Iragarkirik gabeko telebista

Telebista, by dailyinvention, Flickr
Telebista, by dailyinvention, Flickr

Pazientzia handia behar da telebistan film bat ikusteko, berezko iraupena kasik bikoiztu egiten baita iragarkien erruz. Zenbatetan hasi ote gara programa edo film bat ikusten, eta publizitate tarte batean erlojuari begiratu eta biharamunekoak gogoan ohera joan, amaierarik jakin gabe. Antza TVEn ez zaigu berriz halakorik gertatuko irailetik aurrera ez baita publizitate kontratu berririk egingo. Urte amaiera arte dituzten konpromisoak, ordea, beteko dituzte. Halere, ez ote gaude iragarkiekin bizitzera ohituegiak? Noiz joango gara komunera? Edo noiz hurbilduko gara hozkailura jateko zerbaiten bila?

Eztabaida sortu duena, hala ere, ez da maskubiak hustutzeko tarterik ez izatea. Baditu erabaki honek hainbat aurpegi ilun. Telekomunikazioko operadore pribatuen, telebista kate pribatuen eta ordaineko telebista kateen bitartez lortu nahi du gobernuak egun publizitateak ematen dizkion 700 milioi euroak. Guztiak, neurri berriaren aurka agertu dira segituan eta gobernuak eskatzen dien irabazien portzentaia, ez daude nola hala emateko prest.

Evelina Fernandez senatari sozialistaren esanetan independentzia ekonomikoa lortuko du TVEk lege honi esker. Egun komunikabide guztiak bizi dira publizitateari esker, ez baitira “berez” errentagarriak. Horrek iragarkiak jartzen dituzten enpresekiko dependentzia dakar ezinbestean eta sozialistek lege honekin hori ekidin nahi dutela diote. Ikusleak oraingoz lasai jarraitzeko arrazoiak baditugu, gure poltsikoetatik orain arteko kopuru bera jasoko baitu TVEk. 2009an 555 milioi euroko partida jaso zuen eta oraingoz berdin mantenduko dela diote.

Horrez gain ordea, badira beste hainbat arazo, finantziazio modeloa aldatzeak edukietan ere eragina izango baitu. Eduki lehiakorrenak mugatu egingo baitira, TVEren aurrekontua ez baita telebista kate pribatuen pareko izango. Zinema ekoizleak ez daude antza gustora aldaketarekin. Telebista kateak zineman %5a inbertitzera behartuak daude, baina lege berriarekin, %5 horretan telesailak sartuko dituzte eta ondorioz, filmetan eginiko inbertsia, desagertu egingo dela uste dute.

Lege honen bideak Goenkale baino “kulebroi” handiagoa dirudi, gauza asko baitira oraindik ilunpean. Guk bitartean, komunera joateko tarteak nola erabakiko ditugun pentsatzen jarraitzen dugu, lehen filmen amaiera galtzen bagenuen orain filma ulertzeko gakoak galdu baititzakegu une okerra hautatuz gero.

Gainera, iragarkiak burua matxakatu gabe telebista ikustearen truke, emititutakoaren kalitatea jeistea badakar (posible bada) neurriak ez dirudi askorako balio duenik.

publizitatea, TVE

Kazetaria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude