Izan, Ezagutu, Egin eta Elkarrekin bizi [dokumentala]

Izan, Ezagutu, Egin eta Elkarrekin bizi –

Euskara irakas-hizkuntza duten joera pedagogiko eta kulturalĀ berritzaileak, Nafarroako Ikastolen hezkuntza mugimenduan.

Dokumental hau, Ikastolek beraien sorreratik gaur egun arte, garatutako euskal hezkuntzaren ondare immaterialaren bilduma gisa sortu da, Ikastola osatzen duten komunitateetako pertsonek, profesionalek aurrera eraman dituzten praktikak, ezagutzak eta lotutako espazioak, kultura ondaretzat onartuz. Ondare immaterial hori, hasierako irakasle haiengandik hasita, belaunaldiz belaunaldi helarazi da, eta uneoro birsortzen joan da, etengabe, gizartearen premien elkarreraginez. Testigantza hauek Ikastolaren identitate, Ikastolarekiko pertenentzia eta jarraipen sentimendu sakona adierazten dute, giza eta gizarte balio sendoetan oinarrituta.

Dokumentalean, eta bere osotasunean gordeko diren testigantza osoek, Nafarroako Ikastolen mugimenduak euskara irakas-hizkuntza izanik, murgiltze ereduaren baitan, praktika pedagogiko berritzaileak eta kulturalak ezartzean eta garatzean izan duen zeregina jasotzen da. Murgiltze irakaskuntza-eredu honen jatorria eta bilakaera aztertu eta gizarteratu nahi dira, hezkuntza mugimenduaren oinarri izan ziren, eta egun diren, ideia pedagogikoak sortu eta bultzatzen dituzten pertsonen lekukotasunetatik abiatuta. Ideia pedagogiko berri eta esperimentalek ikastolak eskola moderno eta hurbileko kultura- inguruneari irekitako eskolak bilakatu zituzten, garai ezberdinetako aldaketa sozial eta historikoetara egokituak.

Dokumentala Nafarroako Ikastolen Elkarteak ekoiztu du. 1976an eratutako irabazi- asmorik gabeko bigarren mailako hezkuntza-sozietate kooperatibo honen egiteko nagusia euskarazko kalitatezko hezkuntza sustatzea da. Euskara Nafarroako ondare immaterial handienetako bat izanik, NIE osatzen duten Nafarroako ikastolek, euren ibilbidea helburu horietara zuzendu dute, hots, euskara eta euskarazko hezkuntza sustatzera, gure nortasun kulturalaren funtsezko ondare immaterial gisa.

Nafarroako ikastolek euskararen, euskarazko hezkuntzaren eta euskal kulturaren ezinbesteko hedapena egin dute Nafarroako herri eta eremu ezberdinetan, hizkuntza- diskriminazioak jasaten dituzte zonaldeetan ere.

Nafarroako hamabost Ikastoletako ordezkariek eta NIEko zein EHIko ordezkariek gai oso ezberdinak izan dituzte aztergai, guztiak Ikastolen hezkuntza eta kultura egitasmoarekin uztartuta:

  • Ikastolak: testuinguru historikoa
  • Ikastolak: Ikaslea ardatz
  • Ikastolak: euskararen berreskurapena
  • Ikastolak: herritik eta herriarentzat sortuak
  • Ikastolak: komunitate biziak, familien papera
  • Ikastolak: kooperatibismoa
  • Ikastolak: praktika pedagogiko berritzaileak
  • Ikastolak: ikasmaterialgintza
  • Ikastolak: teknologia berriak
  • Ikastolak: irakasleen formazioa
  • Ikastolak: hizkuntzen trataera Hizkuntz proiektuan
  • Ikastolak :Europarekin harremana
  • Ikastolak: euskarazko hezkuntza-ereduan papera
    Gai guzti hauek lau zutabetan antolatu dira dokumentalean. Delors txostenak XXI. menderako hezkuntza-erronkak planteatzen ditu, eta eskolak bizitzarako eskolak izatera gonbidatzen ditu, non ikasleek: izaten ikasi, ezagutzen ikasi, egiten ikasi eta -lagunartean bizitzen ikasiko duten. Denborak ematen duen perspektibarekin eta testigantzek garbi utzi duten bezala Ikastolek beti helburu horiekin egin dute lan.

.

IZATEN JAKIN, EZAGUTZEN JAKIN, EGITEN JAKIN eta ELKARREKIN BIZITZEN JAKIN

  1. IZATEN JAKIN: Ikasleak bere identitate eta autoritate pertsonal garatzea. Horren adibide ditugu orientazio planak, emozioak lantzeko programak, jazarpenaren aurkako KiVa egitasmoa…

  2. EZAGUTZEN JAKIN: Ikasleak bere ezagutza eraiki behar du, dituen aurrezagutzetatik abiatuta eta iturri ezberdinak kontuan hartuta. Ikastolen historian eta egun materialgintzak eta arlo ezberdinetako metodologiek toki garrantzitsua dute, oinarrizkoak eta ezinbestekoak diren ezagutzak lehenetsiz…
  3. EGITEN JAKIN: Ikasleak Ikastolak jasotzen dituen ezagutzak, prozedurak bere bizitzako eremu ezberdinetan erabiltzeko gaitasuna izatea. Proiektu ugari ditugu horren lekuko: Konpetentzietan oinarritutako BLOK proiektuak, Musikala, Baratza, Aitona-amonen Eguna, JUUL, Euskaraz Bizi, HIZPRO-Hizkuntza Proiektua…
  4. ELKARREKIN BIZITZEN JAKIN: Ikastolak benetako komunitateak dira, anitzak, ideologia, kredo ezberdinak dituzten pertsonez osatuak eta elkarrekin bizitzen jakitea landu behar den gaia da, giza balio sendoetan oinarrituta (errespetua, enpatia….) Ikastolek kooperatibismoan aurkitu zuten beraiei egokien lotzen zitzaion formula juridikoa, auzolana aldarrikatuz. Gizarteko beste eragile batzuekin harremana era garrantzitsua izan da: Erriberako kolektiboak, Euskalgintza…

Ezin dugu bukatu dokumental hau posible egin duten guztiak eskertu gabe: Lehendabizi, Nafarroako Gobernuko Kultura Departamentua eta nola ez, parte hartu duten pertsona guztiak. Guztiei, mila esker!

Izan, Ezagutu, Egin eta Elkarrekin bizi [dokumentala]Izan, Ezagutu, Egin eta Elkarrekin bizi [dokumentala]

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude