Ama, zer da Egunkaria?

Nik, orduan, hamar urte besterik ez nituen. Antiguon bildu ginen gurasoen lagunekin, milaka pertsona genituen inguruan. Oinez, mantxo-mantxo, handik atera eta masa baten antzera Kontxako Badia zeharkatu genuen, Donostiako Erdiguneraino. Ozen eta tinko oihukatzen ziren eskaerez eta leloez oroitzen naiz. Ondotxo gogoratzen ditut ere jantzita neraman beroki urdinean geratu ziren pegatinaren arrastoak. “Egunaria aurrera!” Ama, zer da Egunkaria? Eta zer gertatu zaio? Eta zergatik gaude hemen? Eta zergatik horrenbeste oihu?

Ez nuen tutik ere ulertzen, nire ikusmena ez zijoan marrazki bizidunekiko interesa baino askoz haratago. Nekatuta nengoen hainbeste ibiltzeaz, etxera itzuli nahi nuen. Amaren erantzunak, ordea, oraindik dezente falta zela adierazi zidan. Hemen gaude hemen egon behar dugulako. Eztabaidaezina zen, han jarraitzea zelako gure zeregina, han jarraitzea zelako ongi zegoena. Tamalez, umeek ez diote beti ongiari so egiten.

Denborarekin, haatik, sarritan entzun izan dut zerbait Euskaldunon Egunkariari buruz. Kuriositateak informazioa eskuratu nahi izatera eraman ninduen aspaldi eta gurasoei zein irakasleei galdetzeari ez ezik, interneteko datu-baseetan bilatzeari ekin nion. Toki askotan ETA, terrorismoa, kartzela eta tortura bezalako hitzak aurkitu nituen. Aldiz, prentsa-askatasunaren ukapena eta injustizia aurkitzeko, ikerketa sakonagoa beharrezkoa zen.

Unibertsitatean sartzean, kazetaritzari loturiko ikasgaiak zeudela ikusita, gaian sakontzea espero nuen. Jatorria, zergatia, protagonistak, ondorioak edo behintzat laburpena ezagutzea, profesionalen ahotik. SESBen egon zen zentsuraz eta gobernuaren kontrolaz asko entzun dut, baina Euskal Herrian gertatutakoa ez du inork aipatu ere egin. Erraza da urrutikoa kritikatzea hemengoa salatzeko gai ere ez garenean. Zaila dela dirudi, berriz, katedra-askatasunaz baliatzea. Edo zaila da, agian, gertutik bizi izandakoa objektibotasun osoz azaltzeko gai izatea.

Hamar urterekin ulertzen ez nuena ulertzen dut orain, han geunden han behar genuelako egon, besterik gabe.

HITZ ARTEAN GALDUTA - Banago, beraz, existitzen naiz...