Independentzia zezenentzat

Independentzia zezenentzat –

Zein pozik dauden batzuk Kataluniako independentziaren aldeko sentimendua apaldu delakoan. Gainera Euskadiko azken hauteskundeen kanpainan gaia ia ez zen aipatu, eta Europakoetan azaldu ere ez. Baina hara non etorri diren Beloradoko mojak barealdia hondatzera eta eurak Erromatik independente nahi dutela izan. Eliza beti bide erdian oztopoak jartzen. Errematea Kaledonia Berrian jarri dute, kanakek Macronen jokaldiari aurre egin diotelarik.

Independentzia zezenentzat
Arg: clarencealford

Espainiako estatuan tradizio luzea dago independentziaren kontu honi begirada teologikoa eskaintzen. Jainkoak mundua sortu zuenean Espainia bat eta bakarra lotu omen zuen. Eta Jainkoaren ordezko sentitu dira arlo honetan Errege Katolikoekin hasi, Calvo Sotelotik pasa, Antes una España roja que rota, Franco, Abascal eta mariatxiak. Taldeko kantari nagusia honela aritzen da pozarren: Con dinero y más dinero, yo hago siempre lo que quiero y mi palabra es la ley… No tengo trono ni reina, ni nadie que me comprenda, pero sigo siendo el rey. Independentziari kantatzen diote, baina soilik eurenari. Mugen barruan bururatu ere ez mugitzea.

Milei lehoi txotxoloak ere independentzia aldarrikatzen du: ¡Libertad, carajo! Gezurretako independentzia eta libertatea noski. Lotsagarria da horrelako arranpaloak munduan hartzen ari diren indar eta boterea. Eta Espainian boto gehien dituen alderdi politikoa haiekin elkartzea beldurgarria da. Gertatu izan da lehenago eta ondorioa beti berdina izan da: horrelakoek botere politikoari helduz gero, denok arriskuan.

Lotsagarria baina ulergarria. Jendarte mozoloa sortzen utzi dugu. Propagandatik eta publizitatetik hasita, izugarrizko (bai, izua eragitekoak) dirutzak gastatu dira, horiei esker dirutza izugarriagoak bildu dituztenek are dirutza handiagoak batzeko eta izugarrizko babokeriak irentsarazteko. Edozein telebista katetan kolonia ur batzuen iragarkiak ikustea nahikoa da. Eta onartu dugu diruaren ekonomia dela munduaren motorra, bestelako motorrik ez balegoen: sentimenduena, harremanetakoa, Naturarena, bizia eta bizitza ulertzeko moduena…

Ni independentziazalea naiz. Bizitzako alor guztietan eta euskal politikan ere bai… neurrian. Independentziazale baldintzatua, alegia. Bizitzan independentzia lortzea bide malkartsua da, alboetan amildegiak dituena. Bide horiek inork zabaldu ditu, ibili, seinaleak jarri… alegia ez da erabateko independentzia. Dependentzia, itxuraz, errazagoa da, gailurrerako funikularra jartzen baitu. Baina, epe motzean, erpinean dagoenak ordainketa eskatzen du.

Independentziaren aldeko hautua sentimenduaren eragina da, inposatutako gehiegizko dependentziak sortua. Komeni zaigu sentimendua, amorrazioarena bereziki, alde batera uztea eta, hotzean, zein independentzia nahi dugun zehazten hastea.

Nik, politikan esaterako, nahi nuke Europako hauteskundeetan barruti bakarra Euskal Herria duen antolamenduan bizi. Eta, bostehun urteren ondoren, euskaldunon hizkuntzari kalte egingo ez dion botere judizial-administratiboa. Armadarik ez nuke nahi Euskal Herri horretan. Ez litzaidake inportako, izatea beste aukerarik ez badago, konpartitzea beste estatu batekin. Eta solidario izan nahi nuke Espainiako inguru pobreagoekin, kale ertzean eskale dagoenarekin, hona etorri diren etorkinekin, munduko bazterrik galduenean bizi direnekin… Baita Confebaskek ekarri nahi dituen 400.000 langile horiekin ere. Ez legoke gaizki gogoan izatea langile horiek ez dutela soilik zertan izan espainiar edo latinoamerikar. Marokoar, maliar, kazakhstandar edo kanak ere izan litezke. Eta eskaini behar zaien irakaskuntzan makinak erabiltzearekin batera, erakustea hemen euskaldun komunitatea bizi dela eta atseginez hartuko dituela besoak zabalik. Besteetan egin izan den bezala.

Harrigarria da nolakoak garen euskaldunok: hainbeste urte gaztelaniaren dependentzian eta oraindik batzuk tematuta gaude euskaraz hitz egiten, idazten eta bizitzen. Nork esan du zezenketen kontua ez dela euskal kultura? Zezenengandik hartu baitugu izateko modu hori: zigorrarekin hazi egiten gara. Horregatik mesedea eskertu behar diegu eta piztia eder horien heriotza ez ikuskari bihurtu. Independentzia zezenentzatcarajo!

Independentzia zezenentzat  Independentzia zezenentzat

Piter. Edo Mirri. Txistularia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude