Desadostasun artifizialak

Desadostasun artifizialak –

Txillardegi eta Ereño (III)

Bai Txillardegik eta bai Ereñok gartsuki adierazi zituzten beren arteko desadostasunak. Dena den, oinarrizko ideia askotan ados egon arren, batzuetan, polemikaren fabore, artifizialki behar dira desadostasunak sortu, arerioaren esanak apur bat bihurritu behar badira ere, eztabaidaren ikuskizuna itzaliko ez bada. Horrelaxe ibili ziren Txillardegi eta Ereño ere.

Ereñoren aldetik

Desadostasun artifizialak1. Marxisten ustez, herriaren ispilua da hizkuntza. Aldiz, Ereñok dioenez, alderantziz gertatzen da Txillardegirentzat; alegia, hizkuntzaren ispilua dela herria, hizkuntzak beste barik sortzen baitu mundu-ikuskera, automatikoki. Gizarteari eta historiari ezikusia egitea gaitzesten du Ereñok, hizkuntzatasun hutsean kontzentratzea.[1]

Hori ez da inondik inora Txillardegiren kasua, ez gogoetan ez ekintzetan. Sekula ez zuen idatzi hizkuntzak mundu-ikuskera automatikoki sortzen duela, eta bistakoa zitzaion hizkuntza gizartean bizi den izaki historikoa dela. Beti piztu zion jakin-mina euskararen historiak, eta euskara gizartera eramateko lagundu zuen —modu erabakigarrian— euskara batua sortzen.

2. Etengabe leporatzen dio Ereñok Txillardegiri hizkuntzek ez dutela logikarik esatea[2], baina Txillardegik dioena da hizkuntza guztiek ez dutela Logika bera, baizik eta bakoitzak berea; hain zuzen, Ereñok eta marxistek uste dutena. Horri loturik errepikatzen du Ereñok Txillardegik zeharo ukatzen duela itzulpenaren aukera, baina Txillardegik “Hizkuntza eta pentsakera” artikuluan «ez dago hitzez hitz itzultzerik» idatzi zuen. Ez da gauza bera.

3. Ereñorentzat, aurkakoak dira dialektika eta estrukturalismoa. Dogmatismo antidialektikotzat dauka estrukturalismoa[3], sinkronia estatikoa baitarabil hizkuntzaren fenomenoa ulertzeko, diakroniaren eta dinamika historikoaren ordez.

Ereñoren esanetan, marxismoak ez die estrukturei ezikusia egiten, baina ez dira gauza bera estrukturak eta estrukturalismoa. Materialismo dialektikoaren arabera, estrukturak ezin dira finkoak eta geldiak izan, beti berberak, aldaketarik gabe; aitzitik, estrukturek ere aldaketak dauzkate, bilakaerak. Estrukturetako aldaketak geldiak edo bizkorrak ote diren, kasurik kasu aztertu beharko, baina inoiz ez dago oreka estruktural eternorik.[4] Edozelan ere, Txillardegik egundo ez zituen baztertu ez diakronia ez historia, eta inoiz ez zuen eternaltasun linguistiko hori aldarrikatu.

.

Txillardegiren aldetik 

1. Txillardegik komunistei leporatzen die nazio-arazoa ukatzea eta hizkuntzaren garrantzia gutxiestea: ez ei da gainegitura baizik. Brankan dioenez, Euskal Herrian ezkerraz nagusitzen ari diren sasi-ezkertiarren ustetan, «herririk ez dago, klaseak daude soilik. Hizkuntzen gorabeherak kapitalistek asmatutako sasi-problemak dira».[5]

Haserretu egin zuten Ereño komunista euskaltzalea Txillardegiren hitz horiek. Ereñoren esanetan, Txillardegiren asmakeria da komunistentzat ez dagoela herririk. Alderdi komunistek beti hartu ei dituzte oso kontuan nazio-arazoak. Langileriaren eta herriaren alderdia da Alderdi Komunista, alderdirik nazionalena. Langileen klasea da nazioaren bizkarrezurra, eta nabarmena da hori Euskal Herrian. Alderdi Komunistak sortu zenez geroztik egin du Euskadiren eskubide nazionalen alde. Eta eskubide horien artean dago euskararen eta euskal kultura nazional osoaren defentsa eta garapena. Engelsen hitzetan, gizateriaren ondasun kulturala osatzen dute hizkuntzek.[6]

Ereñoren iritziz, kontraste itzela egiten du Marxen eta Engelsen argitasun zientifikoak Txillardegiren solipsismo irrazional ilunarekin, ezin erreakzionarioagoa.[7]

2. Hizkuntzen eboluzionismoa aldeztea ere egozten die Txillardegik komunistei: hizkuntza berez aurreratuagoak leudeke, egituraz hobeak, eta beste batzuk kaxkarragoak, logika-lerro bakar batean segida bereko kate-begiak balira bezala.[8] Ordea, hitzez hitz dio Ereñok estruktura linguistikoetatik kanpoko kausek egokitzen dutela hizkuntza bizi den gizartera, produktu filogenetikoa baita hizkuntza, giza eboluzioaren eta gizarte-praktikaren produktua. Estrukturak aztertuz eta alderatuz gero, ez dago goi-mailako eta behe-mailako hizkuntzarik.[9]

.


[1] “El solipsismo lingüístico”, 307. or.

[2] Ibidem, 292. or.

[3] Ibidem, 304. or.

[4] Ibidem, 305. or.

[5] Euskararen aldeko borrokan, 69. or.

[6] “El solipsismo lingüístico”, 284. or.

[7] Ibidem

[8] Hizkuntza eta pentsakera, 53-54. orr.

[9] “El solipsismo lingüístico”, 300-301. orr.

Desadostasun artifizialak

Zer duzu buruan “Desadostasun artifizialak”-ri buruz

  • Inn Luzuriagaren Profeta eta Proteusi buruz.

    Profeta eta Proteus idazkiengatik eskerrak eman nahi nizkion Inn Luzuriagari, baina itxuraz amaitua da iruzkinak zuzenean egiteko aukera; beraz, hemendik. Mila esker, Inn, Von Neumannen arrastoan jartzeagatik. Leibnizen buru mota harrigarria dakar gogora hungariarrak: etengabe asmatzen zituen planak eta proiektuak, ukitzen zuen guztia iraultzen zuen. Nobela izugarria iruditu zait Benjamin Labatuten The Maniac, itzela da zientzia eta literatura ganoraz lotzen direnean lor daitekeena. Aparta halaber Ananyo Bhattacharya-ren biografia, The Man from the Future: the Visionary Life of John von Neumann. Logikaren eta matematikaren bitartez, gizakiak sortutako makinetan orain arte bizidunen esklusiboa izan den eboluzioa sartzea, adimen artifizialek beren burua erreplikatzeko eta hazteko eta ugaltzeko aukera… zaila da Von Neumannen eraginez etorriko den mundua irudikatzea, itxaropentsuak bezain kezkagarriak zabaltzen dituen aukerak. Agian, kontuan hartuta zer gizaki molde jabetzen ohi den botereaz, kezkagarriagoak itxaropentsuak baino.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude