Txiki

img_0127.JPG
Nork ez du ezagutu txakurra duen artzainik. Areago, nork ez du ezagutu bere zakurrari Txiki izena jarri dion artzainik. Gurean kontu batzuk oso geureak ditugu: Gaztelugatxe, Bardeetako abioiak, Guggenheim, Athletic, Modenako ozpinez eginiko pintxo jator askoak eta euren txakurrei Txiki izena jartzen dieten artzainak, batzuk bakarrik aipatze aldera. Neu ere txakur zalea nauzue. Argazkikoa, gure bi txakurretako bat da. Ez da Txiki deitzen, baina ia ia. Hemen eta hemen idatzi nuen berari buruz, eta sarrera gehiagotan ere agertzen da blog honetan, garrantzia baitu gure etxekoon bizitzetan. Urtebete da ekarri genuela, eta pozik gaude berarekin. Baina ez nik nahi nukeen beste: denbora honetan guztian saiatu naiz nola idatzi erakusten, ordenadorea eta teklatua nola erabili behar diren esplikatzen, berak egin ditzala nik egin beharreko lanak agintzen, horretarako behar baitu izan etxeko txakur onak: ugazabari laguntzeko. Baina, bai zera, Tximi gureak ezetz dio, nahikoa lan baduela bere odolak agindutakoari segitzen, eta nahiago dituela auzoko katuak nire lanmahaiari lotuta baino. Kapritxoso hutsa da, eta halaxe ari da hazten: nahi duena eginez beti. Horregatik harritu naiz hainbeste Txiki deitzen den arditxakur honek idatzi duen artikuluarekin. Zinez egingo zaizu interesgarri, baldin eta Idiazabalgo gaztaren aferaz idatzi genuena interesatu bazitzaizun. Cheesgate deitzen den kontu bat ere argitaratu genuen atzerrirako. Gure Tximik badu nori ikasirik. Bikaina da artzainaren Txikik idatzitakoa, gezurra dirudi txakur batek hain garbi idatz dezakeenik, eta blog bat hain ederki kudea dezakeenik. Hori bai, gurea andaluza den bezala, Txikik gaztelaua behar du, gaztelaniaz bakarrik idazten baitaki berak. Eta elikadura eta geografia ere nahastu egiten ditu, bere artikuluak EN CONTRA DE ETXEGARATE baitu izenburu, gazta eta mendilepo baten izenak nahastuz.

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

2 pentsamendu “Txiki”-ri buruz