Zure bikotea ez da hain adimentsua

Zure bikotea ez da hain adimentsua –

Josu Lopez-Gazpio Kimikan doktoreak Zientzia Kaieran.

Gizakiok geure inteligentzia zenbatekoa den aurresateko gaitasuna dugu, eta modu nahiko zehatzean egiten dugu, gainera. Besteen adimena zenbatekoa den jotzeko gaitasuna ere badugu, eta horretarako ez dugu informazio asko behar, ikerketek adierazi dutenez. Hala ere, normalean norberaren adimena gehiegi balioesten da, alegia, uste duguna baino adimen-gaitasun txikiagoa dugu. Orain frogatu berri denez, bikote erromantikoaren adimena are gehiago balioesten dugu. Beste modu batera esanda, zure bikotekidek uste duena baino ergelagoa zara.
Zure bikotea ez da hain adimentsua
Zure bikotea uste duzuna baino ergelagoa da, eta zu ere ez zara uste duzuna bezain azkarra, ikerketen arabera (Michal Jarmoluk).

Normalean, geure adimenari buruzko ideia onegia izaten dugu, beste zenbait ezaugarriren kasuan gertatzen den bezala -eta horrela frogatuta dago-. Horretaz gainera, Gignac eta Zajenkowski ikertzaileek egindako lanak frogatu berri duenez, bikotekidearen adimena ere gehiegi balioesten dugu -norberaren buruarena baino gehiago, ikusi dutenez-. Ikerketaren helburu nagusiak lau izan dira: alde batetik, bikote erromantikoaren adimena gehiegi estimatzeko efektua eta norberaren adimena gehiegi estimatzeko efektua aztertu dituzte. Bestetik, emakume eta gizonek adimenak estimatzeko duten gaitasuna aztertu dute. Horretaz gainera, adimenaren bateragarritasun subjektiboak eta objektiboak bikoteen egonkortasunean duen edo izan dezakeen efektua aztertu dute.

.

Adimen-kozientearen balioespena

Ikerketa aurrera eramateko ikertzaileek 218 bikote heterosexual aukeratu zituzten, batezbeste 6 urtez elkarrekin egon direnak. Oro har, jakina da korrelazioa dagoela norberaren adimen objektibo eta subjektiboaren artean, nahiz etra bigarrena pixka bat altuagoa izan ohi den. Esaterako, 2018an AEBtan egindako inkesta batean ikusi zen inkesta egin zutenen %65ak uste zuela batezbestekoa baino adimen altuagoa zuela -inkestaren lagina nahiko handia bazen, %50 ingurukoa izan behar zuen datu horrek ezinbestez-. Beste ikerketa baten emaitzen arabera, gizonen adimen-koziente subjektiboa objektiboa baino 7.8 puntu altuagoa da eta emakumeen kasuan, aldiz, ez dago desberdintasun adierazgarririk.

Era berean, orain arte egindako ikerketetan ikusi denez, bikotekidearen adimena garrantzitsua da bikote-bilaketa etapan, modu kontziente edo inkontzientean. Emandako azalpenen arabera, adimena eboluzio-abantaila garrantzitsua da eta ondorengoei heredatzea gomendagarria da hori. Hortaz, sexu-hautaketa egiterakoan, garrantzitsua da adimena estimatzeko tresnak izatea. Zentzu horretan, frogatuta dago informazio gutxirekin gizakiak gai direla adimen-kozientearen balioespen nahiko zehatza egiteko.

Gignac eta Zajenkowskik egindako ikerketan, parte-hartzaileei haien bikotearen adimena 1etik 25era puntuatzea eskatu zitzaien -adimen subjektiboa neurtzeko-. Bestalde, APM deritzon adimen testa erabili zuten adimen-koziente objektiboa neurtzeko. Lortutako emaitzen arabera, parte-hartzaileek haien adimen-kozientea 30 puntu altuago estimatu zuten. Oro har, emakumeen %0,9k eta gizonen %1,8k bakarrik adierazi zuen bere adimena batezbestekoa baino baxuagoa zela -testaren emaitzen arabera datu horiek %68,8 eta %55,0 ziren, hurrenez hurren-. Bikotekideen adimenaren kasuan, aldeak are handiagoak dira. Gizonek uste zuten haien bikoteak 5,5 puntu adimentsuagoak zirela balio objektiboarekin alderatuta eta emakumeek, aldiz, haien bikoteak 7,7 puntu adimentsuagoak zirela.

Lortutako beste ondorio garrantzitsua zera izan zen: emakumeek ez dute gizonek baino gaitasun hobea adimenak estimatzeko, eta alderantzizkoa ere ez da egia. Horrek ondorio garrantzitsua dakar lotuta, hain zuzen ere, bikote-bilaketa prozesua ez dela gizonek lehiatu-emakumeek aukeratu eredua, baizik eta biek aukeratu eredua. Horrek adierazten du gizonek eta emakumeek lehiatzen dutela bikotekidea aukeratzerakoan edo, gutxienez, horren aldeko frogak ematen ditu, ikertzaileek diotenez. Edozein kasutan, bikoteak aztertzean ikusi dutenez, adimen-koziente objektiboaren eta subjektiboaren aldea ez da lotu bikoteen arteko harremanaren asebetetze-mailarekin.

Gignac eta Zajenkowskiren ikerketaren emaitzen arabera, beraz, bai gizonek eta bai emakumeek haien adimena gehiegi balioesten dutela frogatu da, eta baita haien bikotekideen adimena ere. Ezin izan da frogatu genero batek besteak baino gaitasun handiagoa duenik adimen-kozientea estimatzeko eta, azkenik, ez da loturarik aurkitu adimen-kozientearen antzekotasunaren eta bikote-harremanen arteko asebetetzearekin. Ikertzaileek ohartarazi dutenez, orain arte emakumeek haien adimen-koziente gizonek baino neurri txikiagoan ematen zieten balio handiagoa, baina, desberdintasun hori geroz eta txikiagoa dela dirudi -emakumeen nartzisismo-maila gizonezkoen mailarekin parekatzen ari denaren seinale-.

Zientzialariek ikerketak dituen mugak aipatu dituzte, besteak beste, adimena neurtzeko testaren mugak -hitzezkoa ez den adimena bakarrik neurtu dute-. Hala ere, ikerketak informazio eta datu argigarriak ekarri ditu norbere burua balioesteko gehiegizko gaitasunari buruz eta, gainera, ikusi da gaitasun hori bikotekidearengan ere islatzen dela. Hortaz, litekeena da zure bikotea ez izatea uste duzun bezain adimentsua. Zu ere ez.

.

Erreferentzia bibliografikoa:

Gignac Gilles E., Zajenkowski Marcin, (2019). People tend to overestimate their romantic partner’s intelligence even more than their own. Intelligence, 73, 41-51. DOI: https://doi.org/10.1016/j.intell.2019.01.004

Informazio osagarria:

Zure bikotea ez da hain adimentsua Zure bikotea ez da hain adimentsuaZure bikotea ez da hain adimentsua Zure bikotea ez da hain adimentsua Zure bikotea ez da hain adimentsua Zure bikotea ez da hain adimentsuaZure bikotea ez da hain adimentsua Zure bikotea ez da hain adimentsua

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Zure bikotea ez da hain adimentsua”-ri buruz