Leku Hori (Emakumeak zientzian)
Leku Hori (Emakumeak zientzian)
EHUko Kultura Zientifikoko Katedrak aurkeztua, etorkizunari optimismoz begiratzen dion salaketa bideoa duzue honako hau, “Leku hori”:
“Emakumea eta neskatoa zientzian” Nazioarteko Eguna ei da gaur, otsailak 11, eta Zientzia Kaieran agerkarian “Gaur zientziaren arloko emakume eta neskatoen eguna da, egunero bezala” idatzi du EHUko errektore izandakoak.
Fisiologiako katedradunak dioenez, “emakume oso gutxik erabaki ohi dute zientziarekin eta teknologiarekin lotutako karrerak ikastea. Eta, oro har, zientziaren munduan emakumeak ez dira ailegatzen gizonek bereganatzen dituzten hierarkia eta ardura mailetara”.
“Fenomeno horrek askotariko ondorioak dakartza: emakumeek proportzio apalagoa dute karrera jakin batzuetan; emakume katedradun gutxiago, ikertzaile nagusiak diren emakume gutxiago eta ikerketa zentroetako emakume zuzendari gutxiago dago; emakume gutxiagok dituzte ardura handiko lanpostuak; eta emakume gutxiagok jasotzen dituzte Nobel saria edota bestelako sari batzuk”.
“Emakumeek ez dauzkate gizonen aukera berberak zientziaren cursus honorum delakoan. Desberdinkeria horren kausak denetarikoak dira, eta, neurri handi batean, estereotipoen eraginean dute jatorria; izan ere, estereotipoen arabera, lan jakin batzuk emakumeei dagozkie, eta beste batzuk ez. Desberdinkeria horiek, baina, ez dute inolako funtsik, ez eta zuribiderik ere. Gainera, kaltegarriak dira, lehenik eta behin emakumeentzat, beren burua profesionalki zein pertsonalki garatzeko aukerak galtzen baitituzte, eta horrexegatik dira zeharo bidegabeak. Bigarrenik, kalte egiten diote gizarte osoari, balio handiko pertsonen ekarpenez gabetzen dutelako; izan ere, emakumeei, sotilki edo ez hain sotilki, mugatu egiten zaie ekarpen handiak egin ahalko lituzketen postuak lortzeko aukera”.