Domekan, sukaldera

onenean dago oraintxe berdela

BERDELA LABEAN

Berdel eder bat edo bi ertain, 4 lagunentzat, ezkata, alboko hezur eta errairik gabe
Baso erdi bat ardo zuri
6 koilarakada oliba olio
4 baratxuri ale, xerratan moztuak
3 koilarakada sagardo-ozpin
Perrexil pikatua
Gatza

Gatza eman eta labeko erretilu batean paratuko dugu berdela. Ardo zuria eta oliba olio pixka bat isuriko dugu ondoren. Aldez aurretik 180┬║-tan berotutako labean sartuko dugu berdela, eta hantxe edukiko dugu 25 bat minutuan. Arrainaren zukuaz garaztatuko dugu aldiro-aldiro, alde mamitsuak erdiko hezurretik aise askatzeko moduan daudela ikusi arte. Heze egongo da beti erretiluaren hondoa, eta ura erantsiko dugu ardoa lurruntzen bada. Egizu kontu kilo bakoitzeko15 bat minutu egin behar dituela arrainak labean.
Bukaera aldean, berdela ia egin denean, zartagin batean olioa su bizian berotu eta baratxuri xerrak gorrituko ditugu hartan. Txigortu direnean, sagardo-ozpina eta arrain errearen zukuaren parte bat gaineratu eta irakiten edukiko dugu guztia segundo batzuetan. Erne zipriztinekin! Perrexila erantsi eta baratxuri-olio hori garaztatuko dugu erretiluan bitan irekia izango dugun berdelaren gainean. Berehala zerbitzatu, ahal bada, uraza edo letxuga eta tipulina entsalada bizi bat ondoan duela.

(Labean erreta baino, beste modu batera sukaldatu nahi baduzu, hara hemen beste sei aukera)

Datorren domekarako, erosi potxa batzuk. Geuk esango dizugu nola prestatu.

berdela, errezetak, gastronomia
Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude