontsigna-emaile izatetik, koordinatzaile eta laguntzaile gisa arituko den eragile horizontalagoa bihurtzera. Aldi berean, buruzagitza ereduak ere aldatu beharko dira, protagonismo organizatiboa apalduz. Horrek ez du suposatzen, inolaz ere, esponateneismo hutsa(la) nagusitzen ari denik, ez gure kasuan behintzat. Alabaina, behetiko autonomiari eskaini beharreko tartea, orain artekoa baino zabalagoa izango da, ezbairik gabe.
  • Erresistentziaren filosofian oinarritutako protesta eredu hauetan “autobiolentziaren” ideia, jarduera ororen ardatz bilakatu da. Munduan zehar piztu diren protestaldi zabaletan “bonzo” gisako ekintzek funtzio katalizatzailea izan dute, Tunisian edo Egipton, esaterako. Muturrera eraman gabe ere, gizartearen justizia sentimenduan sistemak eragindako iraina piz dadin “autobiktimatze” hori aldagai garrantzitsua izan daiteke. Justizia errebindikatzen duten gazteek ez dute beraien jarduera justifikatu behar, atxilotzera doazenek, berriz, haien burua zuritzeko beharra izango dute. Sistemaren bortizkeria agerian uzten duten “autobiolentzia jarduerak” ugalduko dira ziurrenik.
  • Zentzu horretan, protesta mota hauek poliziagintza (policying) eredu berria eskatzen ari dira. “Kale mailako burokrata” eta protestatzaileen arteko elkarreraginaren parametroak aldatu beharko dira, derrigorrez. Gurean, aukera ona izan daiteke enfrentamendu zibilera bideratutako polizia-eredu batetik eskubide eta askatasunen zaintzan trebatutako batera igarotzeko. Hamarkada luzeetan zehar eztabaida tipikoa izan da borroka armatuarekiko desobedientzia zibilak zuen balizko bateragarritasunaren ingurukoa. Desobedientzia soberanistak, alta, beste kezka sakonago bat izan du bateragarritasunari dagokionean, orain leheneratu dena: gizartetik bultzatuko erresistentzia eta euskal erakundeetatik bultzatu beharrekoaren arteko uztarketa eraginkorra lortzeko moduaz ari gara, hain zuzen. Ibilbide horren azken urratsean, euskal gizarteak babestu beharko ditu erabaki arrotzak desobedituko dituzten bertako erakundeak. Eta horrek, noski, aldebiko “automugaketa” eskatzen du oraingo elkarreragin liskartsuetan.
  • Azkenik, desobedientzia zibilaren eduki berritzaileek lotura zuzenekoa dute Euskal Herrian bizi dugun abagunearekin. Mundu mailan hedatu den leloak –“komunaren” defentsak–, tradizio luzea du gurean, “herrigintza” kontzeptuak adierazten duenez. Erresistentzia pasiboa izan da azken asteotako dinamika, Donostian edota Ondarrun “harresiaren” metaforan islatu dena. Alabaina, eredu hori baztertu gabe eta arestian esandakoaren ildotik, protesta mota honen bertute nagusia ez da “hesiaren babesa”, irekitasunaren kapilaritatea (“Ondarruko “zubia”?) eta botere-eraikuntza alternatiboa baizik. Herrigintzatik estatugintzarako pausoak jarduera herritarrarekin lotuta egongo den desobedientzia instituzionala eskatzen du, eta jauzi horrek hesi erabat mugikorra, dinamikoa, eskatuko du. Bestetik, desobedientzia soberanista honek, protesta ereduaz harago, edukietan ere izan du berrikuntza. Injustiziaren iraina pizteko modua gertuago dago egun gizarte eredu propioaren defentsatik. Lizarra/Garaziko garaietan ez bezala, desobedientzia soberanista garaikideak etorkizun oparoagoa du atzerritik inposatutako murrizketak ukatzearen bidetik, esaterako, euskal nortasun agiria edukitzeko eskubidearen aldarrikapenetik baino. Askoz ere hedakorragoa da desobedientzia garaikidea.

askegunea3_foto960Laburbilduz, aurreko oldarraldi zabal guztietan bezalaxe, berriro ere, borroka moldeetan eta hauen azpian dagoen filosofiari dagokionean, sintonian dago euskal herria munduko beste herrietan gertatzen ari denarekin. Euskal herriaren parte bat, bederen, sintonizatuta dago. Eta gizarte eremu hori zoratuta balego, zorionez, zoro multzo ederra legoke munduan.

Hasierara itzuliz, atxilotzeko agindua eman duten Espainiako epaileak ez daude zoratuta. Ongi dakite zertan ari diren, zein den estatuaren defentsarako azken-aurreko lubakia. Egotekotan, zoroak, mad (wo)men-ak, gure erakundeetan daude. Zentzutasuna ahoan –“Ertzaintza agindu judizialak betetzeko dago”, dio Beltran de Heredia Sailburuak–, atzerriko legitimitatean oinarritutako aginduari men egitean, zentzugabetasunaren adibide bilakatu dira. Izan ere, euskal gizartearen gehiengoaren borondatea ezagututa, jarrera zentzudun bakarra gazteena baita: agindu injustuak desobeditzea, alegia. Men ez egitea.

Durangon, 2013ko maiatzaren 12an.

“Askegunea: Herri harresi baten kronikak” bildumaren barneko artilulua

Wefree Zone egitasmoa

2 pentsamendu “Mad (wo)men”-ri buruz

  • “Autobilentzia”? Zapalkuntzak sortutako etsipenak norbere burua kaltetzea, zapalkuntza horiek sortzen duten etsian aurka bideratu beharrean?

    Porrotara bideratzen gaituen ideologia amu eta guzti irentsi duzue.

    • Autobiolentziaren dinamika globalarekin sintonian egotea gauza bat da, eta sintonia hori soluziobide perfektua izatea beste bat: jada klasikoa bihurtu da Zizeken lantxo hau http://bit.ly/13RW9p3 eta interesgarria hari buruzko beste hausnarketa hau: http://bit.ly/13u5rXY Sofistikazio horietatik aparte, onartutako joku politikoaren arauak gaurko iritzi publikoarenak baldin badira (eta ez indar metaketa politiko-militarrarenak, honek bere egungo mugak erakutsi eta gero), autobiolentzia eraginkorragoa gerta daiteke legitimitate lehiarako: ahularen indarra bere borondate kolektiboan datza, men ez egiteko borondate tinkoan, ez “arsenal metalurgikoan”. Ildo honetatik, Arendt da gida egokia: aipatu arsenal horiek, gehiengoaren adierazpenak direnean bakarrik bilakatzen dira eraginkorrak. Ez da gaurko egoera.