Elorrixa, 80 urteko ibiltaria [bideoa]

Elorrixa, 80 urteko ibiltaria –

Jose Mari Elordi Agirrebeitia “Elorrixa” goitizenaz da ezaguna Markina-Xemeinen. “Ibiltari” fama dauka gizonak, izan be, esfortsuaren eta atseginaren arteko irribarra aurpegian dabela topatuko dozu beti, makila eskuan eta pauso bizkorragaz.  Guk behintzat, horrelakoxea dogu bere irudia.

Elorrixa, 80 urteko ibiltaria
Elorrixa, atzean Santa Eufemiako ermita dabela.

Elorrixak 80 urte bete ebazan joan dan abuztuaren 5ean, eta urtebetetzea behar zan lez ospatzeko, ez eutson erronka makala jarri bere buruari; herria inguratzen daben (gutxi gora behera) lau tontorren buelta osatzea: Urregarai, Oiz, Urko eta Max (Kalamua). Egia esan, orain hiru urte okurritu jakon balentria, 80 urte betetzen ebazenerako hiru bider, urtero behin, aipatutako mendi buelta egitea. Azkena, ustez, joan dan abuztuaren 27an osatu eban, Karmengo Iturrian goizeko 7.00etan martxan jarri eta 16.00ak inguru Goiko Portalera bueltatuta (Antzeko ibilbidea dago Wikilocen: 40 kilometrotik gora eta bi mila metroko desnibela).

Medikuak esanda hasi ei zan oinez Elorrixa, eta harrezkero ez da gelditu. Gaztetan, Ondarroa-Ondarroa martxa eta Hiru Handiak askotan egin ebazan, Bizkaiari buelta emondakoa da, eta Aralarko San Migeletik Xemeingora ere etorri izan da (edo aldrebes zan?). Mendizale amorratua izanda, tontorretan askatasuna aurkitzen dabenetakoa da, halandaze, asko sufritu ei dau konfinamenduan.

Juanjo Elordi semearen berbatan, “Koronabirusa dala-eta, azken aldian, ematen dau, zaharrak beldurtuta eta ezkutuan dabizela etxean edo zahar etxetan, eta akaso bizi poza eta adorea erakusten daben beste eredu bat agertzen dau, neurri baten, gure aitak egindako erronkak”. 

Bero egin eban abuztuaren 27an, baina sasoiko heldu zan Elorrixa Karmengo iturrira. Bertan egozan zain, Mogel idazlea zanak Ugarte partetik datorren ura goratzeko aspaldi-aspaldi idatzi ei ebazan bertsoen azpian -“Ur au ederra zala/esanic aitubac/alan arindu dira/neque ta castubac”-, Maribi Bilbao andrea eta Intza Elordi iloba, Iñigo eta Juanjo semeak eta “lagun on bi”, Sumiña eta Karia.

Goiko portaletik goizeko 7.00etan ekin, eta zortziak pasatxotan Urregaraiko tontorrean zan, 11.00ak laurden gutxitan Oizen, ordu biak baino lehen Urkon eta hiruak laurden gutxitan Maxen (Kalamuan); hori da hori martxa! Oizerainoko bidea bakar-bakarrik ibili eban, eta hortik aurrerakoa semeekin, Iñigoren laguntzagaz tarte bat, eta Juanjogaz  beste bat. Urkon, seme nagusia ez eze, Intza ere zain eban, aitxitxeri jeupada egiteko prest. “Dana ondo joan zan, eta sasoi onagaz” heldu zan Markina-Xemeinera, oinez hasi eta bederatzi ordu geroago.

Balio begiez honetxek lerrook, Elorrixaren antzera, mendigoizaletasunaz gozatu eta zahartzaroan be ilusioa mantentzen daben gure nagusie gorazarre lez. Biba zuek!

Elorrixa, 80 urteko ibiltaria