Hauteskunde bideoak gogoratuz…

Aspaldiko hauteskunde bideoak

Beste behinAspaldiko hauteskunde bideoak, aurreiritziak zaborrontzira bota. Alderdi politikoen ikus-entzunezko spotak edukiz eta formaz aldatu dira urteotan. Spot horien bidez atzera begiratzeko proposamena da hau. Hitz eta irudien azpian gordetzen diren formak eta edukiak aztertzeko aukera.

HB: Iskanbilaren summuna izan zen iragarki hau. Zentsuratua izan aurretik ETAko kide batzuk Alternatiba Demokratikoa izeneko proposamena plazaratzen ageri ziren bideoan. Telebistek ez zuten emititu, baina Espainiako Auzitegiek HBko Mahai Nazionala atxilotzeko argudio gisa erabili zuten gertakizun hura. Bideora itzuliz, ezker abertzalearen elementuak ageri dira bete-betean. Eusko Gudariak abestiak ekiten du spota eta txistu soinu eta mendi paisaiekin ekiten dio diskurtsoak (Star Wars estiloko azpidatziekin batera). Kontu bitxia: Lehen panoramikaren bidea ikusi; sortu berri den eguzkitik mendi arteko behelainora egiten du. Argitik ilunera, ez dirudi  irudi itxaropentsua. Sortu alderdiak (eta bere logotipoak) alderantzizko bidea egin al du?

PSOE: 1996an Espainiako Gobernua galtzeko atarian zirela PSOEren kanpaina zuzendariek arma boteretsua berreskuratu zuten: beldurra. Unibertsitateetan erakusten den bideoa da hau.  Mundu ikuskera zuri-beltzaren ikus-entzunezko ekarpena, bi Espainien irudikapena. PSOEk saltzen zituen baloreak: sexu askatasuna, modernitatea, energia berriak… musika bizkor, irribarre eta koloreekin apaintzen ditu. Txarren mundua, ostera, PPrena, zuri-beltza da, iluna, mehatxagarria (Doberman txakur gogoangarria tartean), atzerakoia, itsua…  Ikuspegi manikeoa, onak eta txarrak, ikus-entzunezko bidez transmititu zuen PSOEk. Ez zion balio izan, Aznarrek irabazi zuen.

EAJ: Bideo hau ez da spot bakarra, EAJren historia hauteskunde bideoen bidez kontatua baizik. Alderdiaren ikus-entzunezko dokumentazioaren laburbilketa interesgarria eskaintzen du. Besteak beste, hogei urteko Joseba Egibar eta Juan Jose Ibarretxe nerabea ikusteak badu bere grazia. Spotei dagokionez berriz, azpimarratzekoa da EAJk abesti pinpirinak sortzeko izan duen joera. Horretaz gain, BAI kanpaina iragarki estiloaren aldaketa izan zen, Euskal Herriaren irudi sinbolikoetatik ihes egin eta mugiarazteko mezua lehenestu zuen.

NaBai: Ordagoa handira bota nahi izan zuen NaBaik orain urte batzuk bere iragarkian. Lur planetaren gogoeta sozio-zientifikoari heldu zion. Mundua konpontzeko asmo duen sekta baten itxura du, unibertsoaren interpretazio berritzaile baten proposamena. Iragarkiak lurreratze gogorra du: Albert Einsteinetik Uxue Barkosera egiten du jauzi. Mundua konpontzeko kosmo-ikuspegitik NaBai alderdiari bozka emateko gonbitera. Arraroa, ezta?

Abstentzioa: 2008ko Espainiako hauteskunde orokorretarako legez kanpoko Batasunak abstentziora jotzeko eskatu zuen. Nola lortu horrelakorik? Ikus-entzunezkoan zalantzarik ez zuten izan; egurra emanez. Alderdiz alderdi, banan banan, bakoitzari kritika edo iraina jaurti zion. PP-PSOE faxista, torturadore eta nazi gisa aurkeztu zituen. Urkulluri kartzelan presoak izatearen errua bota zion. Orain elkarrekin dabilen EAri Herriaren Lotsa gisa eman zion izena. Eta, azkenik, irudi argigarria: alderdi guztien bozkak zaborretan. Aldatu dira garaiak, ez al da hala?

Aspaldiko hauteskunde bideoak Aspaldiko hauteskunde bideoak