Zientzia fede kontua ere bada

Zientzia fede kontua ere bada –

Joan zen astean atera nuen fedearen kontua, eta ez alferrik, uste baitut garrantzitsua dela gauza bat argi eta garbi uztea. Zientziaren oinarria, zientziaren euskarri nagusia, fedea da, sinesmena. Zientziak sinetsi beharra dauka, eta sinesten du, unibertsoa ulergarri zaiola giza-adimenari. Orain arte izandako arrakastak ematen du, beharbada, hori horrela dela sinistu eta etorkizunari baikor begiratzeko bidea, baina, egia esan, froga zientifikorik ez dago batere. Beraz, unibertsoa ulergarri den edo ez, fede kontua da, baina hori sinistu gabe ez dago zientziarik.

Zientzia fede kontua ere bada
 Tales Miletokoa.

Pentsatzen hasita, ordea, harrigarria da unibertsoa ulergarri izatea. Are harrigarriagoa da, ordea, unibertsoa algoritmo matematikoetara errenditzeko modukoa izatea, eta hala dela dirudi. Baina hori hala bada, mundua ulergarria bada, alegia, ez da berez hala behar duelako. Bestela ere izan zitekeen, berez: zergatik ez? Naturak bere legeak ditu, behin eta berriz betetzen diren arauak, baina izan zitekeen horrelakorik ez izatea ere.

Fisikariona beste kontu bat da. Gerard Holton Harvardeko irakasleak “Joniar liluramendua” esapidea asmatu du, guri fisikarioi bereziki eta  zientzialariei orohar gertatzen zaiguna adierazteko. (Bide batez esanda: Holton Donostian egon zen, Einsteini buruz  egin genuen kongresu bikain hartan, punta-puntako beste zientzialari askorekin batera).

Holtonek Tales Miletokoa gogoan zuela asmatutako “joniar liluramendu” hori, funtsean, zera baino ez da: fisikariok dugun barne sinesmen sakon hori, naturan ordena bat badagoela eta ordena hori natur lege gutxi batzuen bidez azaldu litekeela itsu-itsuan sinistera garamatzan fede hori… hori da, azken batean, Holtonen “joniar liluramendua”.

Bi errealitate desberdin modu egokian uztartzen asmatu duelako izan du gure garaiko zientziak izan duen arrakasta. Batetik, errealitate fisikoa, esperimentuen bidez egiaztatzen dena; bestetik, berriz, kontzeptu eta irudien errealitate abstraktua, matematikek ematen duten barne-koherentziaren bilaketan sortua. Alde horretatik, beste hainbat aldetatik bezala, greziarra da gure garaiko zientzia, eta Arkimedes da gu guztion aitzindari.

Baina zientzia ez da agortzen bere aplikazio praktikoetan. Hori baino askoz gehiago da zientzia. Batetik, adimenaren abentura da zientzia; bestetik, gure garaiko kulturaren funtsezko zatia ere bada, eta, azken urteotan, erro-errotik aldatu du munduaz eta geure buruaz dugun ikusmoldea. Nire ustez, eta ez ditut gainerako ekarpenak inola ere gutxietsi nahi, gure garaiko zientziaren kontzeptu-eraikina da gizateriak auzolanean sekula egin duen kultur obrarik garrantzitsuena, eta baita arte-lanik ederrena ere.

Zientzia fede kontua ere bada

JAKIN BANEKI