Argentina-Bolibia-Argentina bidaia taupadak (XXXIV-XXXIX)

XXXIV

Lanean opor egunak amesten dira: despertadore gabeko goizak, presarik gabeko ilunabarrak. Opor egunetan aspertzen ahaztu zaigula berrikasi behar dugu eta desiratutako bazkari pasa koipetsuak eta postre gozoak aski ez direla antsiatutako zoriona lortzeko. Gaur bezala. Jujuytk Tilcara herrira igo gara 2000 metrotara: herri ondare historikoduna, mendi eta inguru galaiakā€¦ Baina bazkalostean zer egin jakin gabe opor egun desiratu horietako batean. Bolivia salbazio, bihar iritsiko gara.

XXXV

La Quiaca herrira heldu gara. Argentinako mugako azken herrira. Igual igo ditugu 2.000 metro autobusean kolpera. Paisaia mortua, harroa, lokatzezkoa. Eta parez pare dugu Boliviako lehen herria: Villazon.
Muga ibai batek bereizten du eta zain gaude ilara luzean Bolivian sortu eta Argentinan bizi den senar-emazte batekin Argentinaz hizketan.

La Quiaca-ko mugan cc-by:javierpsilocybin
La Quiaca-ko mugan cc-by:javierpsilocybin

Azken urteetan egoera ekonomikoak behera egin duela dio senarrak. Diktadura garaiak izan omen ziren onak: autopistak egin eta industria berpiztu zenekoa.
Ni mutu Galeanoren liburua besapean. Sinestuta diktadura hura eta hura bezalakoengatik daudela Argentina eta beste leku asko miserian. Baita arlo intelektualean ere.

XXXVI

20an. Uztailaren 20an zapaldu dugu Boliviako lurra estrainekoz. Azkenean. Ez gara belaunikatu musu ematera, haizeak musuratu dizkigu hauts eta lurrak gupida gabe.
Griperik bagenuen edo ez jakiteko medikuarenetik pasa behar omen genuen lehenbizi. Eta han pasa gara eta entzun ditugu aholku zenbait, gripeari nola aurre egin jakiteko. Eta ondoren beste paperen bat betetan eman digute sartzeko baimena.
Bolivian gaude azkenean. Seilu bat irabazi dugu eta neguko txaketa lodi bat galdu haizeak eramanda. Visa txartela ere izorratu zaigu. Eta hori gauza serioa da. Baina Bolivian gaude eta Uyunira joateko trena hartzen saiatuko gara. Nola edo hala.

XXXVII

Trenean 10 ordu egin ditugu Villazonetik Uyunira. Amaiezinak denak. 15:30etan atera da trena eta ilundu bitartean inguruaren lekuko mutuak izan gara. Eta ilundu duenean zeharkatzen ari garen lurrak imaginatu ditugu trenak argitzen zituen mugak tentatuta. Argiak, sarri, erakusten duena baino askoz gehiago ezkutatzen du.

XXXVIII

Erik izena zuen. Trenean ezagutu genuen. 19 urte. Ekonomia ikastera zihoan Oruro hiriburura bere herriskatik. Baina berak militar izan nahi omen zuen: sarjento. Zergatia galdetu genion; boterea erantzun zigun. Armek boterea ematen baitute visaren indarrik ez dutenentzat.
Eta hala ere, ezin omen zuen militar izan. Garestua delako. Astezkerta bat gainditu behar delako 3.000 boliviano ordainduta. Guk bi ordu lehenago kajero automatikotik atera genuen diru kopuru bera ordainduta alegia.

XXXIX

Hotza. Hezurretarainokoa. Ikutzerainokoa. Eta haizea kalean. Bakarrik. Gu Inti izeneko hotelean Uyunin, Bolivian. Baina eguzkitik, intitik, eguzkiaren berotik gutxi du hotel honek. Ura berotu ezin, berogailurik ez.
Argia. Energia deitzen diote hemen. Argirik ez dago herri osoan. No hay energia. Noiz arte? Ez dakite. Egun bat, bi, hiru.

Buenos Airesetik Boliviako Uyuni herrira iristen lau egun pasa ditugu eta 3.000 metrotatik gora gaude. Bidaiarekin nekatuta gaude. Eta izotzezko siestaren ondotik hitz izoztuak datorzkigu. Asmatu ezinik intia desagertzea zein eguzkik egingo digun argi eta emango beroa iluntzean.

argentina, bidaia, bolibia, taupadak

La terre est bleue comme une orange

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude