Zer gehiagorako balio du iPhone batek?

Guztiok dugu iPonearen bertuteen berri, modu batera ala bestera. Baina bere aplikazio indartsu eta harrigarriez haratago (deiak egin eta jasotzeko ere balio duela ahaztu gabe; telefonoa da azken batean), iPhoneak baditu beste erabilera batzuk, oraindik gehiegi aprobetxatu ez direnak eta gailua tresna zeharo erabilgarri eta perfektua egiten dituztenak (Steve Jobs berpiztuko balitz…). Beraz, zer gehiagorako balio du iPhone batek?

Gauzak gogoratzeko

Betiko post-itak, beren kolore horixka adierazgarriarekin eta atzealdeko itsasgarriarekin, iPhonera egin dute salto, bertsiorik tradizional eta klasikoenean. Hau da, betiko bertsioan. Ondo da, ondo da; badakit gauza bera egiten duten ehunka aplikazio daudela, baina, uki ditzakezu? Behatzekin senti ditzakezu? iPhonetik hizketan zaudela erabil ditzakezu? Pantaila itzalita eta telefonoa blokeatuta badago, ikus ditzakezu? Ez. Ba horixe bera. Bi alde txar ditu bakarrik. Bat: azkenean, asko erabilita, erori egiten dira. Bi: ez dute soinurik egiten, beraz, ezingo dizute ordu jakin batean abisatu; baina lasai egon, iPhonea eskuartean asko erabiltzen baduzu edota mahai gainean izan ohi baduzu, ez duzu alarmaren beharrik izango.

 

Aulki eta mahai herrenak altxatzeko

Klasiko bat. Bulego eta etxe guztietan dago mahai edo aulkiren bat kolokan, ez du sekula hutsik egiten. iPhone bat baduzu, tokiko heroia bihurtuko zara eta zopa jatea edota apunteak hartzea jarduera arriskutsuak izateari utziko diote betiko.

 

Ispilu gisa

Kaxatik atera ondoren ematen diogun lehen erabilera da. Bere pantaila handi, garbi eta distiratsuan (hatzaparrak gainean jartzen dizkiozun arte) norberaren asmo txarrenak ere islatzen dira. Ezpainak margotzea, lentillak jartzea edo begian sartu zaizun espazio-ontzia aurkitzea inoiz baino errazagoa eta erosoagoa izango zaizu iPhone bat izanez gero.

 

Kraskagailu gisa

Intxaur eta hur sasoia da, intxaurrondo eta hurrondoak fruituz gainezka daude. Euskal herriko txoko basatienetan paseatzea gogo baduzu eta naturak oparitzen dizkigun fruituak biltzeko ohitura baduzu, iPhonea zure lagunik onena izango da. Hartu intxaurra edo hurra bi behatzekin eta ipini gainazal lau batean; ondoren, kolpekatu zure iPhonearen izkinarekin, bolumenaren botoiak dauden izkina da onena. Modu horretan, diru asko aurreztuko duzu dentistarenean.

 

Edalontzi-azpiko gisa

Amorragarria da oso, ur putzu txiki bat uztea mahai gainean lehen zure edaria zegoen tokian. Lanean bazaude, mahukak bustitzen dituzu, paper guztiak itsatsita geratzen dira eta hondatu egiten dira. Eta edaria gardena ez bada, are okerrago. Ez baduzu kartoi zati ala elementu aproposik inguruan, zure iPhonea aukera onena da edalontzi-azpiko gisa erabiltzeko. Edaria amaitzean, alkandoran igurtzi (zeurean ala beste lankide astun baten alkandoran) besterik ez duzu egin behar ikuzteko eta berriro gorde ahal izateko. Eroso-eroso lanean jarrai dezakezu.

 

Kokaina marrak egiteko

Parrandara irteten bazara eta kolokatu nahi baduzu, ez dituzu garunak urtu  beharko (geratzen zaizun garun apurra) hauts zuria lerrokatzeko gainazal baten bila. iPhoneak luzera perfektua du eta zabalera aproposa zure kaka beste bi lagun gehiagorekin partekatzeko. Baina adi, norbaitek telefonora hots egiten badizu eta trastea dar-dar egiten hasten bada, akabo; berriro hasi behar..

* Argazkiko hori ez da kokaina, irina baizik. Sentitzen dut marrak oso txukunak ez badira, baina zorionez, ez dut batere praktikarik halako gauzekin.

 

Marra zuzenak egiteko

Eta, azkenik, beste marra mota bat. Ezer gutxi esan dezakegu honi buruz, agerikoa da eta. iPhonea lau alde zuzen-zuzendun poligonoa da. Gainazala guztiz laua du eta horrek egonkortasun handia ematen dio. Horregatik, oso baliagarria da paper gainean lerro zuzenak, perpendikularrak edota paraleloak (gutxi gorabehera) marrazteko.

 

Eta hoberena: iPhonearen aukera hauek guztiak aprobetxatzeko ez duzu bateria tanta bat ere beharko!

iPhone

UDAZKEN KOLOREAK