Web orri baten egiten hasi baino lehenagoko 5 urratsak

Gogoa eta denbora izanez gero, gaur egun, edozeinek egin dezake bere web orria. Komunikaziorako oso tresna eraginkorra da. Baina komunikazio plan batean sartu baino lehen bezala, ezin da web orri bat egiteari ekin aurretik gogoeta bat egin gabe.

  1. Hasteko erabaki beharko dugu zertarako dugun web orri hori. Erabiltzaileari eskaini nahi dioguna zehaztu beharko dugu, informazioa, aisialdia, harremanetan aritzeko bidea, etab.
  2. Ondotik zehaztu beharko dugu zer nolako edukia behar dugun web orrirako, nondik jasoko dugun, noren ardura izanen den hura eguneratzea, zer-nolako maiztasunarekin. Bestela esanda web orriaren funtzionamendua bigarren pauso horretan zehaztuko dugu, hilabeteak eguneratu gabe daraman web orri batek itxura kaxkarra ematen duelako. Egia da orri batzuk mugigaitzak izaten ahal direla, baina web orri batean beti daude modulu batzuk eguneratzeko, eta ez badaude, gehitu egin behar dira, bloga, egutegia edo arloari buruzko azken albistegien tartea esate baterako.
  3. Hirugarren pauso honetan eman nahi dugun informazioa nola egituratuko dugun aztertu eta zehaztuko dugu, informazioaren arkitektura alegia. Bisitariarekiko interakzioa lortu nahi badugu, urrats honetan aztertuko dugu nola egin.
  4. Hori eta gero diseinuari ekinen diogu, informazio modulu horiek orrian non jarri, beti ere web orriaren helburu nagusia zein den kontuan hartuz.
  5. Azkenik, eta berriro diot azkenik, web orriaren itxurari erreparatuko diogu, koloreak, argazkiak, flash animazioak, logoak, idatzien lodiera, letra tipoa. Web orri bat sortzean jende asko urrats hortik hasten da, baina hau azkenik erabaki beharrekoa gauza besterik ez da. Web orri eraginkor bat izateko lehen lau urratsak ezinbestekoak dira.

Datorren astean web orri bat egiteko sarean dauden tresnak eta jarraitu beharreko urratsak aipatuko ditut.

GAUZA AGERIA