Zer gailu erabiltzen duzu argazkiak ateratzeko?

Uda garaia aproposa da kamera kaxoitik atera eta bisitatzen ditugun tokiak argazki bidez gure etxean betikotzeko. Dena den, argazki ederrak ateratzeko ez dago urruti joan beharrik eta argazkilari trebe batek edonon aurkituko du markoa merezi duen irudia. Halere, ezin ukatu kamerak baduela zeresana irudi-kalitatean.

Horregatik, gaur egun kamerei ematen zaien erabileraz jakin minez, gogoeta bat etorri zaigu burura: garai batean argazki kamera analogikoak ziren jaun eta jabe, 2000 urtetik aurrera digitalak hedatzen hasi ziren, eta, orain?

Sakeleko telefono gailuak kalitatezko argazkiak ateratzeko gai dira, bai behintzat kamera merkeenak bezain onak edo hobeak. Reflex gailuak daude bi hauen gainetik, horiekin atera baitaiteke zukua argazkigintzak eskaintzen dituen baliabide eta aukera guztiei. Bestalde, badira beste bi argazki gailu modan daudenak. Tabletak ez dira asko ikusten baina erraz igartzen dira: futbol zelaian aldaketa iragartzen ari den hirugarren arbitroa dirudite argazkilariek. Bestea, 20 urte eta gero berriz modan jarri direnak: Polaroid kamerak edo Lomo estilokoak.

Argazkiak egiteko gailuak zerrendatzen hasita ez dago ia amaierarik: bideokontsola eramangarriak, 3D kamerak, tabletak…

Eta, zuk, zer gailu erabiltzen duzu argazkiak ateratzeko?

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.