«Gure Oroitzapenak», poema liburu bat zineman

Gure Oroitzapenak, poema liburu bat zineman –

«Poema liburu bat bezala ikusi behar da Gure oroitzapenak”. Egongo dira poemak hunkituko zaituztenak, ulertuko ere egingo ez dituzunak edo zurekin ez doazenak, baina azkenean bukatu eta poema liburuak badu nolabaiteko izpiritu bat». Horrela mintzatu zaigu Josu Martinez zuzendaria, Joseba Sarrionandiaren unibertsoa hizkuntza zinematografikoan jasotzeko ahalegina egin duen filmari buruz.

Zinemagile bilbotarrarekin beste zerbaitetaz berba egiteko egina genuen hitzordua, edo ez, jada ez gara gogoratzen, baina orain aste bete geroztik Ipar Euskal Herriko zinema geletan ikusgai den eta gaur Hego Euskal Herriko aretoetara heltzen den film kolektiboaz ere jardun dugu, jakina.

Gure Oroitzapenak, poema liburu bat zineman

Duela bi urte, «2016ko udan Josebaren mezu bat jaso genuen, Matxitxa proposamen batekin etorriko zitzaigula esanez, bere poema batzuk zinemara eramateko; hasieran kantu batzuk, esaten zuen berak. Izan ere, Sarrionandia izango da seguruenera bizirik dagoen poetarik kantatuena, eta ez bakarrik Euskal Herrian. Eta egin dira antzerkiak, egin da dantza ikuskizunen bat bere obran oinarritua, baina ez da ezer egin zineman».

«Horixe zen abiapuntua, eroa zen, gero film kolektibo bat eraiki behar baitzen, gauza oso konplikatua dena». Horretarako ardura Adabaki ekoiztetxeak hartu zuen, eta hortik aurrera egitasmoan parte hartu duen zinemagile bakoitzak «libertate osoz» egin du bere film laburra, besteak zertan zebiltzan jakin gabe.

Film kolektiboan hamabi zuzendarik hartu du parte, ez guztiak euskaldunak: Oskar Alegriak, Özcan Alper turkiarrak, Asier Altunak, Mireia Gabilondok, Eugéne Green paristarrak, Itziar Leemansek, Josu Martinezek, Fermin Muguruzak, Ane Muñozek, Maider Oleagak, Carlos Quintela kubatarrak eta Maialen Sarasua Olidenek.

.

«Gure Oroitzapenak», Sarriren unibertsoa hamabi zinemagileren begiradan

Josu Martinezen aburuz, «film kolektiboak oso gauza zailak dira -osotasunari dagokionez-, eta badute collage izateko arriskua»; hortik poema liburu bat bezala hartu behar izatearena.

Bere kasuan, «ni lehena izan nintzen grabatzen -diosku bilbotar zinemagileak-. Ez, bigarrena, Eugene Greenek ni baino lehen egin zuen-eta. Iazko udan grabatu nuen, askatasun osoz nahi nuen gaia hautatzeko eta nahi nuen bezala enfokatzeko».

“Ama” deitzen da 1915eko udara garamatzan pieza -bertako fotograma bat jarri dugu azaleko argazki legez-, Baxe Nafarroako Baigorriko auzo urrun batetara, gutun baten esperoan bizi den emakume baten etxera garamatzana. «Film laburra egin eta gero pentsatu nuen, ez aurretik, nire gainontzeko lanetan ere askotan jorratu dudala hautatutako gaia: emakumeen papera gatazka egoeratan».

.

Josu Martinezen begiradatik «Ama»: Emakumearen papera gatazka egoeran

Zinemaldiko Zinemira sailean proiektatu ostean, “Gure Oroitzapenak” kasik aldi berean heldu da Ipar eta Hego Euskal Herriko aretoetara, ez dena batere ohikoa. Hauxe izan da Martinezek kide batzuekin sortu duen Gastibeltza Filmak ekoiztetxeak egin duen apustua.

«Banaketa ibilbidea film honekin hastea erabaki genuen, oraindik bukatu gabe zegoela. Aproposa iruditzen zitzaigun, hamabi begirada horien bitartez, Ipar Euskal Herrian ere topikoa apurtzeko, oraindik mugaren bi aldeetan dagoena, euskal zinema oso monokordea denarena, beti gauza berdinak eskaintzen dituenarena».

Ipar Euskal Herriko zinema gela guzti-guztietan aurkeztu dute filma joan den astean, eta guztietara agertu da zuzendariren bat, Gastibeltzako kideekin batera solasaldira. «Uste dut badagoela gose bat Ipar EHko publikoaren aldetik, orain arte urpean zegoena, ikusezina zena, ez zegoelako beraientzako pelikularik. Eta aretoak ere harritu egin dira, publiko berri bat deskubritu dute. Modu ona izan da bidea egiten hasteko».

.

«Gastibeltza», zine banaketan ere mugak gainditu nahian

Gaurtik aurrera, Ipar Euskal Herriko zinema geletan ez ezik, “Gure Oroitzapenak” ikusgai izango da Bilboko Multicines, Donostiako Principe, Gasteizko Florida eta Iruñeko Golem Yamagochi aretoetan, eta bihartik aurrera baita Bartzelonako Zumzeig Cinecooperativan ere.

Gure Oroitzapenak, poema liburu bat zineman Gure Oroitzapenak, poema liburu bat zineman
Gure Oroitzapenak, joseba sarrionandia, Josu Martinez, zinema

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude