Eusko Alkartasuna, requiescat… in pace?

EA

Bistakoa da erdi bitan zatituta egon dela, gutxienez, azken urteetan Eusko Alkartasuna. Kongresua egin izan duen azkenetan, oso gutxigatik irabazi izan dio aldeetako batek besteari. Ondorioz, eta kanpotik begiratuta, badira hiru gauza EAn oso nabari ikusi ditugunak.

Lehena da oso gutxigatik galdu izan duen zatiko ordezkaririk ez dela onartu izan Zuzendaritza Nazionalean. Gutxigatik bada ere irabazteak ematen duen zilegitasunarekin, militantziaren ia erdiak ez du ukan ahotsik alderdiaren erabaki nagusietan, ez Begoña Errastirekin, ez Unai Ziarretarekin. Purgak purga, disidente moduan hartuak izan dira kritikoak, EAk ez du jakin izan indarrak metatzen. Aitzitik, itxura batean, esker txarreko agertu izan da beste garai batzuetan gidari eredugarri izandakoekin.

Bigarrena da, gauzak horrela izanik ere, Gipuzkoako adarra ezin izan duela Zuzendaritza Nazionalak ixilik gorde. Iñaki Galdos buru duen zatiak, beti esan izan du, onartu onartzen dituela Zuzendaritzaren erabakiak, baina ez daudela konforme. Askotan gertatu da hori, dela Gipuzkoako Diputazioaren eraketaren garaian, dela azken Greba Orokorraren inguruan eta beste hainbat erabakirekin ere bai. Zarata eta mesfidantzazko itzala eman du EAk. Hala ere, azkenean kontu baten inguruko desadostasunean ardaztuta dagoen irudia nagusitu da: EAJrekin batera joan ala ez joan hauteskundeetan.

Hirugarren kontua da, esandako guztiak horrela izanik ere, taifas erreinu txiki baten antzirudira jokatu duela EAk. Nork ez du entzuna, azkenean Karlos Garaikoetxea zela alderdi honetan benetan agintzen zuena, eta harekiko hurbiltasun pertsonalak pisu handia zuela alderdiko ardurak banatzeko orduan?

Galdosek orain dio, abertzaletasun historiko eta instituzionalaren alde egingo dutela Gipuzkoako militanteek, EAJrekin lankidetza iraunkorra bilatuz. Albo batera utziko dutela polo subiranistaren balizko aukera. Euren ustez, polo honen helburuetako bat, hain juxtu, abertzaletasun historikoa ahultzea ei da eta. Baina badirudi contradictio in terminis bat dagoela hemen, ezen azken hauteskudeetan ezer gertatu izan ez balitz bezala jokatu nahi baita, instituzioak galdu berri dituen alderdiarekin ezkonduz.

Galdosen ikuspegiak beti galdu du kongresuetan, eta berak eginiko pronostikoa gauzatu da ondoren: alderdiaren gainbehera. Orain duen argumentu bakarra horixe du, berak esaten zuena egin izan balitz, alderdia ez zatekeela egongo hain behera etorria. Horixe du kreditua, balizko kreditua, ezin baita jakin zer gertatuko zen benetan berak proposatutako bidea aurrera irten izan balitz. Baina horiexek ditu karta bakarrak, itxura batean, bederen.

Alabaina, gauza bat da segurra, Galdosek badaki euskal alderdien atomizazioaren erdian, zaila leukakeela alderdi berri batekin aurrera egiten. Zaila leukakeela Gipuzkoa ez den beste lurralde batean militantzia aski topatzeko ere. Zergatik, orduan, alderdi berri bat sortzeko hordago hau?

San Juanak baino lehenagoko kongresua aurrez baldintzatu nahi al du, sekula eman ez zaion arreta eskain diezaioten? Polo subiranistaren balizko prozesuan ez du lekurik ikusten beretzat eta bereentzat? EAJn erabat integratu baino lehenago, alfonbratxoa nahi du bidea gozatze aldera…?

Finean, helburua  independentzia baldin badada, ez dirudi Galdosen aukerak horrantzako indarrak batzera egiten duenik, nahiz eta bide instituzionalistaren diskurtsoak dialektikarako balio izan.

Dioena gauzatzen bada eta Gipuzkoako EAk beste alderdi bat egiten badu, azken zaztada izan daiteke EArentzat, baina baita Galdosek ordezkatzen duen bidearentzat berarentzat ere, jakin behar bailuke EAJren altzora itzultzea baizik ez zaiola geratzen eta han, EAJn, ez diotela kilkerrarena egiten utziko. Ezingo duela ibili pareta gaineko oilarra bezala kokorikoka. Jeltzaleek ere bai baitute galtza bete lan Ibarretxeren oinorde politikoa zein izango den erabakitzen, eta huskeria da Galdosena eta EArena, halako arazo potolo baten aldean.

EA, Galdos, politika
Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Zer duzu buruan “Eusko Alkartasuna, requiescat… in pace?”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude