Kazetaritzari buruzko hausnarketa sustatzeko eta ikasten jarraitzeko ataria

zentik

Eta Euskal Herrian, komunikabideen erabilpen politikoaren paradigma, ZEN Plana da. Iragan mendeko 80. hamarkadan PSOEk asmatu eta indarrean jarritakoa. Euskal Herrian bizi dugun gatazka desitxuratzea zuen helburu ZEN Planak. Pentsa, Zona Especial Norte sigletatik zetorkion izena. Atera kontuak. Hala, kontrainsurgentziarako plan edo esku liburu horretan, garrantzia berezia zuten komunikabideek. Haien eguneroko jardunerako irizpide propioak diseinatu eta zerrendatzen zituzten aipaturiko planean.

Komunikabideek gaur egungo jarduna ikusita, ZEN Planak indarrean jarraitzen duela esatea baino ez dago. Akaso, ZEN Plan gisa ez; baina plan horretan jasotariko irizpide, gomendio eta praktika asko, bederen, bai.

Eta horregatik jarri diogu Zentik izena gure blogari. Batetik, “zen”;, ZEN Planari erreferentzia eginez. Eta bestetik, “tik”; zergatik edo zertik hitzen bukaerako zatia. Hori izango baita gure helburua: komunikabideen egunerokoan aurkituriko akatsak, gezurrak… aztertu eta horien zergatia argitzen saiatzea. Ongi egindakoak ere zoriontzen saiatuko gara, noski. Are gehiago, nahiko genuke ongi egindakoak akatsak baino gehiago izatea; baina komunikabideetan egun nagusitzen den panorama ikusita…

Hori bai. Ez dugu inor mindu nahi, eta errespetu osoz jarduten ahaleginduko gara. Finean, atari hau ekarpen bat baino ez da: hedabideen mundu hau ulertarazteko eta, batik bat, hobetzen saiatzeko. Ez baikaude inoren gainetik, eta ez baitugu gure burua orojakiletzat. Mundu honi buruzko hausnarketa sustatu nahi dugu, eta, denon artean, ikasten jarraitu. Horregatik, bisitarien egindako hausnarketak, emandako adibideak… ongietorriak izango dira. Zurea oraindik ez dugu jaso. Zertik?

etorkizuna, hedabideak, kazetaritza, manipulazioa, zentik

Nagore Vega. Kazetaria. Kazetaritzaren jardunaz arduratuta. Oso Internet zalea.

2 pentsamendu “Kazetaritzari buruzko hausnarketa sustatzeko eta ikasten jarraitzeko ataria”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude