Asteburu honetan (eta beti): Marmitakoa, Xolomo Sapiens gogoan

Asteburu honetan (eta beti): Marmitakoa, Xolomo Sapiens gogoan

Asteburu honetan (eta beti): Marmitakoa, Xolomo Sapiens gogoan

Xolomo Sapiens Hasier Etxeberriaren gastronomiarako ezizena da. 60 urte betetzear joan zaigu minbiziak jota, baina proiektu, lagun, eta ondare zabala utzi du, gastronomia munduan ere bai, artean PAGOTXA RZk gure proiektu gazte hau. Umorez, seriotasunetik baina jolastuz, bere buruari parrez bere perfileko argazkia ikusten duzuenez, momentu ederrak eta beti barnean eramango ditugunak geuretzat…

Besarkada handiena familiari, Lu-ri berezia, eta eskerrik zintzoena eman ez besterik. Faltan botako haugu! Muxurik gozoena!

Lan bikaina eta lagun bikainak sukaldaritza, sukaldari eta sukaldearen inguruan, esku ona, ideia hobeak, komunikazioan maixu, beti laguntzeko prest, euskal sukaldaritzak izan duen bilakaeran berebiziko garrantzia izan duela esatera iristeraino. Batzuk ahaztuko genituen arren, merezi du berak egindako lanen zerrendaz jabetzea:

ETBn: Zopa haundi, Lapikoka, 14 Euskal sukaldari (Argiñanoren lehen lana) Janedanak (13 dokumental), Sukalde maisuak (Sei dokumental: Arzak, Atxa, Andoni Luis, Subijana, Arbelaitz, Berasategi).

Liburuak: Sukaliztegi partikularra (Egin), Erabateko sukaldea (Julian Bereziartu eta luis Irizarrekin. Ttarttalo), Gipuzkoako sukaldea (Berasategirekin. Kutxa), Sukaldean/A cocinar (D. de Jorgerekin. Lur), Clorofila (Andoni Luis, Unai Ugalde eta Sanchez-Ostizekin. Mugaritz), Porca memoria (D. de Jorgerekin. Rba),…

Sukaldean proiektuan, liburuaz gainera, app eta webguneak badaude, Sukaldean.com eta Sukaldean.eus errezetategiak itzelak dira, euskaraz MILA errezeta baino gehiago dituztenak…

Guía Repsol-erako ere idatzi du azkenaldian: Juan Mari Arzak: un profeta en su tierraLágrimas de no llorarEneko Atxa, la búsqueda obsesiva del saborEn busca de la sopa (de pescado) perdidaLa historia de Oiangu Baserria, el caserio rescatado por cuatro cocineros noveles.

Hitzaldiak gastronomiaz eta jatunkeriaz, etab. luzea…

Geuk pagotxa zeurekin, afizio, ondare, adiskidetza eta sukalde proiektuak gozatzen izan duguna, eta euskal kultura gastronomikoaren zorra eta eskerrona handia zalantzarik gabe. Joan menua prestatzen, su eztian, zure mahaira pozik hurbilduko gara zure lagun guztiak lehenago edo beranduago… Adiorik ez, eskerrak denak, ordurarte… bitartean beste muxu goxo handi bat!  😉

Pagotxatarrak

Xolomo Sapiens gogoan

@ArzakRestaurant-ek bidalitako twitterreko argazkia “Gogoan izango ditu sukaldaritzak bere lanak. Besarkada bat familia guztiari. Goian bego Hasier Etxeberria” mezuaz.

 

Berak nahi lukeen bezala guk sukaldearekin gozatzen jarraituko dugu, bizitza dastatuz, jatunkeriez hitzegiten eta gure ondare eder hau zabaltzen, euskaraz nola ez. Hasierren hurbilekoek badakite, bere marmitakoaz eta horren aitzakian une oroigarri goxo asko dira, beraz gaurkoan marmitakoaren RZ dakarkizugu, sukaldean.com-etik hartu duguna, zuk ere goza dezazun eta denok partekatzeko omenaldi gisara. Gozatu eta on egin!

Marmitakoa

Marmitakoa

Asteburu honetan eta beti: Xolomo Sapiens gogoan eta marmitakoa

Osagaiak

  • Atunaren azalak eta hezurrak, kg erdia inguru
  • 8 koilarakada handi oliba olio birjina estra
  • 2 azenario, xerretan moztua
  • 2 baratxuri ale
  • Tipula bat, zatitua
  • Porru bat, zatitua
  • Ura
  • Pipermorro gorri bat
  • 2 piper berde
  • Uretan beraturiko 2 piper txorizeroen mamia
  • Tipulin bat, pikatua
  • 4 patata eder
  • Katilukada bat tomate saltsa
  • 400 g atun, dadotan moztua
  • Perrexil xehatua
  • Gatza

marmitakoa - sukaldean.com - xolomo sapiensErrezeta

  1. Salda egiteko: Kazola batean, 2 koilarakada oliotan, su bizian eztituko ditugu azalak eta hezurrak, eta barazkiak gaineratuko ditugu ondoren, baratxuri ale bakarra, zurituta. Urez oparo estali, gatza eman eta 15 minutuan eduki dezagun guztia irakiten. Iragazi.
  2. Marmitakoari segida emateko, su eztian betiere, 4 koilarakada oliotan beratuko ditugu 5 minutuz piperrak eta tipulina, ongi pikatuak.
  3. Beste baratxuri alea xehatua erantsi eta biraka eragin guztiari, zuritu, pobreen moduan puskatu eta barazki hondo horretan edukiko ditugu minutu batzuetan beratzen.
  4. Tomate saltsa erantsi eta beste minutu batzuk edukiko dugu guztia gozatzen.
  5. Ondoren, oparo estaliko dugu guztia aurrez egindako saldarekin. Gatza eman eta su eztian edukiko dugu kazola, patata puntuan eta xamur egon arte.
  6. Bukatzeko, padera batean 2 koilarakada olio ipiniko ditugu eta ongi berotu ondoan, atun dadoak salteatuko ditugu hartan. Bizkor egin behar da hau, arraina lehor ez dadin.
  7. Patata saldan irauliko dugu ondoren hegaluzea. Gatz puntua neurtu eta zuzendu ondoan, perrexila hautseztatuko dugu gainean.
  8. Berehala zerbitzatu behar da, lehortu egingo baita atuna berotasunean luzaro egonez gero.

 

Kasu

Barazkiak sueztitzen ari garenean, mina ere erants diezaiokegu, pipermina esate baterako. Atunen garaitik kanpora, marmitakoa ere egin ahal izango dugu modu berberean beste arrai batzuk erabilita: izokin freskoa, berdela, txitxarroa eta xapoa bera ere.

Errezeta gehiago…

Antxoa frijituak

Perretxiko (barrengorri edo txanpinoi) nahaskia

Asteburu honetan (eta beti): Marmitakoa, Xolomo Sapiens gogoan
errezetak, marmitakoa, pagotxa, Xolomo Sapiens
Pagotxa RZk

Amatxoren altzoa utzi duzu eta abandonaturik sentitzen zara. Lasai, ez izutu, sukalde zintzo eta garbia, zopa eder bat, entsalada bikain bat, esneki goxo bat… horrelako gauza xume bezain zailak aurkituko dituzu PAGOTXA RZtegian. Etxean egiteko aproposak denak!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude