Iturri baten ametsa

Iturri baten ametsa –

Udan gaude, zerua oskarbi dago eta giroa sargori. Kostaldeko herri batean, jolasean ari dira haurrak auzoko plazan, batzuk futbolean, besteak esku pilotan… Badago goxoki dendan erositako freskagarri, patata poltsa eta gominolaz beteriko poltsez horniturik, arratsalde osoa eserita eta nor bere telefonoari begira dagoen kuadrilla bat ere.

Iturri baten ametsa
Arg: drfuenteshernandez

Halako batean, haietako bat egarri zela eta, hurbilen zegoen tabernara joan da, salto batean. Turistez beterik dago taberna eta ez diote tokirik uzten, urduri daude denak, oporretan baina presaka, zein pintxo jan erabaki beharrean. Haurra nekatu, eta hurrengo tabernara joan da. Hanka puntetan jarririk, ozta-ozta ikusi du lanean izerdi patsetan zegoen zerbitzariak. “Baso bat ur, mesedez!”, “en castellano, que no te entiendo” erantzun dio, baina ez da ohartzen umeak ere ez duela bera ulertzen, oraindik ez dakiela gazteleraz. Eskerrak lankide batek ikusi eta baso bete ur atera dion begi keinua eginez. Korrika batean bueltatu da haurra plazara.

Arratsalde hartan bertan, asanblada dute auzoko gazteek eta haietako bat, proposamen berri batekin dator gaurkoan. “Aizue! Eta iturri bat jartzen badiagu Trinian?”, bota du hitz egiten ari zen lagunari hitza kenduta. Barrez hasi dira asanbladako kideak, “baina nola jarriko diagu guk iturria? Hik ba al dakin iturri bat egiten?”, bota dio beste batek, “kuadrillako bat iturgina dek, hark lagunduko ziguk!”.

Hantxe azaldu dira biharamunean gazteak; bihurkina, giltza zabalgarria, mahuka, egokitzaileak, erreduktoreak, egur puska bat, iturburua… Ordubetean prest zegoen iturri berria, kartel eta guzti: “Iturri hau AZGAk jarri du, 2024ko abuztuaren 20an”. Berehala zabaldu zen ahoz aho auzoan kirola egiteko egokiturik dagoen plaza bakarrean iturria zegoela! Nork eta auzoko gazteek jarrita. “Ikusi al duzu iturri berria?”, “Bai, erabat gaztetxeroa da!”, “Ekintza polita! Eta beharrezkoa zena!”.

 

View this post on Instagram

 

A post shared by ???? (@azgazteak)

Arratsalde hartan bertan ez zen futbol partidarik izan plazan, ur pistola eta ur globoz horniturik, dena busti zuten haurrek, haiek goitik behera blai eginda eta plazara hurbiltzen ziren turistak korrika ihesi…

Gutxi iraun zuen pozak, ordea, hurrengo egunean bertan kendu baitzuten iturria udalaren aginduz (berdin egin zuten duela urte batzuk, hainbat gaztek, plaza berean, xiringez lepo zegoen lursail bat garbitu eta Auzo Baratzea egin zutenean).

Haur bat hurbildu zaio ur gerran jolasten ibili zen gazteari: “Non dago iturria?”. “Kendu egin digute!”. “Nork?”, berriro haurra galdezka. “Udalak!”. “Eta zergatik?”. “Guk jarri dugulako!”. Umeak harridura aurpegia jarri du eta begira gelditu zaio, zer esan ez zekiela. Gazteak aurre hartu dio: “Beste bat jarriko dugu?”, begia kliskatuz. Irribarre bihurri batekin erantzun dio haurrak.

Irutxuluko Hitzan argitaratua

Iturri baten ametsa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude