Zenbat kolore ñabardura zenbatu ditzakezu?

Zenbat kolore ñabardura zenbatu ditzakezu?

Euskal Herriko Unibertsitateko Kultura Zientifikoko Katedrak euskaraz argitaratzen duen hedabide digitala da Zientzia Kaiera. Bertatik jaso dugu Luis Pastorren “Hizkuntza koloretan” artikuluaren lagin hau. Euskal Filologian lizentziatu, doktoregaia da egun Pastor, eta psikolinguistika du ikerlerro Gogo Elebiduna ikerketa-taldean.

Hizkuntza koloretan

Internetetik zehar askok ikusiko zenuten hurrengo irudia, bertan zenbat kolore ikusten diren galdetzen delarik. Zuk zenbat ikusten dituzu? Batzuek esango duzue 20 kolore daudela, banaka batzuek berriz, 39 ikusiko dituzue; gainerakoek 32 kolore bereiziko dituzue. Egia esan, 39 kolore desberdin agertzen dira irudian.

Zenbat kolore

Zenbat kolore-ñabardura zenbatu ditzakezu? (DervalResearch)

.

Kolore-froga hau neuromarketinean adituan den Diana Derval irakasleak garatu du. Haren arabera norberak begian dituen kono-banaketaren ondorio dira ikusi eta zenbatu ditzakegun koloreak. Kono hauek begietan dauden zelula espezializatuak dira eta bakoitza sentibera da oinarrizko kolore batekiko (gorria, berdea eta urdina); hau da, kolore-hartzaileak dira kono horiek. Beraz, 20 kolore baino gutxiago ikusten badituzu, bikromatikoa zara, bi kono bakarrik baitituzu; berriz, 20-32 kolore bitartean ikusten badituzu, trikromatikoa zara, hiru kono desberdin dituzulako; eta azkenik, gai bazara 33-39 kolore tartea ikusteko, zorionak, lau kono mota baitituzu begietan.

Zenbat koloreBaina ikus dezagun koloreen mundu hau hizkuntzaren ikuspegitik. Hala, aurreko galdera berridatzi egin behar da: Zenbat kolore izenda ditzakezu? Seguru emakumeak gai izango direla gizonak baino kolore gehiago izendatzeko. Israel Abramov psikologoaren ikerketa baten arabera, emakumeek hobeto antzematen baitituzte kolore-tonuak gizonek baino. Baina emakumeen kolore-gaitasun hori alde batera utzita, hiztun batzuek kolore gutxiago izendatuko dituzte beste hiztunekin konparatuta. Kolore-izenak ez datoz bat ere hizkuntza desberdinetan eta hiztunek kolore desberdin izendatuko dituzte. Adibidez, Groenlandiako inuit batek gorria, berdea eta horia bakarrik izendatuko lituzke hasierako argazkian; euskaldun batek, berriz, hiru horietaz gain urdina, marroia, purpura, arrosa, laranja, grisa, eta beste hainbat ere izendatuko lituzke. Hau ikusita, askok uste dute hizkuntzak ezartzen dituela mugak kolore-espektroan.

Kolore-ñabarduren bereizketa emakume-gizonetan

.

 “Hizkuntzaren mugak dira nire munduaren mugak” zioen Wittgensteinek

XX. mendearen erdialdean hainbat hizkuntzalarik defendatu zuten hizkuntzak gure pentsamendua moldatzen zuela; edo beste modu batean esanda, hizkuntzek baldintzatu egiten dutela hiztunen pentsaera eta mundu-ikuskera. Hizkuntzalaritzan ideia horri Sapir-Whorf hipotesia deritzo, Edwar Sapir eta Benjamin Lee Whorf hizkuntzalarien omenez. Askok agian ezagutuko dute hipotesi hau azaltzeko erabili ohi den adibidea: eskimalek 100 hitz desberdin dituzte elurrerako, ingelesek ordea bat bakarrik. Laura Martinen (1986) aburuz ordea, eskimalek bi hitz baizik ez dituzte elurrerako: qanik (airean dagoen elurra) eta aput (lurrean dagoen elurra). 1990.eko hamarkadan hipotesi honek galdu egin zuen ospea hizkuntzalari eta psikologoen artean, baina azkenengo urteetan badirudi mugimendu neo-whorfiano bat berpiztu dela psikohizkuntzalaritzan. Kolorearen pertzepzioa ikertu izan da Sapir-Whorf hipotesia frogatzeko, eta azken urteetako ikerketek erakutsi dute hizkuntzak eragina duela koloreen pertzepzioan.

Kay eta Kemptonek (1984) ingeles eta tarahumararen (Mexiko iparraldeko hizkuntza baten) hiztunen urdin eta berde koloreen pertzepzioa aztertu zuten. Ingelesez kolore biak izen desberdinekin esaten dira (blue eta green, hurrenez hurren), baina tarahumara hizkuntzan siyóname hitza baizik ez da erabiltzen; beraz, ez dago hizkuntza horretan bi koloreen arteko desberdintasun lexikorik. Esperimentuan, partaideak mahai baten aurrean esertzen ziren eta mahaiaren gainean hiru fitxa ikusten zituzten: haietako bi antzeko kolorekoak ziren (adibidez, urdina eta urdinxka) eta hirugarrenak kolore desberdinekoa (adibidez, berdea). Ikertzaileek eskatzen zien partaideei aukeratzeko hiru fitxetatik zein zen kolore desberdinekoa. Emaitzek erakutsi zuten ingeles hiztunek oso ondo bereizten zituztela urdina eta berdea; tarahumarako hiztunek, berriz, ez zuten horrelakorik egiten.

(…)

Laburbilduz, ikerketa hauek erakusten dute modu batean hizkuntzek eragin egiten diotela koloreen pertzepzioari. Hala ere, Pinker ez dator bat ondorio honekin:

“Gizaki guztiek paleta berdinez margotzen dituzte hautematen dituzten munduak, eta horrek baldintzatu egiten ditu koloreak izendatzeko erabiltzen dituzten hiztegiak. […] Eta, hizkuntzak beren kolore-hitzei buruz bat ez datozenean, berriz, aurrez iragartzeko modukoa da bat ez etortze hori, eta ez balizko hitz-sortzaile baten apeta idiosinkratikoen araberakoa. [Labur esanda], koloreak nola ikusten ditugun, hala ikasiko ditugu haientzako hitzak ere, eta ez alderantziz.” (Pinker, 2010:63-64).

Era berean, ez da egia artikulu horiek euskarri bat ematen diotela Sapir-Whorf hipotesiari. Izan ere, hizkuntza hitzak baino zerbait gehiago baita. Hitzak hiztunok gure inguruan dagoen errealitatea deskribatzeko sortutako kategoriak dira:

“Errealitatea osatzen duten oinarrizko kategoriak ez daude munduan; aitzitik, norberaren kulturak erazten ditu. Pentsaera eta hizkuntza gauza bera direla pentsatzea zentzugabekeria konbentzionaltzat jo genezakeenaren adibide bat da. […] Pentsamenduak hitzen mendean badira, nola sor liteke inoiz hitz berririk? Nola ikas lezake haur batek hitz bat? Nola liteke hizkuntza batetik besterako itzulpena egin ahal izatea?”. (Pinker, 2010:58)

IRAKURRI ARTIKULU OSOA

Zenbat kolore ñabardura zenbatu ditzakezu?

EHU, hizkuntza, koloreak, Zientzia Kaiera
Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

4 pentsamendu “Zenbat kolore ñabardura zenbatu ditzakezu?”-ri buruz

  • Nik gehienez 35 ikusten ditut, baina uste det froga hau benetan ondo egiteko, ordenagaiua ez dela lekurik oberena, monitorearen kalibrazioaaren arabera aldaketa asko egon bait daitezke, nik nire lanagatik lau monitore dauzkat, bi kalibratuta eta beste bi kalibratu gabe, eta kalibratuta ez dauden monitoreetan gutxiago ikusten ditut.

  • Zu baino hobeto daukat kalibratuta David, nik 37 ikusten ditut! 😉

  • Aupa! Ba kostata baina batzuetan 38 eta besteetan 39 “ikus” ditzaket! “Ikus” kakots artean zeren ez da ikusi-ikusi. Batez ere ondokoengatik bereizten dudala da.

  • Mekauen zotz, nik 29 baino ez

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude