Antonio Baños: “Gure borroka Euskal Herriarentzat ere erabilgarria izatea espero dugu”

Antonio Baños –

Urriaren 1eko erreferendumaren atarian, Kataluniak kanpaina bukaera izan zuen atzo, iralak 29, eta milaka herritar elkartu zituen ekitaldi nagusi bat Montjuicen. Bertara joatekoak ginen geu ere, baina eguerdi ostean kalean ikusitako afixa batek bereganatu zuen gure arreta, “Independentziaren aldeko festa” zer eta… La banda Trapera del Riorekin! Eta norabidez aldatuta, Pau de Figueraserantz jo genuen, eta bertan gu bezain bazterzalea den gizon bat aurkitu, Antonio Baños.

CUPeko diputatu ohia hizlarietako bat izan zen ekitaldian, eta oholtzatik bajatuta adeitsu hartu zuen ZUZEUrekin hitzarte bat izateko proposamena. Hauxe duzue gaizki argiztatutako haurren jolastoki batean Sumate ekimeneko kideak kontatu zizkigunak, elkarrizketa bukatu ostean pairatutako kamera lapurketa ahaleginak kale egin zuenari esker plazaratzen duguna.

.

«Azken urteotan harritu egin nau nola antolatu den jendartea, guztiek jakin dute uneoro zer egin behar zuten»

Harritu egin nau jendarteak, nola autoantolatu den jendea. Kalera irten eta ez zen beharrezkoa zer egin behar zen esatea, bost urteotan jendeak erabaki du zer egin. Pentsa, eskutik helduta 470 kilometrotako elkarretaratzea egiterae iritsi ginen, sekulako erokeria; eta mundu guztiak ulertu zuen.

Une honetan, non hamar mila poliziatik gora ditugun kaleetan eta sekulako errepresioa bizi dugun [kasu bideoari, aipamena egin eta polizia agertzen baita!], mundu guztia bare-bare dago, badakite zein hautesleku babestu behar duten, nori lagundu bozka dezan… sorpresaz hartu dut. Liburuetan irakurria genuen, 36an eta, nola jendeak boterea hartu zuen, baina… zuzenean bizitzen ari gara, XXI. mendean. Eta horrek harritu nau.

.

«Urriaren batekoak zenbat garen kontatzeko balioko du, baina gero herriaren erabakia aplikatzen hasi beharra dago»

Urriaren 1eko erreferendumak aldekoak zenbat diren kontatzeko balioko du, ea ezezkoa nahi dutenak baino gehiago garen jakiteko. Gero, bi bide jarraitu beharko dira. Batetik, beharrezkoa izango da politikari katalanak Madrilera eta Bruselasera joatea, jendartearen erabakia eskuan erantzun bila, “aizue, zer egin behar dugu?”. Baina bestetik, herriaren borondatea aplikatu beharra dago, horrela esaten baitu erreferendumaren legeak berak.

CUP eta sindikatu batzuk, adibidez, greba orokor bat deitzearen aldekoak dira. Ezin duguna da pentsatu igandekoa piknik bat baino ez dela, eta garrantzitsuena Rajoy Madriletik botatzea dela, Podemosekoek dioten eran. Hau matxinada demokratiko bat da, eta urriaren 1eko erabakia defendatu beharko dugu urriaren 2tik hasita.

.

«Ezjakintasunean bizi izan da Espainia, bukaerara heldu eta beranduegi izan den arte ez da mugitu»

“Espainiak ez du kale egiten”, dugu independentistok leloetako bat, huts egin ahal badu huts egingo duela-eta. Kataluniaren kasuan, horrela izan da! (kar, kar). Estereotipoekin funtzionatzen dute. Katalanei buruzkoak diru zaleak garela diote, bigunak, eta bukaerara arte joaten ausartzen ez garenak; eta horixe da Espainiak sinetsi duena. Pentsatu du gure artean haserretuko ginela, edo atzera bota, edo diruarekin konponduko zutela afera. Badakit absurdoa dela zazpi milioi eta erdiko komunitate batekin klitxeen arabera jokatzea, baina horrela egin izan dute; euskaldunok badakizue zer den hori.

Beraien apustua ezer ez egitea izan da, inora helduko ez ginelakoan. Eta beraz, bukaerara heldu garenean baino ez zaie otu hona txapelokerrez betetako Piolin barkua bidaltzea. Ezjakintasunean bizi da Espainia, errepresioa baino eragingo ez balu ere izugarria litzatekeena. Baina gainera, gurea azken orduan diru apur batekin konponduko zuten afera zela uste zuten. Eta horrela dabiltza.

.

«Euskal Herriak sekulako errepresio militar basatia pairatu izan du, horregatik ez da askea»

Presente izan dugu beti Euskal Herriak urte luzez pairatu izan duen errepresio basatia. Arnaldo Otegi -eta beste asko- kartzelaratu izan dute, hedabideak itxi, Intxaurrondo, torturak… Mugimendu bakoitzak bere epeak ditu, eta Euskal Herriak gauza asko berraztertu beharko ditu; gauza asko aldatzen dabil. EAJren postura sosteniezina da, begira dezatela Convergenciari zer gertatu zitzaion, militanteek bultzatu zuten independentista izatera.

Ezker Abertzalea eraldaketa fase batean dago, ez ahula delako, sekulako errepresioa jasan duelako baizik, ez dezagun ahaztu. Euskal Herria ez bada librea prozesu militar errepresiboa bizi izan duelako da. Hemen ere saiatu dira, berandu eta txarto, eta gainera zuokin antzekotasunak bilatzen, kale borroka eta abarrak aipatuta. Ez dute besterik, lurralde kudeaketa errepresioan oinarritzen dute-eta. Eta jakin badakigu Euskal Herria motelago badoa, edo Katalunia azkarrago, ibilbide krudela izan duelako dela. Halere, elkartasuna heltzen da, beti ari gara elkarri borrokarako tresnak bidaltzen, asmatu nahian. Espero dugu Katalunian gertatzen ari dena baliogarria izatea Euskal Herriarentzako ere, horixe da gure nahia.

Antonio Baños: "Gure borroka Euskal Herriarentzat ere erabilgarria izatea espero dugu"Antonio Baños  Antonio Baños  Antonio Baños  Antonio Baños  Antonio Baños  Antonio Baños 
#katU1, Antonio Baños, CUP, erabakitzeko eskubidea, Erreferenduma, independentzia, Katalunia, Urriak 1

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude