Xare Euskarazko Kultura Digitalaren Jardunaldia Durangora helduko da urriaren 31n

Xare Euskarazko Kultura Digitalaren Jardunaldia –

  • Azkue Fundazioak eta Xarek Durangoko Udalaren nahiz Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz antolatutako ekimenak euskararen erabilera sustatu nahi du IKTen alorrean eta, oro har, kultura digitalaren esparruan.
  • Batxilergoko 1go mailako 450 gaztek hartuko dute parte hiru gune ezberdin, sei proiekturen aurkezpen, bi hitzaldi eta zortzi lantegi praktiko barnebilduko dituen egitasmoan.
  • Ikasleekin eta goizez aritzeko pentsatutako Xarejardunaldi hau Gasteizera eta Donostiara ere iritsiko da datozen asteetan. Iruñean urriaren 29an egin zuten Sarean Euskaraz izenpean.

Xare Euskarazko Kultura Digitalaren Jardunaldia Durangora helduko da urriaren 31nEuskarazko kultura digitala sustatu eta ezagutaraztea da Azkue Fundazioak eta Xarek berak bultzatutako Xare egitasmoaren helburu nagusia: besteak beste, softwareen euskaratzea bultzatzea eta horiek instalatzeko nahiz erabiltzeko ohitura sustatzea, baita euskarazko IKTen sektorea ikusarazi zein balioestea ere.

Urriaren 31ko Durangoko hitzordua prestatzeko Eusko Jaurlaritzaren eta bertako Udalaren laguntza izan dute gainera. Goizeko 9etatik 13:45etara bitarte, hiru ikastetxe ezberdinetatik etorritako Batxilergoko 1go mailako 450 gaztek hartuko dute parte Landako Gunea, Plateruena Kafe Antzokia eta Zugaza Zinema beteko dituen ekimen honetan.

Azpimarratzekoa da, bestalde, honako hau dela hiriburu ez den udalerri batean egingo den Xare jardunaldi bakarra. Azkue Fundazioaren apustua eta erronka izan da Xare 2019 Durangora ekartzea eta, hala, Durangaldeko ikastetxeei luzatzea ekimen honetan parte hartzeko deialdia. Eta Azkue Fundazioaren borondateak emaitza positiboa izan du, izen-emate kopuruak aurreikuspenak bete baititu: eskualdeko 450 ikasle ariko dira euskarazko kultura digitalaz ikasten, ezagutzen eta trebatzen.

Gazteak eduki ezberdinak eskainiko dituzten hiru aretotan barrena mugituko dira:

Info Aretoa (Plateruena Kafe Antzokia)

Ezagutzara bideratutako gune honetan, euskarazko kultura digitalaren esparruan aitzindari izan diren eta egun lanean diharduten 6 proiekturen inguruko aurkezpen labur (12’) bana entzunen dute ikasleek. Hala, Puntu Eus Fundazioak, Librezale Elkarteak, Ahotsak egitasmoak, , Booktegi-k, Alboan-ek eta Euskal Wikilareien Elkarteak une honetan esku artean dituzten hainbat proiekturen berri emanen dute.

Ikas Aretoa (Landako eraikina)

Gune praktiko honek 8 lantegi ezberdin hartuko ditu eta, 20 laguneko taldetan banatuta, ikasle bakoitzak horietako batean trebatzeko aukera izango du. Tailerrak dagokion sektorean eskarmentua duten profesionalek eta elkarteetako ordezkariek gidatuko dituzte. Honakoa da eskaintza:

– Musika sortu, nahastu eta zabaltzeko aplikazioak (Dj Makala)

– Bideomappinga: errealitatea areagotu proiekzioak objektuen geometriara doituz (Elurmaluta)

– AppInventor: Android mugikorretarako aplikazioak sortzeko zerbitzua (Talaios)

– Errealitate birtualera hurbilpena (Protomakers)

– Wikipedia: entziklopedia auzolanean eta euskaraz nola elikatu (Euskal Wikilarien Elkartea)

– Arduino: elektronika interaktiboaren munduan hasteko(Protomakers)

– 3D inprimagailuak: objektuak diseinatu eta modelatu(Protomakers)

– Raspberry Pi: plaka-ordenagailu txiki eta merkeak(Iñaki Izkue)

Era Aretoa (Zugaza Zinema)

Erabileran sakontzeko pentsatutako areto hau da aurtengo Sarean Euskaraz Jardunaldiak dakarren berrikuntza nabarmenena, eta bi hitzaldi programatuko dituzte bertan, bakoitza 35 minutukoa. Biek ala biek IKTen erabilera egokia egitearen garrantziaz ohartarazi eta horretarako jarraibideak azalduko dituzte. Izan ere, IKTek gero eta presentzia handiagoa dute herritarren egunerokoan, baita esparru pribatu eta intimoenetan ere.

– Pribatutasuna Sarean (Maider Likona, Gipuzkoako Software Askea)

– Harremanak 3.0: like bat eman (Ane Ortiz, Emaize Sexologia Zentroa

EGITARAUA OSOA IKUSI

ARABAN ETA GIPUZKOAN ERE BAI

Xare Euskarazko Kultura Digitalaren Jardunaldiak Gasteizen eta Donostian ere izango du segida tokiko elkarte eta instituzioek babestuta. Azaroaren 27an eta abenduaren 17an izango da hurrenez hurren, Oihaneder Euskararen Etxean eta EHUko Gipuzkoako Campusean.

AURREKARIA: NAFARROAKO ‘SAREAN EUSKARAZ’ 

Durangora, Gasteizera eta Donostiara helduko den egitasmoak badu aurrekari bat: Nafarroako Gobernuak Euskarabidea Euskararen Nafar Institutuaren bitartez bultzatutako Sarean Euskaraz ekimenaKasu horretan, 2019ko hau hirugarren ekitaldia izango da, eta urriaren 29an Iruñeko Baluarate Jauregia euskarazko IKTen erreferentziazko gune bilakatuko da III. Sarean Euskaraz Jardunaldiari esker.

 

EGITARAUA OSOA IKUSI

 

Xare Euskarazko Kultura Digitalaren Jardunaldia Durangora helduko da urriaren 31n