Zenbat balio du ogi barra batek?

Zenbat balio du ogi barra batek? –

Lorea Arakistain Aizpirik Sarean.eus atarian.

Ohituta gaude Interneteko prezioen bat-bateko igoerekin eta jaitsierekin. Horrez gain, prezio dinamikoak kalean ikustetik gertu egon gaitezke, ogiaren prezioan adibidez. Izan ere, negozio fisikoaren eta digitalaren arteko mugak gero eta efimeroagoak dira. Ikus dezagun nola.

Zenbat balio du ogi barra batek?
Argazkia: Judit Besze “MUSETTE bakery”.

.

Marketinaren pertsonalizazioa

Web bidezko saltokiak gero eta pertsonalagoak dira. Eskaintzen duten esperientzia espazio fisiko batean izango genuke bizipenaren antzekoa da gero eta gehiago: erosketa erraza eta intuitiboa da, tarteko informatika eta prozesuak ikusezin, ukiezin bihurtzera arte.

Saltoki digitalen ahaleginak zuzentzen ari dira aurrea hartzera, bezeroak ezer bilatu aurretik erosteko prest dagoena eskaintzera. Hau da, herriko dendek duten abantaila hori imitatzera, ezagutzen gaituen herriko dendaria berdintzera. Hainbat baliabide erabilita:

  • datu-analisiak
  • txatak
  • gomendioak

Marketinean pertsonalizazioa esaten zaion horrek ordezkatzen du dendariaren lana.

.

Datuen aurrean erreakzionatu

Horretarako datuez baliatzen dira. Datuak, datuak eta datuak, ez dago beste gairik.  Datuak bildu eta prozesatzeaz gain, datuon aurrean ahalik eta azkarren erreakzionatu behar da. Datuak haiek baino une egokian erabiltzeko gaitasuna da abantaila.

Datuak erabili daitezke erabiltzaileei laguntzeko, gustatuko zaien hori eskaintzeko edo eta gatibu dugun erabiltzaileari ahalik eta etekin ekonomiko handiena ateratzeko.

Ez da asko hegaldi bat erreserbatu nuela oso prezio onean. Jarraian, hegaldi bera erreserbatzen ahalegindu nintzen beste hiru lagunentzat eta hirukoitza eskatzen zidan webguneak hegaldiko. Banekien zer ari zen gertatzen, banekien bazekitela pertsona horiek hegaldi zehatz hori behar zutela, elkarrekin gindozela. Surge pricing esaten zaio tarifa dinamikoen estrategia horri.

Sarea aldatu, vpn bidez konektatu, beste gailu bat bilatu… eta hainbat proba egin ostean lortu nuen sistemak ni ez identifikatu eta jatorrizko eskaintza berreskuratzea. Nazka-nazka eginda, behar baino denbora gehiago galduta, baina helburua lortuta.

.

Estrategia digitalak espazio fisikoetan

Online dendak saltoki fisikoen pertsonalizazioa ezartzen ari diren bezala, denda fisikoak ere ahaleginduko dira online dendetan funtzionatzen dute taktika komertzialak haien negozioetan ezartzen. Supermerkatuetan, adibidez.

Oso bitxia da supermerkatuetan gertatzen dena. Ordaintzen dugunean identifikatzen gaituzte, fidelizazio-txartelaren bidez, badakite nor garen eta gure fitxan erregistratzen dute gure erosketa. Atetik ateratzeko gauden une horretan gertatzen da hori: agian, gehiago bueltatuko ez garenean, egin zezaketen guztia egin gabe utzi dutenean. Akaso, deskontu-txartelen bat emango digute hurrengo erosketarako. Hurrengo erosketarako? Eta, ez bagara bueltatzen?

Online dendek iristen garenean identifikatzen gaituzte, eta horren arabera pertsonalizatzen dituzte eskaintzak eta prezioak. Bezeroak irteeran beharrean sarreran identifikatu ahal izatea da gaur egungo supermerkatuen erronka.

.

Prezio aldakorrak supermerkatuan

Identifikazioa erabili daiteke eskaintzan zein prezioan eragiteko.

Elikagai denda fisikoak, dagoeneko, apaletako etiketa elektronikoekin esperimentatzen ari dira eta horrek aukera ematen die hainbat faktoreren arabera prezioak urrunetik edo automatikoki aldatzeko.

Prezioak finkatzeko algoritmoek hainbat aldagai aplikatu ditzakete, hala nola egunaren ordua, eskaria, kokapena, lehia edo bezeroen erosketa patroiak.

Imajinatu surge pricinga hegaldietan ez ezezik eguneroko erosketetan. Are gehiago, imajinatu surge pricinga eguneroko erosketetan supermerkatu fisikoetan. Ogiaren prezioan, esate baterako. Ogiaren prezioa aldakorra izan liteke eskariaren, orduaren edo eroslearen arabera.

Badirudi, epe ertainean saltokiek gaitasuna izango dutela sareko estrategiak saltoki fisikoetan ezartzeko. Sektorearen transformazio digitala da aurrez aurre duguna. Ikusteko da bezeroak prest dauden ogiak zenbat balioko duen ez jakiteko eta egunetik egunera ezberdin ordaintzeko. Hainbat komunikabidetan aipatzen diren inkestek ezetz dioten arren aldea dago generazioaren arabera eta millenialak aldekoak lirateke.

Supermerkatuen transformazio digital honetan oso kontuan hartzekoa da generaziorik gazteenak prezio aldakorrekin hazi direla sarean. Hauentzat ohikoak dira prezio dinamikoak eta eskaintza onak eskuratzeko aukera gisa hautematen dituzte. Ez dute prezio guztiak finkoak ziren garairik ezagutu.

Zenbat balio du ogi barra batek? Zenbat balio du ogi barra batek?

Salabardoa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen ditut, gure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude