Ingurumenaren ispilu aurrean

Ingurumenaren ispilu aurrean –

Ander Goikoetxea Arana, EH Bilduko Legebiltzarkidea, ERRIA atarian.


Nazio Batuen arabera ingurumenaren zaintza herrien ongizateari eta garapen ekonomikoari eragiten dion gaia da, horregatik izendatu zuten ekainaren 5a Ingurumenaren Mundu Egun bezala. Alta, ingurumenaren gaiari heltzen diogunean ikuspegi globala ezinbestekoa da.

Ingurumenaren ispilu aurrean
Argazkia. Unsplash / César Couto

Munduaren “iparralde” garatuan bizi garenok munduan eskuragarri ditugun baliabideen gehiengoa xahutzen dugu, “hegoalde” pobretuko biztanleen kalterako. Baliabide materialen xahutze honek inpaktua dauka ingurumenean, baina euskaldunok kasu askotan hirugarren herrialdeetan eragiten dugu inpaktu hau. 2019an egin zen EAE-ko lorratz ekologikoaren azterketa. Azterketa honetatik ondorioztatu ahal izan zen EAE-ko biztanleok gure lurrak eman dezakeena halako 2.65 xahutzen dugula.

Datu honek bi ondorio nagusitara eramaten nau batetik ondorengo belaunaldientzat diren baliabideak xurgatzen ari garela eta bestetik gure bizi ereduaren eragina hirugarren batzuek sufritzen dutela gaur egun.

Ispilu aurrean jartzera ausartzen bagara erregai fosilen kontsumo merkean oinarritutako eredu soziekonomiko bat daukagu. Eredu honek klimaren aldaketa gero eta azkarragoa eragiten du, baina horrekin batera hondakinen sorrera jasanezina edo airearen, lurren eta ozeanoen kutsatzea ere badatoz.

«EAE-ko biztanleok gure lurrak eman dezakeena halako 2.65  xahutzen dugu»

Mundu mailako kontsentsu nagusiek argi erakusten digute zein den klima larrialdiari erantzuteko bide orria. Ekonomiaren deskarbonizazioa ezinbestekoa da planetaren berotzea mantsotzeko eta etorkizun batean geldiarazteko. Eremu honetan baliabideen erabilera arrazionalagoa, ekonomia zirkularra, agroekologia, garraio publikoa indartzea, energia efizientzia, kontsumo industrialen elektrifikazioa eta energia berriztagarrien erabilera dira ezinbesteko gakoak.

Europar Hauteskundeen testuinguruan gauden honetan “European Green Deal” delakoaren helburuak ekarri nahi ditut lerrootara. 2050erako klimatikoki neutroak izatea, 2030ean 1990ean baino %55 isuri gutxiago izatea eta 3 bilioi zuhaitz berri landatzea dira plan honen titular nagusiak. Azpitituluetan energia trantsizioa, ozeanoen eta lurreko ekosistemen zaintza, nekazaritza eredu jasangarria, garraio efiziente seguru eta jasangarria edo industria berde eta digitala; ikerketa eta berrikuntzaren, eta finantza sistemaren ezinbesteko bultzadarekin.

Eskuin muturrak eta lobby petroleroek agenda aldarazten ez badute, ingurumen ikuspegi global batetik esperantzagarria da Europar Batasunaren klima politika. Ziurrenik lobby petroleroek agenda hau aldaraziko ez badute ere, badute hau baldintzatzeko gaitasuna. Duela gutxi gure herriko bi enpresa nagusien (Repsol eta Iberdrola) arteko ika-mika horren lekuko.

«Ekonomiaren deskarbonizazioa ezinbestekoa da planetaren berotzea mantsotzeko eta etorkizun batean geldiarazteko»

Hau kontuan izanda ere, ikuspegi ezkertiar eta abertzale batetik ezinbestekoa da politika hauen analisi kritiko bat egitea, baina baita politika horiek gure herrira nola egokitu nahi eta ahal ditugun hausnartzea ere. Nazio burujabe bat ez garen artean, Europatik markatzen diren ildo politikoek eta Estatuek hauek egokitzeko hartzen dituzten erabakiek guztiz baldintzatuko gaituztelako herri bezala.

Ikuspegi ezkertiar batetik klimatikoki neutroa izango den ekonomiarako jauzia nork ordainduko duen hausnartzea dagokigu. Argi dago hidrokarburo merkeen sasoiaren amaieran gaudela, trantsizio honek izango dituen kosteak ezin dute herritarren bizkar soilik erori. Sektore publikoak traktorea izan behar du iraultza honetan eta ezin onartu dezakegu atzerriko inbertsio fondoak eramatea trantsizioaren irabazi gehienak.

Ikuspegi abertzale batetik politika hauek gure herriko sektore estrategikoetan izango duten eragina aztertzea dagokigu. Eraiki nahi dugun nazio burujabeak, independentzia maila bat lortu behar duelako, atzerriko interes eta eragileen guztiz menpekoa ez izateko. Industria, Energia eta Elikadura sektore estrategikoak dira gure herriarentzat. Aldaketa sasoi honetan sektore hauetan jauzi bat eman beharra daukagu:

  • Gure industria lehiakorra izan dadin digitalizazioaren eta deskarbonizazioaren aroan.
  • Inportatutako energia baliabide fosilen erabateko dependentziarekin amaitzeko.
  • Erabateko krisian dagoen lehen sektorea irauli eta tokiko elikadura sistema jasangarri batera jauzia emateko.

Nazio Batuek aipatu bezala gure herriaren ongizatea eta garapen ekonomikoa ingurumenarekin guztiz lotuak daude. Horregatik gure lurraldearen antolaketa modu orekatuan planteatu beharra daukagu, ispiluaren aurrean jarrita, ondorengo belaunaldiei utzi nahi diegun herria zein den hausnartu behar dugu. Euskal Herri askerako bidean ezinbesteko borroka izango delako ingurumenarekin orekan garatuko den gizarte bat.

Ingurumenaren ispilu aurrean  Ingurumenaren ispilu aurrean

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude