Javi Rivero eta Imanol Zubelzu (Pagotxa RZ-ko sukaldariak): “Ondo jan nahi dugu eta ez dakigu nola”

Javi Rivero eta Imanol Zubelzu (Pagotxako sukaldariak): “Ondo jan nahi dugu eta ez dakigu nola”

ZUZEU orainkariak PAGOTXA RZk aurkeztu zuen atzo, gaur zazpigarren urtemuga zuela-eta, ezin eutsirik.

Habia utzi duten zure moduko txorientzat da Pagotxa, gazte jendeari sukaldean laguntzeko atari eta errezetategia. Xolomo Sapiens-ekin batera, Imanol Zubelzu eta Javi Rivero sukaldari gazteek sortu dituzte bertako errezeta guztiak.

Javi Rivero eta Imanol Zubelzu (Pagotxako sukaldariak): "Ondo jan nahi dugu eta ez dakigu nola"

Imanol Zubelzu eta Javi Rivero

Javi Rivero billabonatarra da, eta gauza dezente frogatu eta gero “erori” da sukaldaritzan, berak aitortu digunez. Aurretik, ingeniaritza ikasketak egiten hasi eta musika munduan ere egin izan du lan… “ordura arte zaletasun bezala nuena bizimodu edo lanbide izan nezakeela konturatu nintzen arte”. Horrela kontuak, Basque Culinary Center unibertsitatean Gastronomia zientzietako gradua amaitzear da egun, ikaskide eta lagun duen Imanol Zubelzu tolosarra bezala. “Gastronomia mundua bere osotasunean ikasteko helburuarekin sartu nintzen BCC-en”, dio Zubelzuk. Ordutik, mila saltsatan izan ei dira elkarrekin.

Duela bi urte, eta beste sei ikaskiderekin batera, Perura bidaia egin zuten bi sukaldariek, “eta konturatu ginen interes berdinak genituela, gastronomia begi berdinekin ikusten genuela”. Orduan erabaki zuten egitasmo bat elkarbanatzea, eta Batean enpresa sortu zuten iaz, “inguruko gastronomia ereiteko asmoz; hezkuntzaren bitartez gastronomia beste maila batean lantzea baitugu asmoa”. 

«Indar handiko tresna da gastronomia; badago janariaren bitartez jendea zoriontsu egitea, eta horrek bete egiten nau»

Basque Culinary Centerren ikasketak egiterako orduan, “banuen zaletasunetik bizimodu bihurtzera pausua emateko beldurra”, aitortu digu sukaldean amaren eta amonaren eskutik ikasi zuen Riverok. “Baina frogatu eta ikusi nuen sozialki eragiteko indar handiko tresna zela gastronomia; badago janariaren bitartez jendea zoriontsu egitea eta horrek bete egiten nau”. Bere aldetik, Zubelzuk, “ez nuen nahi sukaldaritzara mugatu, gastronomiak bere baitan hartzen dituen arlo guztiak lantzen zituen hezkuntza bat bilatu nahi nuen; eta horixe du bereizgarri BCC-ek”, azaldu digu.

.

Pagotxa RZtegia

Pagotxa egitasmoa ezagutu zutenean, “oso interesgarria iruditu zitzaigun, eta bertan murgiltzea erabaki genuen”, diote. Webgunerako errezeta basikoak sortu dituzte, “errazak”, baita guzti-guztiak kozinatu -batzuk bideoan grabatzeaz ere arduratu dira, pentsa!- eta frogatu ere. “Sukaldaritza gure minetako bat denez, gustura aritu gara, saltseroak gara-eta!”.

“Jatea, elikatzea, egunero egiten dugun zerbait da, eta kabia utzi duten horiek ere horren beharra dute egunero; jakinda ekintza huts horrek eragina duela bai osasunean bai bertako produktuetan eta naturan. Guzti hori kontutan hartuta eskaintza praktikoa iruditzen zait Pagotxa -dio Zubelzuk-,  aukera bat ematen baitu guztia bateratu eta eguneroko elikadura ondo lantzeko”.

«Jakintza gastronomikoa eskuratzeko erreferente zuzenak behar ditu gazteak, gaur egunera egokituak eta dinamikoak»

“Erreferentzia bat izan daiteke Pagotxa, errezetak nola egin irakurri eta ikusteak izan dezakeen indarra kontutan hartuta -bideoez mintzo da Rivero-. Eta izotza hausteko aukera eman diezaioke gazteari, beldurra kendu eta lehendabiziko aldiz kozinatu eta aurrera egiteko tresna bat”. Izan ere, konpondu beharreko gabezia handi bat ikusten du billabonatarrak gazteen artean. “Ez gara jabetzen zein eragin izan dezakeen elikagai bat edo bestea erosteak, aukeratzeko garaian zer dakarren horrek atzetik. Askotan ez dugu informaziorik; ondo jan nahi dugu eta ez dakigu nola”.

“Azkenean jakintza gastronomikoak sortzen du kultura gastronomikoa -hartzen du hitza Zubelzuk-. Gehien arduratzen nauena da zeri deitzen diogun jakintza gastronomikoa gaur egun. Hezteko gastronomia, esaterako, telebistako saio batzuetan jasotzen dena bada, eta horretan oinarrituta sortu behar baduzu zure kultura gastronomikoa, erreferenteak behar dira, eta gazteon inguruan gaur egunera egokitutakoak behar dira, modernoagoak eta dinamikoagoak. Baita erreferente horiek benetan jakintza zuzena ematea ere, horrek eragingo baitu egungo gazteak askoz ere kultura gastronomiko handiagoko gizartea sortzea”. Pagotxa horretarako lagun izatea dute helburu.

Javi Rivero eta Imanol Zubelzu (Pagotxako sukaldariak): “Ondo jan nahi dugu eta ez dakigu nola”

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.