Fabula garaikidea

boligrafoa.jpeg
Topo egin zuten behin NASAko astronauta batzuek Sobiet Batasuneko batzuekin. Egia esan behar bada, astronauten arteko giroa beti izan da bikaina, zerikusirik ez daukana haien herrietako buruzagiek edukitzen dituzten kalapitekin. Astronautek badakite, marinelen antzera, elkarren beharretan aurki daitezkeela inoiz edo behin, eta hobe dutela ondo konponduta.
Hala, ba, kaixo eta kaixo esan ondoren, familia zer moduz eta hori guztia galdetu ostean, ipar amerikarretako bat hasi zen mintzatzen azken aldian NASAk egindako aurkikuntzez. Jakina, sekreturik ez zuen kontatu nahi, baina bai, behintzat, komunistei inbidia eragiteko beste.
— Bost urteko ikerketaren ostean lortu dute, azkenean.
— Zer lortu duzue ba? — errusiarretako batek.
— Badakizu, grabitaterik gabe gaudenean kapsulan, batzutan ahoz gora idatzi behar izaten dugula paperean.
— Bai, geu ere halaxe ibiltzen gara sarri.
— Eta, jakina, bolalumaren tintak ez du uzten ahoz gora idazten. Horregatik asmatu dute boligrafo berri bat, tintari gorantz eragiten dion mikromotore bat barnean daukana. Ikaragarria da zenbateko aurrerapena den hori guretzat. Hemendik aurrera ez dugu batere arazorik izango ahoz gora gaudenean ere idatzi ahal izateko.
— Zorionak! —esan zuten errusiarrek aho batez, baina berehala hasi ziren gaia aldatu eta Olinpiadei buruz hizketan.
Astronauta amerikarra harrituta zegoen tresna teknologiko berriak errusiarrak ez zituela batere kitzikatzen ikusitakoan.
— Ez al zaizue iruditzen sekulako asmakizuna? —galdegin zuten.
Eta errusiarrek baietz eta baietz, teknologia oso aurreratua behar zela halako gauza bat, eta halako tresna txiki baten barnean gainera, lortzeko. NASAk bakarrik, eta Estatu Batuetan bakarrik lor zitekeela halako gauza aurreratu bat. Baina berriro hasi ziren Olinpiada kontuekin.
— Ez al dizuegu inbidiarik pizten? —galdegin zuten azkenean amerikarrek.
— Bai, bai, horixe baietz —erantzun zuten kortesia hutsez—, baina gu geurearekin kontent gaude, grabitaterik ez eta ahoz gora idatzi behar izaten dugunean, betikoa erabiltzen dugu guk: arkatza.

061018

Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude