ETBri buruzko galdera xaloak

zaldieroa

 

Gaur, alegiazko klariona hartu eta, arbel imajinario batean marra zuri luze bat egin ondoren, Jaime Maritxalar garai batean errege-alabaren senarra izandakoaren figura ahaztua aldarrikatu nahi nuke. Artean hura errege-familiako kidea zelarik, behin prentsa arrosako kazetari batek galdemodu inteligente eta sakon hau egin zion haren anaiari, Alvaro Maritxalar kirolari trebeari (irakurleak barkatu beharko dit, baina ez dakit zein den ironiaren emotikonoa): “Jaimerekin ateratzen zarelarik, nola ikusten duzu gehiago, anaia gisa edo infantaren senarra bezala?”. Ez naiz oroitzen zein izan zen arrapostua, baina ongi gogoan dut Maritxalartarretarik anaia goapoaren harridura aurpegia (Alvarorena alegia: ez nahasi Maritxalar goapo hori bertzearekin, Maritxalar oso goapoarekin, erran nahi baita Jaimerekin), galdera haren ergelkeriaren tamaina ezin neurtuz. Horrek bi hausnarketa piztu zituen nire baitan: a) niri ere tonto samarra iduritzen zitzaidala galdera hura, hau da, ados nengoela Maritxalar batekin –eta horrek harridura sakona eragin zidan, zenbait ziminorekin gizatasuna noraino konpartitzen dugun ohartzen garenean bezala– eta, b) galdera batzuei ongi ihardesteko manera egoki bakarra dela galderak aurkezten dituen dikotomia faltsuak haustea –nik, egoera hartan, orain atzenduxea dagoen Maritxalar horren figuraren aldarrikapen totala eginen nukeen: anaia eta infantaren senarra ez ezik, niretako Jaime modaren gurua, gustu onaren itsas-argia eta gizon sexy limurtzaileen gidaria ere badela erranen niokeen kazetariari–. Alvarok, jakina, ez zuen horrelako ihardespenik eman, eta horrek gogorarazi zidan –gogoeta paraleloak egiteko gaitasuna baitut, inork ez dezala pentsa hemen konparazio gaiztoak egiten ari naizela– ez dela sobera puztu behar zenbait ziminorekin partekatzen dugun gizatasun hori.

Nolanahi ere, Maritxalartarrak alde batera utzita, istorio horren irakaspena da galderak ongi egin behar direla, zehatz, xehe, eta gauza bera egin behar dela galdera batean proposatzen diren balizko erantzunekin; bertzenaz litekeena baita proposaturiko bide horien inguruan sortuko den debatea norabiderik gabea eta antzua izatea: behin, nire lagun baten aitak eta osabak arratsalde osoa eman omen zuten eztabaidatzen –erdaraz ari ziren– Belgikako biztanleek nola duten izena, belgikanoak edo belgikoak. Tira, “antzu” solasa erabili dut, baina, egia erran, eztabaida emankorra izan zen, irri handiak –nire lagun gaiztoarenak– ekarri baitzituen, eta aise imajinatzen ahal dut hura aita eta osaba elkarren kontra xaxatzen inora ez zihoan polemika hartan.

ETB modu digitalean Nafarroan inoiz ikusiko ote dugun da inora ez doan bertze polemika bat, barre-algaretan –Nafarroako gobernuak hemengo euskaldunen kontura egiten dituen horietan– orain artio aski emankorra izan den arren. ETBren seinalea ez hedatzeko Gobernu foral eta espainolak eman duen aitzakia zerrenda xelebre samarra da, tartean eguraldiaren mapa eta pilota partidak sartu direla. Zorionez, gobernuak konponbidea aurkitu du: laster, nafar telebista bat hasiko da emititzen euskaraz eta horrek, Sanchez de Muniain gobernuko bozeramailearen hitzetan, erakusten du Nafarroan emitituko duen euskarazko telebistak ez duela zertan bertze komunitate batetik etorri. Telebista hori Xaloa telebista omen da, orain Baztanen, Malerrekan eta Bertizaranan ikusten ahal dena.

