Ziberkondria, XXI. mendeko gaixotasuna

Ziberkondria

Interneten sozializazioak eragin zabala izan du zentzu askotan, bereziki informazioari dagokionez. Sekulako albiste eta errankizun zaparrada jasotzen dugu, eta “hiperinformazio” horrek berak dakar desinformazioa. Batzuetan esaten dena gezur hutsa delako, edonork idatzi baitezake sudurraren puntan jarritakoa sarean; besteetan desitxuratuta zabaltzen direlako zenbait kontu, arrazoi beragatik.

ZiberkondriaInfomazio faltak edota demasak eragin zuzena dauka zenbait eremutan, baina zinez esanguratsua da osasunaren esparrua. Gaixotasun zantzuak dauzkaten askok jotzen dute internetera erantzun bila, beraien minen iturri eta konponbideak topatu nahian. Praktika honek kontzeptu berri bat sortu du: ziberkondria. Hots, osasunarekiko ardura neurrigabea (hipokondria), baina erantzun bila internetera joz etengabe; hipokondria digitala, beraz.

DMedicina atarian izan dut honen berri. Web honetan aholkatzen dutenaren arabera, beti lehenetsi behar da medikuari bisita egitea; hala eta guztiz ere ez diote sarean begiratzea erabat debekaturik dagoenik, baina bai argi izan behar dela non begiratu. Noski, horretarako beraien web orria aholkatzen dute, baina ez naiz fido, sarean dagoenez.

Egin daitekeen akats larrienetakoa ez da sintomen zergatiaren bila sarera jotzea, bertan aholkatzen dutenaren arabera norberak botikak hartzea baizik. Finean, gaixotasunak ez dira berdin azaleratzen pertsona guztiongan, ezberdinak garenez. Gainera, blog eta eztabaida-lekuetan tokiz kanpoko iruzkin asko agertu ohi dira (ZUZEU adibide), eta horrek antsietatea sor dezake (ZUZEU adibide).

 

Gauza asko aldrebesten ari direla deritzot. Jendeak kalean egiten du pixa, eta komunetan drogatzen da. Oso jatorra da sare sozialetan, baina parez pare ez hainbeste. Mendi maratoiak eta ultra-trailak egiten dituen jendeak autoa hartzen du kilometro batera daukan lanpostura joateko. Ezagutzen ditudan makrobiotikaren jarraitzaile sutsuenak erretzaileak dira, geroz eta gazte gehiago omen dira bitaminak hartu beharrean aurkitzen direnak, eta neska gazte ugarik vodakrekin bustitzen omen dute tanpaxa, baginatik sartuz berez zintzurretik joan behar zena, horrela gehiago jotzen duelako (vodkak, neskak ez dakit). Corpore sano-ren garaian (mens sana-rena baino) paradoxikoa da zenbait esfortzu egiten den estetika zaintzeko, eta osasuna, aldiz, sarean topa daitekeen edozer gauzaren esku utzi. 

Ziberkondria
Desinformazioa, hiperinformazioa, hipokondria, Internet, osasuna, Ziberkondria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude