Zure gorputzean txip bat eramango zenuke?

 Zure gorputzean txip bat eramango zenuke?

Rafa Bañalesek gai korapilatsu bati heldu dio, Sarean.eus atarian galdera hau eginda: “Zure gorputzean txip bat eramango zenuke?”.

Belgikako enpresa batek bere langileei txip bat eskuan txertatzeko aukera eskaintzeak bazterrak harrotu ditu eta mundu osoko agerkarietan proposamen honen berria zabaldu da. Berehala, hedabide guztietan, aldeko zein kontrako iritziak plazaratu dira, segurtasuna, pribatutasuna eta norbanakoen eskubideen inguruan luze idatziz.

Zure gorputzean txip bat eramango zenuke?Are gehiago, zenbaiten aburuz, Gauzen Interneterako nahitaezko pausoa da eta beste teknologiak ere txipetan erabiltzeko aukeraz aritu izan dira, mota guztietako erabilpenak gogoan; konorterik gabeko eri baten identifikazioa zein historia klinikoa txertatuta eramateko, pasaportea eramateko, ordainketak egiteko, tentsioa edo beste bizi-konstanteren bat neurtzeko, …

Enpresako langileei eskaini zaien txipa, RFID teknologian oinarriturik dago eta lantokira sartzeko erabiltzen den identifikazio txartelaren ordezkoa da. RFID teknologia zaharra da, 1920 eta 1960 urteen inguruan du sorrera, baina azkeneko hamarkadetan lortu du arrakasta komertziala eta, egun, biltegietan, animaliak identifikatzeko, autobideen tele-ordainketarako edota eraikinetan sartzeko txarteletan erabiltzen ohi da.

RFID teknologian etiketa aktiboak eta pasiboak daude. Langileei eskaini zaien txiparen barruan, RFID etiketa pasibo bat txertatzen da; hortaz, txipak ez du bateriarik edo bestelako energi iturririk behar. Txipa sarrerako eskanerrera hurbiltzen dugunean, eskanerrak berak sortzen duen energia nahikoa da txiparen erantzuna eragiteko.

.

Nolakoa litzateke?

Txipa pasiboa izateak bere garrantzia du, osterantzean, bateria beharko baitzuen eta, ondorioz, tarteka kargatu edo bateria aldatu beharko geniokeelako. Gainera, irrati-uhinak igortzen dituen txip bat balitz, nor legoke prest txip hori azalpean eramateko?

Halatan, mugarri honek gaur egungo teknologia askoren bidea ixten du, egun, informazioa igortzeko teknologia gehienak aktiboak baitira. Era berean, etiketa pasiboek igorri dezaketen informazio kantitatea mugatua da, energi ttipiarekin bidali behar baita. Ondorioz, azalpeko txiparen erabilpen aukerak asko murrizten dira.

Azkenik, berrikuntza itzeltzat aurkeztu diguten “pauso” hau, aurretik aipatu bezala, animalietan aspaldi erabiltzen den teknologia da eta ezberdintasun bakarra txipa pertsonengan txertatu izana da.

.

Etorkizuna?

Hala eta guztiz ere, badago berrikuntza bat gertatutakoan. Gure gizartean, IKTek eskaintzen dituzten tresnak baliatuz, arreta berenganatu dezakeen edozerk munduari buelta eman diezaioke ordu gutxi batzuetan. Horri gure berri-gosea gehitzen badiogu, marketin kanpainak sortzeko tresna izugarria dugu eskuartean. Eta hori da, hain zuzen ere, NewFusion enpresak egin duena. Bere webgunean argi adierazten duenez: NewFusion is the unique combination of a Technology and a Marketing Agency!”. Eta gu, ni barne, marketing kanpaina horren laguntzaile bilakatu gara. Ohitu behako dugu garai berrietara, marketinaren tresna berrietara.

Zure gorputzean txip bat eramango zenuke?
Askatasuna, txip
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude