Zientzia gizarteratzeko ahaleginari aitortza, CAF-Elhuyar sarietan

Zientzia gizarteratzeko ahaleginari aitortza, CAF-Elhuyar sarietan –

  • Alaitz eta Iraia Etxabide Etxeberria, Miguel Querejeta Pérez, Iñaki Odriozola Larrañaga eta Josu Lopez Gazpio dira sarituak.

  • Ander Gortazar Balerdik eta Jacek Markusiewicz-ek jaso dute beka, “Bastartak!” proiektua garatzeko; eta Ekaia EHUko Zientzia eta Teknologia aldizkariarentzat izan da Merezimendu Saria.

  • 71 lan jaso dira; eta parte-hartzaileen artean genero-oreka egon da.

Atzo izan zen CAF-Elhuyar sariak banatzeko ekitaldia, Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan (Donostia). “Egin jauzi, eta sortu uhin hedakorrak” zen sariketaren leloa aurten, eta horretara ausartu direnei aitortza egiteko asmoz egin zen ekitaldia. Hain zuzen, zientzia eta teknologia gizarteratzeko ahalegina egiten dutenen lana aitortzea da sariketaren helburua, baita xede horrekin bat egiten duten proiektuak bultzatzea ere.

Zientzia gizarteratzeko ahaleginari aitortza, CAF-Elhuyar sarietan

Azpiko ilaran eta ezkerretik hasita:  Asier Vallejo Ruiz eta Olatz Arregui Uriarte (Ekaia aldizkaritik), Arantza Aldezabal Roteta (Iñaki Odriozola Larrañaga sarituaren ordezkari). Zutik eta ezkerretik hasita: Ander Gortazar Balerdi, Miguel Querejeta López, Iraia Etxabide Etxeberria eta Josu Lopez Gazpio.

Aurten 71 lan aztertu behar izan dituzte epaimahaikideek, eta, haien artetik, hauek izan dira sarituak, kategoriaren arabera:

Dibulgazio-artikulu orokorraren saria Alaitz eta Iraia Etxabide Etxeberria ahizpek irabazi dute, “Irtenbide zirkularra, mundua irensten ari den nonahiko zaborraren kontra” izeneko artikuluarekin. Plastikoen arazoari aurre egiteko irtenbideak ikertzen ditu Alaitzek, eta idatzi duen artikulurako ilustrazioak egin ditu Iraia ahizpak. Lesakarrak dira, eta bien arteko elkarlanaren emaitza izan da lan saritua.

Egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluaren saria, berriz, Miguel Querejeta Lópezek eskuratu du, “Zulo beltzen sinfonia” lanarekin. Querejeta donostiarra da, eta Alemaniatik etorri da saria jasotzera, Max Planck Astrofisika Institutuan baitabil ikertzen. Zulo beltz erraldoien eta galaxien arteko elkarrekintzari buruz egin du tesia, eta ez da CAF-Elhuyar sari bat irabazten duen lehen aldia: 2013an ere jaso zuen, artikulu orokorraren kategorian.

Aurten, bigarren aldiz banatu da Neiker Sari Berezia. Lehen sektoreko lanak saritzen dira haren bidez, eta aurtengo saritua Iñaki Odriozola Larrañaga da (Zestoa), “Euskal mendiak herbiboroek zizelkatuak” lanarengatik. Hark ere bere tesian oinarrituta idatzi du artikulua.

Bestalde, zientzia-kazetaritzaren arloko lanen kategoria ez du kazetari batek irabazi, kimikari batek baizik, Josu Lopez Gazpio tolosarrak. Lan handia egiten du dibulgazioan, eta horren erakusgarri da saria irabazi duen artikulua: “Gabonetako oporraldiak osasunean duen kaltea”. Zientzia Kaieran argitaratu zuen, Gabonetako oporrak hasi aurretik, hain justu.

Guztiek ere 2.000 euroko saria eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bana jaso dute.

Sariez gain, 5.000 euroko diru-laguntza bat ere eskaintzen du CAF-Elhuyar sariketak, zientzia eta gizartearen arteko zubi-lana egiten duten proiektuak bultzatzeko asmoz. Aurtengoan, arkitekturaren gaineko gogoeta eta teknologia uztartzen dituen proiektu batek irabazi du: “Bastartak!”. Egileak: Ander Gortazar Balerdi donostiarrak eta Jacek Markusiewicz poloniarrak, arkitektoak (RAZ kooperatiba).

Azkenik, Elhuyar Fundazioaren Patronatuak Elhuyarren Merezimendu Saria ematen du. Haren bidez, euskara normalizatzen eta zientzia gizarteratzen egindako lana aitortzen du. Eta, aurten, Ekaia EHUko Zientzia eta Teknologia aldizkariarentzat izan da. Izan ere, ia 30 urteko ibilbidean, euskarazko zientzia-aldizkarien kalitatea nazioarteko hainbat aldizkariren mailakoa dela frogatu  du Ekaia aldizkariak.

Sariak banatu ondoren, iaz Zientzia Gizartean sorkuntza-beka jaso zuen  proiektuaren emaitza erakutsi zuten egileek, Armintxe Animazio Taldeak: “Miraila” animaziozko film laburra.

Sariketaren antolatzaileak eta babeslek. Ezkerretik hasita: Marian Uriarte Ormazabal (epaimahaiaren ordezkari), Bittor Oroz Izagirre, Josune Zabala Alberdi, Igor Arrondo Esnaola, Joxe Begiristain Aizpurua, Leire Cancio Orueta, Jose M. Pitarke de La Torre, Leire Baraño Orbe, Eva Ugarte Sagastizabal

Bertaratutakoen artean, saridunez eta haien lagun eta senideez gain, epaimahaikideak eta zenbait erakundetako ordezkariak izan ziren, besteak beste, Jose M. Pitarke de La Torre, Elhuyar Fundazioko lehendakaria eta CIC nanoGUNEko zuzendari nagusia; Leire Cancio Orueta, Elhuyarreko zuzendari nagusia; Igor Arrondo Esnaola CAFeko Giza Baliabideetako ordezkaria; Bittor Oroz Izagirre, Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea; Josune Zabala Alberdi Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria; Miren Elgarresta Larrabide Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun zuzendaria; Eva Ugarte Sagastizabal NEIKER-Tecnaliako Teknologia eta Berrikuntza zuzendaria; Leire Baraño Orbe, NEIKER-Tecnaliako zuzendari nagusia; Asier Vallejo Ruiz, Ekaia aldizkariaren koordinatzaile nagusia eta Iñaki Alegria Loinaz, UEUko zuzendari ohia.

Epaimahaikideak, berriz, hauek izan dira dibulgazio-artikuluak eta kazetaritza-lanak epaitu dituztenak: Leire Cancio Orueta, Elhuyarreko zuzendari nagusia; Arturo Elosegi Irurtia, ekologoa eta EHUko ikertzailea; Marian Iriarte Ormazabal, kimikaria eta EHUko ikertzailea; Alberto Barandiaran Amillano, kazetaria eta idazlea; eta Uxune Martinez Mazaga, Euskampus Fundazioko Zabalkunde Zientifikorako arduraduna.

Lehen sektoreko lan onenari eskainitako NEIKER- Sari Berezian, Eva Ugarte Sagastizabal NEIKER-Tecnaliako Teknologia eta Berrikuntza zuzendariak ere egin ditu epaile-lanak.

Azkenik, Zientzia Gizartean sorkuntza-bekara aurkeztutako proiektuak, honako hauek epaitu dituzte: Maria Gil Rodriguez, Elhuyar Zientzia unitatearen arduraduna; Josu Rekalde Izagirre, EHUko Artea eta Teknologiako katedradunak eta Koldo Almandoz de La Cruz, zinema-zuzendaria.

Zientzia gizarteratzeko ahaleginari aitortza, CAF-Elhuyar sarietan Zientzia gizarteratzeko ahaleginari aitortza, CAF-Elhuyar sarietan Zientzia gizarteratzeko ahaleginari aitortza, CAF-Elhuyar sarietan Zientzia gizarteratzeko ahaleginari aitortza, CAF-Elhuyar sarietan
Caf-Elhuyar, sariak, zientzia

Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude