Josu Martinez: «Utopiaren gudaria izan zen Lezo Urreiztieta»

Josu Martinez: «Utopiaren gudaria izan zen Lezo Urreiztieta» –

Josu Martinez zinegilearen «Jainkoak ez dit barkatzen» dokumentalak ahanzturatik libratu du Lezo Urreiztieta.

Eusko Gudarostearentzako mugaren bestaldetik armak estraperloz ekartzen zituen gizonak, balentria, abentura eta bitxikeriaz jositako bizitza izan zuen, Wikipediak dioenez.

Donostiako Zinemaldiko estreinaldiaren ostean, Hazparneko Zinegin jaialdian bota zuten atzo filma, eta Urreiztietaren jaioterrian bertan gaur, Santurtzin.

Josu Martinez: «Utopiaren gudaria izan zen Lezo Urreiztieta»

Lezo Urreiztieta «utopiaren gudari» legez aurkeztu digu Josu Martinez zinemagileak (Bilbo, 1986), “Jainkoak ez dit barkatzen” filmeko protagonista nor izan zen galdetzearekin bat; «eta, batez ere, eskuzabala. Denentzat dena eta niretzat deus ez».

Donostiako Zinemaldiaren baitan, Ramon Agirre saritu zuen Euskal Zinemaren Galan izan genuen dokumentala lehen aldiz ikusteko aukera, eta erabat txunditu gintuen bertan kontatzen zen istorioak ez ezik, baita kontatzeko moduak ere.

Ordu betean eta erritmo biziz, “Jainkoak ez dit barkatzen” filmak Lezo Urreiztieta zenaren bizitza aurkezten du.  «Milaka arma erosi zituen euskal antifaxistentzat, ehunka pertsonari bizitza salbatu zien, Franco akabatzen saiatu zen… Lezo Urreiztietaren historia harrigarria, bere ahotik», dio trailerrak, Martin Ugaldek egindako elkarrizketaren audioei, zintei esker, kontakizunaren ardatza protagonistaren ahotsa baita. Baina… nor izan zen bene-benetan Lezo Urreiztieta? Filmaren zuzendariak du hitza:

.

Nor izan zen Lezo Urreiztieta?

Nola da posible Urreiztieta orain arte kasik ahazturan egon izana?

Gizon libre bat zen, askatasun zalea baina askea bere baitan ere. Eta asko ordaindu zuen hori, bizitzan zein politikan. Antifaxista eta, batez ere, independentista zen, errotik abertzalea. Bere bizitzako helburu bakarra Euskal Herriaren askatasuna izan zen eta horri eman zion bizitza, beste guztia helburu horren menpe zegoen. Baina jatorrian jeltzailea izanik EAJ kritikatzen zuen, Indalecio Prietoren ezkutari fidela izanik ez zen espainolista, ETAkoekin ibili zen baina bere kasa… Inork ezin du orokorrean asumitu, gizon librea zelako, eta seguraski horregatik  bere oroitzapena ez da heldu gureganaino beste batzuena iritsi zaigun bezala. Azkenean denena zen, baina ez da inorena.

Mugalari lanetan aberastu, Francoren armadaren blokeoari izkin eginda itsasoz Bilbo defendatzeko armak ekarri, makiei Europara ihes egiten lagundu…

Hain zen eskuzabala, hiru aldiz milioidun egin eta hiru aldiz galdu zuela guztia, jasotzen zuen bezala ematen baitzuen, zuloak zituen poltsikoetan. Errefuxiatu bat heltzen zen Hego EHtik Ipar EHra, ezer ez zuela esanez, eta berak kontrabandoan irabazitako bi milioi ematen zizkion, Venezuelan bizitza egin zezan; eta mundu guztia ez zen horrelakoa. Gero, itsasoratzea ere debekatu zioten, eta azkenean diru gutxirekin ibili zen. Bitxikeria bat: ehortzi ere, ez dago bere herrian ehortzia, pentsa. Nola ez zuen dirurik eta lagunkoia zen, biziki fidela lagunei, bazituen adiskide handiak, Jagi-Jagikoak batez ere, eta Donibane Lohitzunen dago ehortzia, Bardeziren hilobian. Lagun baten hilobian ehortziratua, hori baino adiskidetasunaren zeinu handiagorik!

… eta Euskal Herri askea lortzeko aukera bakarra zelakoan, pazifikoko irla bat erosi nahi izan zion Mexikori, euskaldunok bertara joan gintezen!

Ameslaria da, bai. Baina Kepa Altonaga ere horri buruz mintzatzen da “Patagoniara Hazparnen barrena. Lotilandiakoak herri birlandatuan” liburuan; Sabinoren garaian eta toki berean, Bilbon, bazegoela Florencio Basaldua izeneko gizon bat Patagonian Euskal Herri berria eraikitzeko proiektua zuena. Kontutan izan Patagonian bazegoela kolonia gales bat -oraindik ere bertakoek galesez egiten omen dute-. Estatu Batuarrek erosi zuten Alaska, juduek ere hori egin zuten, nazioa eraiki,  eta euskal abertzale askok bazuen orduan juduenganako miresmen bat -Urreiztieta bera ere ibili zen juduak eramaten-. Gaur egun oso “martzianoa” egiten zaigu eta  Lezorenak bazuen ikuspegi idealista oso ero bat, bestalde egin zituen gauza guztiek zutena, baina amets hori bere garaian kokatu behar da. Garai hartako askok esaten dute matraka ematen ziela gai honekin, bere ustez askatasuna lortzeko modu bakarra zen-eta.

Egia esan, izan zituen egitasmo guztiek dirudite sinestezinak.

Jende batek esan izan dit fikziozko film baterako ematen duela istorio honek, eta baita nobela edo komiki baterako ere, nire ustez. Baina Lezo gelditzeko etorri da, ez da berriz ahazturan erortzen ahalko. Dokumentalari dagokionez, dudarik gabe gelditu dira kanpoan erakusten direnak bezain potenteak eta ezezagunak diren istorio pilo bat, atera beharko direnak. Hasita hiria erori eta gero Bilbo Irlandatik inbaditzeko plan bat, edo Errepublika garaian ELA sindikatuak, eta berak elakide bezala, CNTrekin izandako borrokak… Eta beste mila, kontutan izan Martin Ugaldek 35 orduko elkarrizketa grabatu ziola kasetetan!

Atzera eginda, nola izan zenuen gizon harrigarri honen berri?

Lezo beraren ahotsa du ardatz dokumentalak, arestian aipatutako kasetei esker.

Kontutan izan “Sorlekuaren bila” egitetik nentorrela, soinurik ez zuen pelikula batean oinarritzen zena -historian euskarazko lehen filma, soinua galduta aurkitu zutena-. Orain, kontrakoa neukan, baneukan soinua baina ez neukan irudirik; film gor batetik film itsu batera pasa nintzen. Eta erronka artistiko baten aldetik oso erakargarria egin zitzaidan, nola egin ikusgarri ikusezina dena, edo irudirik ez duena. Ni irudikoa naiz eta irudia sartu nahi nuen, baina hautu erradikalagoak egin banitu bakarrik Lezo utziko nuen hitz egiten, irudirik ere sartu gabe, bere dialogoak baitira inportanteena dokumentalean.

Sekulako indarra dute Lezo beraren esanek, hitz egiteko moduak ere.

Hitz egiteko modu hori… Iturribideko amama ekartzen dit gogora; zaharrek horrela hitz egiten dute, erdaraz hitz egiten dutenean ere… seguraski hor badago ahozko historiaren zera bat. Eta bai, kontatzen zenak bazeukan izugarrizko erakargarritasuna, Lezok egindakoak, baina hain da indartsua Lezo bera entzutea, narratiboki formak edukiak beste garrantzi hartzen duela. 

Eta soinua artxiboko irudiz eta animazioaz hornitu duzu.

Argi nuen ez nuela gauza ilustratibo bat, erreiteratibo bat egin nahi. Soinuak bazuen nahikoa indar eta irudiearen bitartez zerbait erakargarria bilatu behar nuen, bere baitan beste zerbait eskainiko zuena, bestela irrati nobela bat egingo nukeen. Eta ikusezina ikusgai bihurtzeko estrategia narratibo bat planteatu nuen, itsas bidaia batean bezala Urreiztietaren memorian zehar egiteko, portuetan animaziozko sekuentziak [Adur Larrearen lana] Lezoren gutun, pasaporte, argazki eta objetu errealekin nahastuz, edo deskontextualizatutako fikziozko filmen pasarteak eta artxibokoak erabiliz; guztia erritmoz muntatu eta hasiera-hasieratik kasetak elementu bateratzaile zirela. Izan ere, kasetek badute poetika bat, elkarrizketaren antza, aurrera doaz ibilian astiro, batzuetan gelditu, atzera egin, berrartu, edo gaiz aldatuta. Baina Lezoren mamua ari da filman zehar nabigatzen nonbaiterantza, eta bukaeran heltzen da utopiara.

.

Emanaldiak:

Josu Martinez: «Utopiaren gudaria izan zen Lezo Urreiztieta»

Donostiako Zinemaldian estreinatu ondotik, “Jainkoak ez dit barkatzen” Hazparneko Zinegin jaialdian bota zuten atzo -ehun bat ikusleren aurrean-, eta Santurtziko Serantes aretoan botako dute gaur 20.00etan. «Lezoren jaioterrian proiektatzeak badu bere garrantzia, guztiz ezezaguna baita, ez dago bertan lurperatua ere!». Gero, bihartik aurrera, Ipar Euskal Herriko areto komertzialetan izango da filma ikusgai -Hego Euskal Herrian ezin, Euskal Telebistarekin hitzartutako kontratua medio-. «Baina herriz-herri joango gara, eta bere herrian ikusi nahi duenak gastibeltza.filmak@gmail.com helbidera idaztea baino ez du»; Atera banatzailera deitzea da beste bidea.

Josu Martinez: «Utopiaren gudaria izan zen Lezo Urreiztieta»  Josu Martinez: «Utopiaren gudaria izan zen Lezo Urreiztieta»  Josu Martinez: «Utopiaren gudaria izan zen Lezo Urreiztieta»  Josu Martinez: «Utopiaren gudaria izan zen Lezo Urreiztieta»
dokumentala, Jainkoak ez dit barkatzen, Josu Martinez, Lezo Urreiztieta, Zinegin, zinema

Zer duzu buruan “Josu Martinez: «Utopiaren gudaria izan zen Lezo Urreiztieta»”-ri buruz

  • Beñat Castorene
    Benat Castorene 2018-11-25 17:20

    Barda, Hazparnetik bueltan, dudarik gabe ikusitako filmak hunkitua, hasi nintzan gogoratzen duela urte asko judu zahar batekin izan nuen elkarrizketa harrigarria, konparatu baiginituen euskaldunen eta juduen patu historiko diferenteen arrazoinak.
    Gordinki erran zidan mailak bazirela pertsekuzioetan eta malurretan, eta,juduen kasuarekin alderatuta, gure zapaltzaileek ez gintuztela oraindik aski pertsekutatu eta sofriarazi.
    Geroztik beste arrazoin bati pentsatu nuen, baizik eta, haiek, beren heriotzerako asimilatzen entseiatu ziren judu alemanez aparte, besteak bederen, oso judu gelditu zirela aparkatu izan ziren edo berak aparkatu ziren Europa ekialdeko geto horietan.
    Barda beste honetaz ere jabetu nintzan:
    Juduek, guk baino, Lezo bezalako pionero abertzale askoz gehiago izan zituztela, dena galduta zegoenean, biziraupenerako soluzio ezohikoak irudikatu eta gauzatzeko kapable izan zirenak.
    Esker anitz Josuri eta bere ekipa guziari Lezo guri ezagut arazirik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude