96 urte

Agertu ziren garaian irakurri nituen Iñaki De Juanak argitaratu zituen gutunak. Hainbat informazio eta iritziren zurrunbiloan joan ziren haiek harraskako zulotik behera. Eta gaur galdetzen diot ene buruari, zer utzi zuten bi gutun haiek nigan? Zein zen gutun haiek hedatzen zuten toxina ikaragarria?
Buruan geratzen zaidan bakarra zantzu arin bat da, ikusi arren, ahazten den film batean bezala. Oroitzen dudana zera da, irmo ageri zela De Juana bere konbikzioetan, borrokara eraman zuten korapiloek askatu gabe jarraitzen dutela esaten zuela. Oroitzen naiz, halaber, aski ongi artikulatuak zeudela idatzi haiek eta iruditzen zutela ezin zirela izan hedabideetan aurkezten ziguten munstro ankerrak idatzitakoak. Horixe da oroitzen dudan guztia eta bakarra.
Eta jartzen naiz pentsatzen horregatik 96 urteko zigor kartzela merezi ote duen inork. Gainera, Justiziaren izenean eta lehendik ere bizitza erdia kartzelan daroan norbaiten kasua izanda. Izango da nire begiak eta ulermena guztiz inozoak direla eta argi handiagoz irakurtzen dakiela jendeak.
Nahiz eta bere lerroetan zehatz esan ez, jo dezagun bateren batek uste duela De Juanak ez duela borroka armatua uzteko asmorik batere. Jo dezagun, halaber, hainbeste urtetako kartzelaren esperientziak ematen duen gorrotoa gehitu zaiela De Juanak borrokarako dituen arrazoi politikoei. Jo dezagun, gizartean txertatu ordez, benetako munstro bilakatu duela kartzelak Iñaki De Juana. Jar gaitezen kasurik txarrenean.
Eta zer? Iñaki de Juanak beteta du bere zigorra eta kalean behar du. Poliziak baditu bideak jendea zorrozki zaintzeko eta soilik izan daiteke epaitua berriz ere delituak egiten baditu. Benetan egiten baditu eta ez delituak egin nahi dituelako. Ezen bota dezala lehenengo harria delituren bat, izugarrikeriaren bat buruan bueltaka sekula eduki ez duenak. Dena delako delitua, politikoa edo bestelakoa.
Pentsamendu eta uste txarrak, mundu guztiak ditu hemen, izan kolore bateko edo besteko. Bulegoko nagusiaren etxea erretzea, arratsero moto burrunbatsuan pasatzen den gazte eroari tranpa bat jartzea… Arerio politikoa, auzoa, lagun ohia… nork ez du buruan eduki sekula?
Pentsatzea libre da, baina horrek ez du zertan inor kartzelara eraman behar, ezen gauza bi eta oso desberdin baitira asmoa edukitzea eta egitea. Oso desberdinak eta tarte handikoak.
Are gutxiago norberaren iritzia plazaratze hutsagatik. Hori aski arrazoi balitz, hamaika dira De Juana baino lehen giltzaperatu behar liratekeenak. Egunero ditugu adibideak ehunka, egunkari, irrati, telebista, kalean bertan. De Juanari gertatzen ari zaion izugarrikeriak soilik erakusten du, Justizia dela hemen preso dagoena. Eta menpe dela, bidegabekeriaren zerbitzura osoro jarrita. Eta beraren mirabe eta aldi berean nagusi direla epaileak, Justiziaren ordez, iritzi mota baten gurtzaile alaenak.
Hasier Etxeberria El Mundo 060907

Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude