Victor Lenore: “Euskal rock erradikala belaunaldi baten hezkuntza politikoa izan zen”

Victor Lenore: “Euskal rock erradikala belaunaldi baten hezkuntza politikoa izan zen”

Victor Lenore
Victor Lenore – cc: ZuZeu

“Tamalgarria da liburu batengatik 16 euro ordaintzea, gero gaizki sentitzeko”, dio txantxetan Victor Lenorek (Soria, 1972). Kazetariak horretarakoxe idatzi du ordea, ‘Indies, Hipsters y gafapastas: Crónica de una dominación cultural’ (Capitán Swing, 2014) zauria non duzun jakiteko ezinbestekoa baita mina. Lenorek 20 urte daramatza freelance gisa kultur kazetaritzan lanean. El País, La Razón, Playground, Rolling Stone eta El Confidencialen argitaratu izan ditu bere lanak. Acuarela zigiluaren sortzaileetako bat izan zen, baita Spiral aldizkariaren koordinatzaile eta FIB jaialdiko langile ere. Espainiar Estatuko hipster handiena izatetik, aktibista kulturala izatera pasatzeko erabakia hartu zuen. Eta ez da damutu. Ibilbide hori kontatzen du Capitan Swing argitaletxe madrildarrarekin argitaratu lanean, hipsterismoak bultzatzen dituen baloreen kritika basatia eginaz. Gaur 19:30ean Donostiako Garoa Kultur Lab liburu-dendan eskeiniko du hitzaldia Mursegorekin batera, eta bihar 13:00etan Bilboko Cámara liburu-dendan.

Non hasi zen dena? Noiz deshipsterizatu zinen?

Jendeak aurkakoa pentsatzen badu ere, nik ez neukan liburu hau idazteko batere gogorik. Lagunek esaten zidaten ordea, gaiaz nuen esperientzia pertsonala partekatzea eztabaida sortzaile izan zitekeela, katalizatzaile. Hasi behar nuke argi uzten, Espainiar Estatuko indie, gafapasta eta hipster handiena izan nintzela urte luzetan. Hipsterismoaren elkargune nagusietan egon izan naiz; hala nola, Benicassim jaialdian, Acuarelan, Rockdelux-en eta halako leku askotan. Hipster totala 90. hamarkadan izan nintzen batez ere, eta pentsakera aldaketa 90. hamarkada amaiera eta 2000. hamarkada hasieran izan nuen. Globalizazioaren aurkako manifestazioen, Naomi Kleinen ‘No Logo’ bezalako best sellerren garaian. Manu Chaoren Clandestino diskoak eragina izan zuen nigan. Rockdelux aldizkarian urteko diska gisa izendatu bazuten ere, erresistentzia handia sortu zuen komunitate modernoan, hipsterren artean batez ere. Hipsterrak moderno pijoak direla esanen nuke. Manu Chao da Europako hirietako etorkin latindarren bizitza kontatzen duen musikaria. Lan prekarioen bizitza hori eta lokutorioetako giroa kontatzen duena, musikalki oso interesgarria, bide batez. Jendea Chaoren lana estigmatizatzen hasi zen. Hankabeltzen (Piesnegros), perroflauten, chonien musika zela zioten. Langile klaseko jendea izendatzeko erabili ohi diren izendapen eta adjetibo gutxiesgarriok erabiliz. Halakoak entzutean hasi nintzen politizatzen. Ladinamo aldizkarian sartu nintzen eta konturatu zeinen hutsa eta klasista zen kultura modernoa. Narzisista ere badela esango nuke.

Aipatzen dituzun balio kontsumistak ez ote dira, baina, orokorrak jendartean? Beste azpikulturek ez ote dituzte balore berdin edo antzekoak?

Bai noski, kontsumismoa gizarte maila guztietan aurkituko dugu, giro guztietan. Eta liburuan bada kapitulu bat ezkerreko hipsterrei eskainia. Militantzia besteengandik bereizteko darabilen jendea, borroka politikorako beharrean. Esan nahi da; “nik Deleuze irakurtzen dut, Toni Negri irakurtzen dut…”, “nik badakit zer den copylefta eta zuk ez…”. Halako hipsterrak ere badira, hori bizi izan dut, eta ez soilik bizi, Ladinamo aldizkarian askotan erori izan gara halakotan. Eta zure galderari erantzunaz: bai, kontsumismoak dena ausiki du, leku guztietara iritsi da, baina ez da berbera bizitza elkargune sozialetan, irrati libreetan eta etorkinen nazioarteko guneen aurkako talde batean pasatzea edo Primavera Sounden eta Radio3 entzuten pasatzea. Nik uste choni edo perroflauta bezala ezagutzen ditugun azpikulturek erresistentzia gehiago erakutsi dutela. Adibide gisa Rototom jaialdia aipatu nahi nuke. FIB ospatzen den leku berean egiten da. FIBeko abonuak 120-150€ inguru balio du, Rototomekoak aldiz 70-90€, gainera haurrak zein edadetuak doan sartzen ahal dira eta egun batez Castellongo langabetuek 5€-ko sarrera ordaintzearekin aski dute. Reggae academy izeneko gune bat dute, non gizarte aktibistek eta abarrek hitzaldiak eskaintzen baitituzte… FIBen berriz, moda pasarela bat eta labur lehiaketa bat topatuko dituzu. Bi mundu dira. Niretzat hipsterismoa kapitalismo posmodernoaren islada kulturala da.

“Podemos gutxi batzuk goitik behera
sortutako mugimendu elektorala da”


Hipsterismoa besterengandik bereizteko bide bezala definitzen duzu. “Ekonomikoki ezin badut bereizi, gorentasun kulturalaz bereiziko naiz”.

Guztiz ados, bai. Liburua idazteko prozesuan zehar atentzioa deitu zidan kontuetako bat, hipster kontzeptuaren bilakaera izan zen. Google trends tresnaren bidez ‘hipster’ kontzeptua bilatu nuen. Google trendsek bilatzen duzun kontzeptuarekiko dagoen interesa erakusten du. Bada, 2008tik aurrera -krisia hasi zen garaia hain zuzen- ‘hipster’ kontzeptuarekiko interesa ikaragarri handitzen da. Diru gutxien dugun unean interesatzen zaigu kultura premium-cool hain garesti hau? Eta ingurura begiratuta aipatzen duzun ondoriora iritsi nintzen. Erdi mailako klase izateko aspirazioa dutenek jada ezin dute klase baxuagoengandik ekonomikoki bereizi eta kulturalki bereizten saiatzen dira.

Zer etorkizun du kazetaritza kulturalak?

Alde batetik, iruditzen zait egoera onenean dagoela eta, bestetik, txarrenean. Espainiar Estatuan ez da sekula aldizkari kultural arrakastatsurik existitu. Inoiz ez da aldizkari kultural herrikoirik egon. Nire lagun Cesar Renduelesek dio Espainian ez dela ilustraziorik egon. M15 mugimendutik aurrera, orain arte ziurrak ziren gauza asko zalantzan jartzen dituen korronte bat bada. Konturatzen hasi gara kulturarentzako soluzioa enfoke politikoan datzala. Lehenago bazirudien kultura politikatik bereizita zegoen kontu bat zela, tradizionalki esaten zen bezala marfilezko dorrea. Baina ez da hala.
M15 mugimendua baino lehen ez zidaten sekula musika eta politika uztartzen zituen hitzaldi bat eskaintzera gonbidatu. M15 mugimenduaren ostean, bost edo sei aldiz deitu didate jada.

Nola bizi izan zenuen M15a?

Sorpresaz harrapatu ninduen, eta baita asko poztu ere. Ez dut uste inork halakorik espero zuenik, ez behintzat militantzia giroan. Aurreikuspen bakarra, prentsa digitala irakurtzen nenbilen batean topatu nuen, uste dut Wall Street Journal edo New York Times zela egunkaria. “Espainian 68ko maiatza biziko dute”, zioen titularrak eta gero azaltzen zuen, “zeren gazteen langabezia tasa %50ekoa baino handiagoa denean, beti dago 68ko maiatz bat”. Oroitzen dut nola trufatzen ginen lagun artean, “tipo hauek ez dute Espainia ezagutzen. A ze txorrada!”. Eta, baiki, maiatzean M15 mugimendua antolatu zen. Niretzat jende askoren kontzientzien suspertzea izan da.

“Kulpa sentsazioa handizkatu nahi nuen,
lehen planora eraman, eztabaida bultzatzeko”


Espainiako politikak, alderdi tradizionalek, ez zuten serio hartu M15 mugimendua.

Ez alderdiek, ez hedabideek… ia inork ez zuen serio hartu. Denbora asko pasa zen M15a kontutan izan arte. Baita Público egunkarian ere. Nik Públicon idazten nuen, eta erredakzioko lagunek porra egin zuten egunkariak albistea ateratzen zenbat egun igaroko zituen asmatzeko. Azkenetako egunkaria izan zen albistea argitaratzen. Aipatu nahi nuke era berean, inor gutxik eman ziola behar bezain besteko garrantzia Hego Amerikako estatuek ezkerrerantz emandako biraketari. Prozesu horiek aintzat hartu dituen lehena Podemos izan da eta begira zeinen ondo joan zaion.

Podemos M15 mugimenduaren ondorioz sortutako mugimendu elektoral-politiko antolatua da azken batean.

Mugimendu politikoa baino, pertsona gutxi batzuren hauteskunde estrategia dela esango nuke. Analisi gaitasun handia duen talde trebe baten lan bikainaren ondorioa. Podemos ez da behetik gora sortu, goitik behera baizik. Gobernu askoren aholkularitza lanak egiten ari zen jende honek sortutako marka elektorala da. M15aren ordezkaritza baino, M15 mugimendua hoberen irakurtzen jakin dutenak direla esango nuke. Podemosek M15aren eskaerak identifikatu eta programa politiko batean sartzen asmatu du.

Victor Lenore
Victor Lenore – cc: ZuZeu


90. hamarkadan Euskal Rock Erradikala bezala ezagun zena entzuten zenuen?

Ez, hain zuzen ere kontrakoa. Beti giro oso hermetikotan bizi izan naiz. Urbanizazio itxiak, eskola pribatuak eta babestutako guneetan, modu batera esatearren. RRV-a sartzen ez zen leku bakanetarikoak ziren horiek. Ni Hip Hop musikaren zale amorratua nintzen eta Negu Gorriaken lehen diskatik aurrera lotu nintzen mundu horretara. Eta hortik abiatuta atzeruntz hasi nintzen musika joera hori deskubritzen. Orduan konturatu nintzen jendartean zeuden kontrasteez, ordura arte ezagutzen ez nituen arazoak ezagutu nituen. Musika kontrainformazio iturri oso ona izan da niretzat. RRV-a belaunaldi oso baten hezkuntza politikoa izan da. Politika eta Soziologia fakultateetan jendeak hori entzuten zuen. Hezten zaituztenak irakasleak, gurasoak edo telebistako saioak izan beharrean rockero batzuk izatea oso tristea da herrialde batentzat. Porrota da izatez, baina beno, hobe hori hezkuntza politikorik ez egotea baino.


Esaten zenuen, fakultate horietan bazirela kontua oso muturreraino eramaten zuten kuadrilak.

Bai, hortik doa nik liburuan ezkerreko hipsterismo bezala izendatzen dudana. Somosaguan euskal gatazka oso modan izan da, erradikaltasuna frogatzeko modan zegoen presoen txapatxoa eramatea, euskaraz agurtzea… Egin egunkaria erosi eta besapean eramatea, denek ikusteko zeinen erradikala zaren, eta abar. Taldetxo txikiak ziren, baina hori ere existitu izan da.

Liburua irakurtzen une oro oso gaizki sentiarazi nauzu. Pasatzen nuen orrialde bakoitzeko, okerrago sentitzen nintzen. Zein zen liburu hau idazteko arrazoia?

Tamalgarria da 16 euro ordaintzea gaizki sentitzeko. Baina, beste era batera begiratuta, gaizki sentitzean gauzak beste era batera ikusten ditugu. Gauzak birplanteatzen ditugu askotan. Ni neu ere Soziologiako eta Politikako lagunekin biltzen nintzenean gaizki sentitzen nintzen. Oso eskuinean, ez jakin bat bezala. Askotan ondoezak aurrera egiteko balio digu. Liburuan esanguratsuak iruditu zaizkidan anekdotak biltzen saiatu naiz. Askotan jendea oso komodo sentitzen da saiakera politikoekin. Owen Jones-en Chavs-ek adibidez, ez zaitu gaizki sentiarazten zure klasismoagatik, horren ordez ondo sentiarazten zaitu saiakera irakurri izanagatik, gehienek ez bezala. Nik kulpa sentsazioa handizkatu nahi nuen, lehen planora eraman, eztabaida bultzatzeko. Jendeak aukera kulturalak birplanteatu zitzan.

Energia musikala auzune txiroetan,
ghettoetan dago


Helburua bete duzula iruditzen zaizu?

Zaila da liburu baten eragina neurtzen, internetek lana errazten duen arren. Liburua argitaratu ostean Facebook orrialde bat sortu nuen, eta bere bitartez mezu pribatu asko iritsi zaizkit. Askotariko iritziak. Bateren batek idatzi dit, anekdotaren batek gauzak birplanteatuarazi dizkiola esanaz. Liburuak hainbeste zarata atera badu, pentsatu nahi dut zerbait ukitu duelako izan dela. Nola aldekoen, hala aurkakoen aldetik.

Maite Arroitajauregi Mursegok, zeina zurekin izango baita Euskal Herrian zauden honetan, ‘Eusnob’ izeneko abesti bat du. Pista jarraitu diozu?

Bai jarraitu izan diot eta oso interesgarria iruditzen zait bere proposamena. Abesti horrek Kevin Johansenen ‘Cumbia intelectual’ du oinarria, badu ‘Cumbia villera’ izeneko beste abesti bat ere. Jende askok dio liburuan hipsterismo mota bat -Wilco edo Arcade Fire gustatzen zaiona- besteagatik aldatzen dudala -Cumbiaren eta saiakera politikoen zaleena-. 20 urtetan zehar perspektiba kulturak okerra izan dudala azaldu nahi izan dut liburuarekin. Denboraren joanean, konturatu naiz oso oker nengoela. Mundu guztiari gertatzen zaio adin batera iristean. Nik uste, egun gertatzen ari diren adierazpen musikal-kultural interesgarrienak, munduko periferietan gertatzen ari direla. Energia musikala auzune txiroetan, ghettoetan dago. Asko gustatzen zait Mursego, baina, bada garaia mendebaldeko musikari kaso gutxiago egin eta beste adierazpen batzuri arreta ipintzeko.

Zer iruditzen zaizu Wilco?

Wilcok ez du ezeren errurik. Jende askok esan dit nire liburua asko gustatu arren, Wilco eta Arcade Fire ere maite dituela. “Zer egin dezaket?”, diote. Gozatu ba! Ez dago inolako arazorik. Arazoa ez da Wilco edo Arcade Fire entzutea, musika hori entzuteagatik intelektualki besteren gainetik sentitzea da problema. Musika nahiko nartzisista iruditzen zait. “Begira zeinen sentsiblea naizen”, sentsibilitatearen etengabeko exibizioa, Arcade Firen batez ere. Ni Wilcoren zale sutsua izan naiz. Zuzenean bost aldiz ikusi dut eta asko gustatzen zitzaidan.

Iraganeko aldia erabili duzu: Zitzaidan.

Orain ezin ditut entzun, daitort. Beste musika hipster asko bai, baina Wilco ez. Maitasun abestiak gustatzen zaizkit. Talde kurtsiak, La Buena Vida esaterako. Ziur Wilcok ere baduela maitasun abesti ederren bat. Baina badira beste abesti asko sentsibilitate exibizio hutsa iruditzen zaizkidanak. Atzera botatzen nau horrek. Hipsterismoa ulertzeko masa kontzeptuari erreparatu behar zaio. “Bada masa kontsumitzaile bat eta ni ez naiz hor sartzen, ni kontsumitzaile gourmeta naiz”. Hipsterrek Wilco eta Arcade Fire bezalako taldeak alibi gisa erabiltzen dituzte.

Liburu bat gomenda iezaguzu.

Cesar Renduelesen ‘Sociofobia’ eta Owen Jonesen ‘Chavs: La demonización de la clase obrera’.

Eta disko bat?

Album formatuarekin eszeptiko izatea gomendatuko nuke. Nik asko nabigatzen dut SoundCloud bezalako atarietan musikaren bila. Dancehall-a, Cumbia eta musika latindarrean proposamen ederrak topatu daitezke. Hipsterismoak gutxietsitako bakarlari klasikoak ere maite ditut. Victor Jara esaterako.

Eskerrik asko Victor.

ZuZeuri ni elkarrizketatzeagatik.

Victor Lenore  Victor Lenore   Victor Lenore: “Euskal rock erradikala belaunaldi baten hezkuntza politikoa izan zen”
capitan swing, eusnob, hipsters y gafapastas, indies, Mursego, rrv, victor lenore
Oier Aranzabal

ZuZeuko erredakzioko koordinatzailea. Ekaitza bainuontzi batean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude