Billy Bragg, John Hiatt, Wilco, Pete Seeger, Damien Jurado… euskaraz

Iban Arantzabalen Etxebarri blog-eko sarrera bat dakargu ZUZEU-ra, Lou Topet taldearen (eta Harkaitz Canoren) “Abesti bat gutxiago” egitasmoa dela eta -bost egun falta ditu crowdfunding kanpaina bukatzeko-, bertsioak ahotan hartzen dituena.

Billy Bragg, John Hiatt, Wilco, Pete Seeger, Damien Jurado… euskaraz“Bertsio zalea zara?” galderari nire inguruko denek ezetz erantzungo lioketen arren nik baietz. Zalea naiz. Gustatzen zaizkit bertsioak, jakinik badirela hainbat bertsio ezin ditudanak jasan. “Lau Teilatu”ren batzuk ditut buruan, esaterako. Ez, ez dut bertsio txarren artean Erentxun eta Monterorena, badira txarragoak eta asko. Zer egingo diogu ba, niri ez dit granorik sortzen aipatutakoak (bai badakit kulturetendako ez dela zuzena hau onartzea…).

Maila jasoko bertsioak… uff, gustatzen zait eta zelan gustatu “Mila esker!” bertsio diskoa, Lou Reeden kantuekin egindakoa. Ze kantu puskak! eta gustatu zait Txuma Murugarrenen lana testuak euskarara ekartzen. Eta ze pieza dauden! Ño! gogora datorkit “Who am I?” ederra, esaterako.

“Hacer una versión es ‘okupar’ con sentido una canción que ya existe” elkarrizketa irakurri  Noticiasen eta segituan lotu dut Jonan Ordorikaren bitartez heldu zitzaigun “Mila esker!” diskoarekin. “Abesti bat gutxiago” deitu eta Arkaitz Cano eta Oier Arantzabal tartean dabiltzan proiektu bat bazela banekien eta Kickstarterretik ere pasatua nengoen, baina elkarrizketa honek gogoa berpiztu dit diskoa entzuteko.

Pasarte batzuk (ZUZEU-k euskaratuak, originalean gazteleraz daude-eta):

– David Foster Wallacek zioen XXI. mendeko artista bat gustu oneko kleptomano bat dela. Originaltasunaren mitifikazioak kalte handia egiten dio sorkuntzari. Norbaitek idatzi edo konposatzen duenean, originala izan nahi du, besteengandik bereiztu, baina hobe da, derrigorrez zeurea izan beharrik gabe, definitzen zaituen zerbait egin eta gero hedatzea.

– Hori izan daiteke bertsioaren definizio on bat: zentzuz betetako zerbait. Bestalde, alferrekoa da bertsio lau edo berdintsuegia egitea, baita ezberdinegia den bat ere, ezagutuezina. Bertsio on batek dagokion mutazioa behar du izan: kantuari kapa bat gehitu behar dio originalaren gainean zintzilik gelditu dadin, kopia izatera heldu gabe…

– Kantu bat hiru gauza dira: sintesia, ulermena, eta anbiguotasuna. Kontakizun batek mila hitz behar ditu eta kantu batek 80 izan ditzake. Bestalde, nobela batean zalantzazko hitz bat testuinguruak azal dezake, baina kantu batean hamar aldiz anbiguoagoa da, esanahiak askoz zabalagoak dira. Hor dago kantuaren sekretua: zalantzazko espazio horietan, entzuleak bere burua jartzen du, norberak norbere bizitza.

(…)

Iban Arantzabalen testu originala eta osoa (hemen).

 

* Diario de Noticias egunkariko elkarrizketa Juan G. Andrés kazetariak egina da.

  Originalak ez darama ez Tom Hagen-en argazkia ez taldearen bideoa.

artikulu interesgarriak ...