Europaren «gaizkiaren hutsalkeria»

Europaren gaizkiaren hutsalkeria –

Duela urte batzuk, 1970ean hain zuzen ere, «Mediterraneo» egunkari falangistak honakoa idatzi zuen bere azalean: «Turismoak bere neurri guztiak hautsi ditu Espainian», eta, izenburu horren araberako fenomeno ekonomikoaren apologia egiten zuen, hala azalean nola barne-orrietan ere. Dena den, «Espainiako barne-politikan hainbat herrialdek izandako esku-sartzea» gaitzesten zuen azalean ere bai eta, hori zela eta, Espainiak Madrilgo «San Salvador el Grande» deituriko elizan emandako mezaren ondoren Europako hainbat bandera erre zirela jakinarazten zuen egunkari falangistak. Denbora pasatu ondoren, ez dirudi fenomeno turistikoaren loriazko prosa falangista aldatu denik, nahiz eta ordutik urteak igaro diren eta erregimen diktatorialetik ustezko sistema demokratikora pasa omen da Espainia aldean.

Europaren gaizkiaren hutsalkeria
Arg: Sammy-Sander

Bisitarien eta turisten kopuruak gora egiten jarraitzen du, eta Espainian denak pozik daude. Beste gauza askotan bezala, ez dakit Euskal Herrian ere gauza bera gertatzen ote den. Zalantzak ditut, eta uste dut, nire motzean, Espainiaren kasuan ez bezala, euskaldunok gero eta kritikoagoak garela inbaditzen gaituen turismoarekin; izan ere, uste dut hori gero eta nabarmenagoa den inbasioa besterik ez dela.

Falangismoak gorroto zuen Europa dekadentea, baina handik zetorren turismoa onartzen zuen, ez ordea dirurik gabeko Europatik kanpo etorritakoak.

Gaur egun eskuineko Europa zahar hori maite dute, eta (literalki) bisitarien aurrean irekitzen dira, frankismotik turismoa santutzen zuen diskurtsoari jarraituz gure egoera garaikidean.

Halere, lehen kolonialismoa zena turismoa da gaur egun. Bistan da, ordea, eredu horretan ezberdintasunean oinarritutako ekonomiaren garapena dela nagusi, dela aipatu energia sortzeko, baita lan-indarra eskuratzeko moduan edota turismoaren ustiaketa dela medio.

Turismoa industria garrantzitsu bihurtu da dagoeneko, baina. mugikortasunaren gaiarekin lotura zuzena duenez oso kutsakorra da eta industria gisa sustatzeak kalte handia dakar objektiboki. Subjektiboki, gainera, norberak bere errealitatera itzulita, turismoaren gainetik eta kontsumismoaren azpitik bidean sentitutakoa berreskuratzeko garaian turismoaren begirada are kaltetuagoa suertatzen zaigu. Izan ere, pentsatzen genuen masa-turismoa zela udako albistegietan ikusten zena, guri eragiten ez zigun urruneko albiste asko bezala baina «Veneziako sindromeak» frogatu du jadanik turismoaren eragin suntsitzailea eta tokian-tokiko biztanleriarentzat galera besterik ez dakarrela.

Edozein moduan ere, turistaren begiradak dakarren degradazio subjektiboa da, agian, fenomeno horretan gutxien ikertu den alderdia. Edertasuna sentitzeko ezintasun progresiboa, bizitzaren bulgarizazioa eta esperientziaren banalizazioa desagertu egiten dira gai horri buruzko eztabaidarako erabiltzen diren datu kuantitatiboen aurrean, eta, Europaren kasuan bezala, horrela ezkutatzen da, Hannah Arendtek esango lukeen eran, «gaizkiaren hutsalkeria».

NAIZ-en argitaratua

Europaren gaizkiaren hutsalkeria

Idazlea. EHU-n eta UEU-n irakasle.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude