Zertan dira gauzak Wikimedian? Aurten ere Wikimania

Zertan dira gauzak Wikimedian? –

Joan da Wikimania 2019, abuztuaren 14tik 18ra Stockholm Suedian egindakoa. Wikimediako proiektuko talde eta pertsonen urteroko topagunea dugu, parada ederra Wikimediako beste proiektuen berri izan, geurea zertxobait erakutsi, eta proiektu arteko harremanak abantzarazteko zein lankidetzarako aukerak identifikatzeko. Aurten biko talde bat abiatu gara euskal wikilarietatik, bertatik zerbait (eta gehiago) probetxugarri ekarri eta han zerbait ere uzteko asmoz.

Garapen iraunkorreko helburuak eta ikuspegi estrategikoa

Aurtengo topaketak Stronger Together: Wikimedia, Free Knowledge and the Sustainable Development Goals izan du goiburu (“Elkarrekin sendoago: Wikimedia, ezagutza askea, eta garapen jasangarriko helburuak”), Nazio Batuen Museo sortu berriak ateratako printzipio taularen arabera. Stockholm erdialdean ostatu hartu eta Stockholmeko Unibertsitatera abiatu ginen. Sarrerako hitzaldia jasangarritasun helburu horien ingurukoa izan zen; izan ere, Wikimedia mugimenduak bere egin ditu horiek biltzar honetarako. Ezagunak zaizkigu puntu horietako batzuk: pobreziarik eza, goserik ez, kalitatezko hezkuntza, genero berdintasuna, kontsumo eta produkzio arduratsua, lan duina eta ekonomia hazkundea, etab. Guztiak ere ia edonork onartuko lituzkeen printzipioak.

Zertan dira gauzak Wikimedian? Aurten ere Wikimania

Printzipio horiek bat datoz mugimenduaren estrategiak daraman norabidearekin, erdigunean ezagutza askea jarrita, ezagutza guztientzat, eta guztiok eraikitzen dugun ezagutza. Horregatik dira Wikimediako proiektuak, tartean dela Wikipedia, lizentzia askekoak, lankidetzan egindakoak eta copyright lege estuetatik aske, berrerabil daitezen.

Trebakuntza, harremanak eta hezkuntza

Wikimaniako saioek, askotariko wikilariek proposatuta, bederatzi arlo landu zituzten, gela eta areto desberdinetan: estrategia (2030), teknologia, ikerketa, hezkuntza, hazkundea, hizkuntzak, lankidetzak, segurtasuna. Parte-hartzaileok saio batetik bestera lehiatzen gara saio erakargarrienean egoteko. Gai garrantzitsua dugu hezkuntza, zalantzarik gabe; Hezkuntza Programa indarrean da gure unibertsitateotan 2017tik (EHU, Mondragon…), eta ez dira gutxi eman dituen fruitu oparoak. Orain nazioarteko unibertsitateetara jauzi egingo dugu, euskal kultura sustatuz? Ea ba. Trebakuntza ere arlo garrantzitsua da Wikimania topaketetan, adibidez, alderdi teknikoei eta berrikuntzei buruzkoa. Eta badugu premia gure Wikipediako taldean! Wikimaniako saioetan, aukera paregabea izan genuen aurrez aurre ikusi ez ohi ditugun Wikipediako teknikariekin eta beste wikilariekin elkartu eta hitz egiteko.

Hizkuntza gutxituak eta dibertsitatea

Puntu garrantzitsua dugu beti beste hizkuntza gutxituetako kideekin harremanetan jartzea. Wikimediako topaketetan, bilkura (meetup) informal bat egin ohi da hizkuntza gutxituetako kideak elkartzeko, eta abuztu honetan ere hala egin dugu. DIBERTSITATEA da, hain zuzen, Wikimediako printzipioetako bat, eta hor kokatzen da bete-betean gure ekimena: printzipio hori gogoraraztea egokitzen zaigu.

Bat egin dugu tatarera eta oriya hizkuntzako ordezkariekin (kokatzeko, Errusia eta Indiakoak, hurrenez hurren), eta hizkuntza gutxituen taldearen ernamuina sortu (biziberritu); askoz gehiago elkartu zaizkigu gero. Zorionez, komunikazioa irekia eta etengabea da orain (ikus hemen xehetasunak eta estekak). Kitxuen ordezkari batekin mintzatzeko parada ere izan dugu, artean ahozkotasunetik idazkuntzarako jauzia ematen ari direla.

Bideak irekitzen, dibertsitatea lantzen

Berdintasunaren eta berdindu beharraren zakuan, toki gutxi izaten da desberdintasunerako; aurtengo garapen jasangarrietako helburuen taulan, ez da dibertsitatea aipatzen, are gutxiago hizkuntza gutxituak. Badugu, beraz, zertaz arduratu, eta eztabaidagunean bildutako hizkuntza gutxituetako proiektuek badugu horren alde ere zer egin.

Bestaldean, goxoki egiaztatu ahal izan dugu interesez jarraitzen dutela nazioartean gure jarduna, eta orain arte EU wikilariok egindakoak balorazio oso onak jaso dituela. Segi dezagun, bada, the rolling stone gathers no moss, dabilen harriari goroldiorik ez lotzen (onerako, espero dezagun!).

Zertan dira gauzak Wikimedian? Aurten ere Wikimania
Iñaki Lopez de Luzuriaga

Euskal Wikilarien Elkarteko kidea, itzultzailea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude