Aintzatespen adierazpena

Euskaldunon oroimena berreskuratu, euskarari etorkizuna errazteko

 

Aldundia2222.pgn

 

Egia

Euskara Euskal Herriko berezko hizkuntza da eta herri gisa bereizten gaitu. Asimilazio eta
ordezkapen prozesu luze eta dinamiko baten ondorioz, euskararen hizkuntza komunitatea
ez-osoa da, desegituratuta dago, eta euskara auzo hizkuntzekiko egoera asimetrikoan
aurkitzen da. Munduan arriskuan diren hizkuntzen Unescoren Atlasaren arabera, euskara
hizkuntza gutxitua eta zaurgarria da bere lurraldean.
Euskarak atzerakada eta galera handiak izan ditu hedatuta dagoen lurralde eremuan eta
erabilera funtzio sozialetan, euskaldunok pairatu dugun jazarpen linguistikoaren eraginez.
Euskal hiztunen komunitateak asimilazio kulturala eta linguistikoa sufritu ditu, euskaraz
bizitzeko debekuak, oztopoak eta trabak ezarri dira, eta euskaldunonganako gutxiespena eta
ezikusia izan dira. Alienazioa, deserrotzea edota kultur deslotura, egoera horren sintomak dira.
Egun, oraindik, badira hamaika traba euskaraz bizitzeko.
Era berean, euskarari bizirik eusteko determinazioa erakutsi du herri honek, euskara biziaren
alde eginez, belaunaldi berriei euskara helaraziz, euskara ikasiz eta erabiliz, euskararen
normalizazioan egindako aurrerapausoen protagonista bilakatuz.

Oroimena

Euskal Herrian asko hitz egin da hizkuntza normalizazioaz, baina duela gutxi arte, idatzi gabe
zegoen oraindik euskal hiztunen kontakizuna: euskararen kontura izan dituzten pozak, eta nola
sentitu diren askotan indargabe haren egoera ikusita. Ez dira nahikoa aztertu egoeraren
alderdi psikologikoak. Frustrazioak eta pasioak memoriaren zati dira eta, hori dela eta,
beharrezkoa da jakitea nola sentitzen diren pertsonak. «Memoriak komunitatearen izaera
definitzeko indarra dauka, zeren eta, subjektiboa bada ere, ezin da historia bezala faltsifikatu»
(Jonah Rubin).

Aitortza, duintasuna, autoestimua, ohorea, erreparazioa

Euskal hiztunen bizitzak ezin du, jada, frustrazioaren bidean barrena jarraitu. Normalizazio
politikoaren garaia da, eta haren besotik etorri behar du normalizazio linguistikoak ere. Izan
ere, kontakizunek eta memoria historikoak garrantzia duten garai berri hauetan, geure
bizipenen berri eman behar dugu euskal hiztunok, euskaldunon autoestimua indartzeko,
bizitza duina izateko.

Bizipen horien berri eman behar da eta horiekin jabetu. Euskaldunok jasan duten eta jasaten
duten kaltea gizarte desorekatu baten isla da, eta hori aitortu behar dute erakundeek eta
gizarteak, oro har. Gainera, behar adina neurri hartu behar dira bizipen gaizto horiek
iraganekoak, eta iraganekoak soilik, izan daitezen.

Borondatea, determinazioa, konpromisoa, ahalegina, biziberritzea, berreskurapena

Euskararen transmisioaren katea hondatu duten ekinaldien gainetik, euskarari bizirik eusteko
determinazioa erakutsi du herri honek, etsipenari aurre eginez eta euskara berreskuratzeko
eta biziberritzeko mugimendu zabala eratuz. Ahalegin eta konpromiso pertsonal eta kolektibo
miresgarri hori nabarmendu nahi dugu. Euskararen aldeko mugimendu sendo bat sortu zuen,
aspaldi, euskaltzaletasun herrikoi bat hedatuz, eta euskalgintza sozial eta instituzionalak
eratuz. Euskararen herria gauza izan da ekimen indartsu eta emankorra sortzeko, gaur arte
iraun duena eta euskara ospeletik eguterara ekartzeko gai izan dena. Horri esker euskarari
bizirik eutsi diogu euskaldunok.

Jazarpenak eragindako frustrazioak eta berreskuratzeko determinazioak eratzen dute geure
memoria, bien baitan dago euskararen egungo egoera ulertzeko oinarria. Gipuzkoako Foru
Aldundiak gogoeta bikoitz hori sustatu eta jendarteratu nahi du, badelako garaia. Gure
gizarteak euskararen iraganarekin eta etorkizunarekin uztartuta egin nahi du bere bidea,
euskaraz biziz, duintasun osoz.

Aitortza

Euskaldunoi, pairatu duten bazterkeria eta desorekarengatik. Zorretan gaude.

Eskertza

Euskaldunoi, euskara transmititzen, biziberritzen eta berreskuratzen egindako ekarpen eta
ahaleginarengatik.

Eskariak

Euskara biziberritu eta berreskuratuko duen hizkuntza politika eragingarria adosteko eta
ezartzeko eskaria euskal erakundeei, euskara osasun betean bizi dadin bere lurraldean, euskal
herritarren hizkuntza eskubideak errespetatzeko eta bermatzeko, eta euskararentzat lortzeko
Europako estatuen hizkuntza ofizialekiko berdintasunezko estatusa eta parekotasunezko
egoera, eremu juridikoan, politikoan eta soziolinguistikoan.