Galdera batzuen erranahia arruntean aldatzen da testuinguruaren arabera. Guraso bihurtu baino lehen, adibidez, “umerik izan nahi duzu?” galderak zalantza abstraktua adierazten du, problema etiko handirik sortzen ez duena; gurasotu ondoren, galdera abstraktu hori –“umerik, oro har, nahi duzu?”– galdera zehatz bilakatzen da, galdera itxuraz abstraktu horri erantzutean egiatan izandako umeaz ariko baitzara nahitaez, eta, beraz, ezin zaio ezezko erantzunik eman galdera horri, mingarriegia litzatekeelako zure egiazko haurra errefusatzea.

Atzo, Aingeru Epaltzak idatzi zuen Nafarroako Gobernuaren erantzunak “abertzale zirikatzaileak mutuarazi” dituela, eta Nafarroan euskarazko telebistarik ez badugu, ez dela soilik UPNren erruagatik: Xaloa telebistak –eta Hamaika Telebistak– aspalditik baitituzte eskuratuak Iruñerrian emititzeko lizentziak, baina orain artio ez dute proiekturik abian jarri. Aingeru anitz maite dudan arren, uste dut oraingoan ez duela asmatu, galdera manera abstraktuan egin baitu (“euskarazko telebistarik nahi duzue Nafarroan?”), nahiz eta manera zehatzean egin behar zatekeen (“ETB nahi duzue Nafarroan?”). Nafarroako gobernuak egin digu galdera, eta Maritxalar goapoari egin zitzaion galdemodu haren antz handia dauka gure agintari foral eta espainolek aurkeztu diguten bidegurutzeak: “telebista ikusten duzularik, nola ikusten duzu, euskaldun gisa –eta, orduan, kanal bat aski eta sobera duzu, euskara itxura hutseko kontua baita eta hemen afera zu kontent uzteko euskaraz zer edo zer egitea baita– edo espainol gisa –eta, orduan, ahalik eta hedabide gehienak beharko dituzu, zure behar guziak asetzeko–?”. Bertze gauza anitzetan ez bezala, hedabideei dagokienez Opusen ideologiakoa naiz ni: zenbat eta ume gehiago, orduan eta hobe. Beraz, etor daitezela ahal diren eta nahi diren proiektu guziak; baina –eta puntu horretan ideologo katolikoengandik argi eta garbi urruntzen naiz–, aukeran, sortutako haurra nahiago eta maiteago dut, oraindik proiektu hutsa eta, hortaz, fetua ere ez dena baino. Halere, gehiago etorriko balira, ni kontent.

Galderak zorrotz egin behar dira, eta telebistaren afera honetan galdera ez da ea Nafarroan euskarazko telebistarik nahi dugun; galdera da ea Nafarroan ETB ikusi nahi dugun –eta niri behinik behin mingarriegi eginen litzaidake ezetz erantzutea–. Galderak egitera uzten badiegu Nafarroan ez euskarazko telebistarik ez ETBrik nahi ez dutenei, azkenean zera eztabaidatuko dugu, ea zein den hobea, ETB edo Xaloa. Eta hori Belgikako biztanleak belgikoak edo belgikanoak diren eztabaidatzea bezala litzateke. Batez ere, debate horrek zenbaitek gure kontura irri egiten segitzeko baizik ez duelako balioko.

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.

2 pentsamendu “ETBri buruzko galdera xaloak”-ri buruz

  • Oso ona Santi. Egoera aurreikusi eta ohartarazi. Mila esker !!!

  • Niri arriskugarri samarra iruditzen zait batzuetan iradoki den lehia:
    zenbat eman diru behar zaien ETB1-i eta ETB3-ri eta zenbat herri ekimeneko euskarazko telebistei, iradokiz pastela desberdin banatu behar dela.
    Ez ote litzateke hobea planteatzea zenbat eman behar zaion euskarari (ETB1, ETB3, herri ekimeneko telebistak) eta zenbat erdarari (ETB2…)?