Gorka Knörr: “Euskal Herrian ez dute ulertu Katalunian gertatu dena”

Kataluniako eta Euskal Herriko banderen margolanak ditu bulegoko paretan zintzilik. Ahotsa urratuta hasi du elkarrizketa Gorka Knörrek (Tarragona, 1950). Abeslaria entsegutan ibili da, ekainaren 29ko Concert per la Llibertat musika kontzertuan parte hartzeko. Begi bistakoa da, gaztetatik soinean daraman gitarra ez du bazter batean utzi. Eginkizun politikoak ere ez: Kataluniako Asanblada Nazionaleko (ANC) partaidea da. Hortaz, Kataluniako independentziaren aldeko txindurri lan  dabilenetako bat da Knörr bera. ANCk antolatu zuen 2012ko irailaren 11ean Diadako manifestazio historikoa. Hurbiletik eta ilusioaren gozoarekin ikusi eta parte hartzen du Kataluniako prozesuan.

Knörrek elkarrizketa lotzeko e-mailetako batean idatzi du: “Somatzen dut Euskal herrian oraino ez dela jendea ohartu Katalunian bizitzen ari garen prozesuaz”. Hori argitzen saiatu da elkarrizketan. Non eta luxuzko bitxi-dendak Gaudiren arkitektura modernistarekin uztartu diren, Bartzelonako Gracia Pasealekuko bulegoan; aholkularitza juridikoan eta enpresen sustapenean aritzen da bertan. Orain gutxi arte Industria Kulturalen Institutuko zuzendaria izan da. Ahozko erantzunekin batera orri zurian boligrafo markak etengabe eginez segi dio elkarrizketaren hariari.

Gorka Knörr.

“Sentsibilitate handia dago

kulturaren gainean

eraikitzeko estatu berria”

 

Askatasunaren kontzertuan parte hartuko duzu. Zer esanahi eta garrantzi du ekimen horrek?
ANC datorren irailaren 11ra begira dago, eta kontzertu hau pentsatuta dago motorrak berotze aldera. Irailaren 11n giza katea egin nahi da, eskuz esku loturik Kataluniako lurralde osoa hartuz. Horren aurretik, udarako hilabeteetan jaialdi handia egin nahi zen. 60 bat talde eta kantari bildu gara, estilo eta jatorri anitzetakoak. Euskal Herritik Fermin Muguruza eta biok gaude. Neuri kanta adierazgarri bat egokitu zait, baina sekretua da momentuz. Esanahia? Handia, 80.000 pertsona biltzea, gainera toki sinboliko horretan [Nou Camp] izugarria da. Mundu mailan ere oihartzuna izango du ekitaldiak. Erabakitze eskubidearen aldeko ekitaldia izango da batez ere, nahiz eta %100ean independentistak izango garen.

Musikarentzako tarte gehiago al duzu Kataluniako Industrien institutuko buru lanak amaituta?
Azken lau urtetan Euskal Herriko zenbait kantariren artean kontzertuak antolatu ditugu, Niko Etxart, Txomin Artola, Gontzal Mendibil, Urko eta bostok. Aurten gutxiago egin dugu, Euskal Herrian ere zuzeneko musikaren beherakada nabarmena ikusten ari gara eta. Uztailean itzuliko naiz Euskal Herrira. Horrez gain, oraingoz ez dut gehiago egingo. Gero atsedenaldia hartuko dut. Egitekotan irailetik aurrera.

Igartzen al da loraldi indendentista sorkuntza kulturalean?
Kultura berez beti anitza izan da, baina gizartearen beste arlo askotan bezala, kultura mailan ere independentziaren oihartzuna sentitzen ari da gero eta indartsuago. Une batzuetan ere igartzen da hori. Esate baterako, Iazko azaroan Bartzelonako Lizeora Raimon-en 90. urtebetetetzea ospatzeko joan ginen. Halako batean publikoa independentziaren alde oihuka hasi zen. Hori ez zen inoiz gertatu bere kontzertu batean. Aldaketa esparru horretara ere heldu da. Gainera, ANCko partaidea eta bolondresa naiz eta tokatzen zait da kultur kontuak koordinatzea. Sentsibilitate handia dago kulturaren gainean eraikitzeko estatu berria.

Dyango abeslariak telebistan elkarrizketa sonatua izan zuen, Espainiari abestetik Kataluniaren askatasunaren alde egitera pasa delako.

Kataluniako nazionalismoa ez da Euskal Herrikoa bezain estankoa?
Transbertsalitate handia dago, gizarte osoa zeharkatzen du. Sei urtetan gertatu da hori. Lehen independentistak ziren, esan dezagun, ERC eta beste txoro batzuk. Gaur egun hori erabat aldatu da. Independentziaren aldeko sentimendua izugarri transbertzalizatu da.

 

gorka knorr 2

“Independentziaren bidea

prozesu soziala izan da.

Gizarteak behartu ditu

mugitzera alderdiak”

 

Zer da Kataluniako prozesutik Euskal Herrian ulertu ez dena?

“Krisiaren eraginez,

euskal delako pribilegioak

begi txarrez ikusten hasi dira”

Izan da polemikarik azken aldian Kataluniako eta Euskal Herriko politikarien artean. Zer gertatzen da?
Hemen betidanik izugarrizko miresmena egon da Euskal Herriarekiko. Baina, hona krisi larria etorri da, eta Kataluniak ekarpen handia egin behar izan du Espainiari elkartasun gisa. Urtero Kataluniako BGPtik %8,5eko ekarpena egiten zaio Espainiari, eta euskaldunei aldiz ez zaie ezer ere eskatzen. Hor dago desadostasuna. Katalanek eskatzen dutena da tratu justu bat. Lehen ez, baina krisiaren eraginez, euskal delako pribilegioak begi txarrez ikusten hasi dira batzuk.

Eusko Alkartasunan ibilia zara, zer uste duzu EH Bildu koalizioari buruz?
Ikusteko dago zer gertatu behar den. Pentsa Joseba Permachek esaten zidan orain dela urte asko: “Gu tradizio politiko militar batetik gatoz”. Hori elkartzea EAko jendearekin ez da samurra izango. Halere, jendea animatuta ikusten dut, batez ere 1998tik aurrera sortu ziren hainbat ezinikusi baretu direlako, gaur egun indarkeria desagertu den heinean. Jende horrek elkarlanerako aukera du orain. Ikusi beharko da posible den edo ez den. Orain koalizio klabeetan daude. Ezker abertzale historikoak berea martxan jartzen duenean ikusi beharko da koalizioa gai den mantentzeko.

ETArik gabeko egoera nola ikusten dituzu?
Mesede handia egiten dio klarifikazio politikoari. Bestetik, badago beste kontu bat, Espainiako gobernuaren aldetik dagoen distantzia edo. Ez dira ari egoerak eskatzen duen papera jokatzen, horrek hainbat jende kezkatzen du. Ez dut argi ikusten zer gertatuko den. Orain arte emandako urratsak oso unilateralak izan dira, eta egoerak behar duena da batzuk eta besteak elkarrizketatu daitezela. Egoera berri baketsu bat egiteko gauzak adostea behar da. Oso pesimista naiz alde horretatik. Ez dut Espainiatik interes handirik ikusten, ezta Frantziatik ere.

Gogoratzen duzu argazki hau?

Zer eginkizun politiko zenituen garai hartan?

Nik hamazortzi urte nituela Bartzelonan ikasten nuen. Adin horrekin gertatu zen Parisko 1968ko mugimendua. Horrelako zerbait gertatzen denean eta hamazortzi urte dituzunean, politikarekiko duzun hurbilera oso ezberdina da. Nere belaunaldikook beti bizi izan dugu modu existentzial batean. Gehiago esango dizut, nik ez nuen siglarik izan Eusko Alkartasuna sortu zen arte. Alderdirik gabeko militante konsiderantzen nuen ordura arte nire burua, orain bezala. Orain lan egiten dut indar abertzaleetako militanteak elkarlanean lan egin dezaten. Politika gertutik zazpi bat urtez bizi nuen, Europako Parlamentuan eta itzultzean Eusko Alkartasunako Idazkaritza Nagusian eta legebiltzarrean. Harrezkero, parentesi hori itxi, eta ohiko lanera itzuli naiz.

abeslaria, concert llibertat, Euskal Herria, gorka knorr, Katalunia, pertur, politika
Iñaki Larrañaga

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

9 pentsamendu “Gorka Knörr: “Euskal Herrian ez dute ulertu Katalunian gertatu dena””-ri buruz

  • Donostiarra 2013-06-27 20:53

    Atentzioa ematen dit, edukietan sartu gabe, Euskal Herriaz zer distantziarekin hitz egiten duen gizon honek. «Ez dute ulertu» dio.

    • Gorka Knörr 2015-09-08 17:21

      Ni neu ere, agian, ez naiz horretaz konturatu. bainan esan nahi nuena, “Kataluniatik begiraturik, Euskal herrian ez dira konturatzen…”

  • Iban Tustan 2013-06-28 10:00

    “Somatzen dut Euskal herrian oraino ez dela jendea ohartu Katalunian bizitzen ari garen prozesuaz” da Knörrek idatzitakoa. Goiburua kazetariaren uztakoa da seguruenik.
    Edonola ere, harrigarria da niretzat ere, zein nolako hoztasunez bizi dugun Euskal Herrian kataluñako independentziarako trantsizioa edota egiten ari diren hizkuntzaren defentsa, gurearekin zer ikusirik ez daukana, hamaika traineru aurretik baitoaz horretan ere.
    Nago nahikoa zilborzaleak garela, prozesu guztietako brankan geundela sinistuta egon garela, eta askori ez diola graziarik egiten Kataluña ematen ari zaizkigun lezioak, hasi hizkuntzatik eta segi independentziarako prozesutik.

  • Iban, hein batean arrazoi duzu, baina ezer gutxi egin dezakegu PNVko (eta zer arraio, baita “ezker” abertzaleko) hainbaten jarreraren aurrean, hizkuntzari dagokionez. Han PPkoek ere egiten dute katalanez parlamentuan. Han denek edo ia denek dakite katalanez hitz egiten. Hemen hori inposaketa omen da, baita PNVkoentzat ere (Azkuna jauna…). Zer egin dezakegu euskaldun koherenteok gure hizkuntzaren alde??
    Bestalde, oraindik inork ez dit ondo azaldu zer dela eta garen insolidarioak gu (eta areago, zer dela eta izan behar garen solidario; zergatik eman dirua Espainiako lurralde pobreagoentzat, ez badiegu munduko beste herrialde pobreagoei ematen? Hori ez al da gure espainiartasuna onartzea?). Dakidala, gainera, Euskadik ere ematen dio dirua Espainiari (edo gutxiago xahuarazten).
    Mesedez norbaitek azalduko dit kontu hori?

  • Iban Tustan 2013-06-28 12:09

    Peio, hizkuntzaren alde egin behar duguna insumisioa, koherentzia eta harrotasuna sustatzea da, nire uste apalean, eta gure lagun abertzale espainierazaleek eragindako kalteak azalarazi, bertoko eta kanpoko españistandarren erasoei erantzun… Lan erraza, bistan da.
    Eta elkartasunaz diozunarekin guztiz ados. Zer dela eta izan behar dugu solidarioAGO (ez diegu nahikoa ordaintzen ala?) españistandarrekin? Nahiago ondasunak saharauiekin, palestinarrekin eta beste herri askorekin banatu, kolonoekin baino, normala behar lukeen legez.

  • Ez dakit ohartzen ote garen Kataluniak independentzia lortzen badu “Espainia”n geratuko den panorama beldurgarria (are beldurgarriagoa, alegia) izango dela.

    Guretzat hor ez dago inolako etorkizunik: ez ekonomikoki, ez politikoki, ez linguistikoki.

  • Euskovlaams 2013-06-28 22:53

    2011 eta 2012 urteak Bartzelonan bizi eta gero ni ere harrituta geratu naiz katalanek egin diguten “sorpasso”az gai honetan. EAJkoak kontzertu ekonomikoaerekin txakur bat bere hezurrarekin bezain pozik ikusten ditut eta ezker abertzalea berriz, Aiete gora, Aiete behera, atez-atekoa eta kaka-zaharrarekin. Apaltasun gehiago erakutsi beharko dugu eta katalanei gure babespena beldurrik gabe erakutsi. Urkulluk Kataluniako defizitari buruz esandakoa adibidez oso lotsagarria da.

  • Amonamantangorri 2013-06-29 15:31

    Ba ni fiesta izorratzera nator. Barkatu.

    1) CIUren proiektua hiru hamarkadatan zehar izan da Katalunia Espainan ahokatzea; ERC bera, sorreran ez zen alderdi independentista, iberista baizik.
    .
    2) Alderdi politikoak jendartean argi esaten ari dira, Transtizio Nazonal delako hori, egotekotan, oso maaaantsoa izanen dela…. Baldin batbatean Kataluniari Madriletik kontzertu edo konbenio ekonomikoaren antzeko bat eskainiko balitzaio, CIUk bederen berehalaxe jeitsiko lituzke bere aldarrikapen nazionalak.
    .
    2) “Espanya ens roba diote”, baina han osasuna esku pribatuetan utzi, eskua diru publikoen kajoian sartu eta retallada latzak sartzen ari dena ez da “Espainia”, Kataluniako burgesia katalan eta katalanista bizik.
    .
    3) Orain berriki independentismoa besarkatu duen sektore soziala, batez ere da krisi ekonomikoarekin bere perspektiba bitalak zapuzturik ikusi dituen erdi mailako klasea. Ez zait gaizki iruditzen, izan ere, sanoagoa da Espainiaren kontra altxatzea inmigranteen kontra baino, horiek ez baitute ezeren kulparik. Dena de,. independentismoaren goraldia, etorri bezala joan daiteke.
    .
    4) Katalanak konbentzituta daude castellerrak eginez eta Camp Nouak betez independentzia irabaziko dutela. Norberak pentsa dezala kontu horiek horrela diren ala ez.

  • Festa denontzat 2013-07-01 10:20

    EAJren proiektua ere, hori zen, eta hori da, Espainian ondo, edo ez hain ondo, baina ahokatzea. Egun ere, nahiago izan du PPrekin eta PSOErekin akordioak bilatu, ezker abertzalearekin ezertan nahastu baino. Independentzia aipatzen delarik, EAJri IKEA datorkio burura.
    Euskal (ohi) Herrian alderdi politikoek aipatu ere ez dute egiten trantsizio nazionala. Egunotan buru-belarri daude sartuta Komenioaren defentsan eta laster, kupoaren igoera izango dute negoziagai, trantsizioa eta nazioa beste bizitza baterako utzita.
    Kataluniako dirukutxan bertako burgesiak sartzen du eskua, eta alderdi gehienek, eta… aibala, Euskal (ohi) herrian bezala? Gainera, Espainiak aldez aurretik burruntzalia sartzen du hondoraino. Ni katalana banintz, jakinik etxean nahikoa lapur badagoela, behintzat kanpotik datozenak kanporatzen ahaleginduko nintzateke. Gero, gerokoak.
    Katalanek castellarrak altxa, Camp Nou bete, eta alderdi politikoak jarreraz aldatzera behartu dituzten gizarte sare anitz eta indartsuak osatuz, hizkuntza ikur eta nortasun ardatz bihurtuz, independentzia lortuko dutelakoan daude, gajoak. Guk geuk erakutsiko diegu, halako txatxukeriatan astirik galdu gabe, eta erderak amoroski bertokotuz, independentzia nola irabazten den!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude