Twitterren horizontaltasuna

Twitterren horizontaltasun zalantzagarria

Twitterren horizontaltasun zalantzagarria

Twitterren horizontaltasun zalantzagarria

Salbuespenak salbuespen masa komunikazio tradizionala unidirekzionala edo norabide bakarrekoa da (telebista, liburuak, egunkariak, filmak…); igorle bat, hartzaile ugari. Baina interneten zabalkundeak komunikazio molde berri bat ekarri du, interaktiboagoa, zeinetan igorle ugarik hartzaile ugariri zabaltzen dizkien bere mezuak. 

Komunikazio mota horri masa autokomunikazioa esaten dio Manuel Castellsek Comunnication and Power (2009) liburuan. Masa komunikazioa da, YouTubeko bideo bat bezala audientzia global batengana heltzeko aukera duelako, eta aldi berean autokomunikazioa da egitura horizontal batean, igorlea hartzaile ere badelako, eta norberak erabakitzen duelako balizko hartzaileak zeintzuk izan daitezkeen, zein mezu zabalduko den eta zein kanalen bitartez.

Baieztapenok egiteko 2008ko datuetatik abiatzen da Castells eta horrenbestez ez du oraindik Twitter edo Faceboken azterketa zehatzik egiten. Aldiz, Myspace edo orotariko blogak ditu aipagai masa autokomunikazioaren adibide gisa. Hala ere, horiek deskribatzeko erabiltzen duen definizioak balio du Twitterrentzako ere: Komunikazio sare horizontalak dira jendearen interes eta ekimenez sortzen direnak, multimodalak dira eta orotariko dokumentuak biltzen dituzte: irudiak, bideoak, testuak, soinuak….

Definizio horri tiraka eta behin eta berriz entzun eta ahoskatu ostean, kaskezurrean iltzatuta dugu askok horizontaltasunaren diskurtsoa. Baina, egunkarien edo telebistaren ohiko funtzionamenduarekin alderatuz gero aldaketa nabarmena den arren, twitterren horizontaltasuna ez da erabatekoa. Badira jarraitzaile kopurua dela-eta mezuen zabalkunderako beste batzuek baino potentzial gehiago duten erabiltzaileak, eta horrek, gertakari jakin baten inguruan global bilakatu litekeen informazioaren iturri izateko aukera gehiago ematen die beste txiolari batzuei baino.

Ideia hori muturrera eramanez, jarraitzailerik ez duenak ez du -bilaketen bidez ez bada- bere mezua zabaltzeko gaitasunik. Erabiltzaile gako horien artean, gainera, asko dira kazetari edo hedabideak. Horrenbestez, Twitter potentzialki horizontala bada ere, praktikan hedabideek eta bertako kazetariek eragin nabarmena dute oraindik gertakari edo eduki jakin baten zabalkundean.

Zabalkunde masiborako beste erabiltzaileen bertxioak beharrezko izateak orekatzen du neurri batean eragin hori, bigarren urrats hori gabe hedabideek ere ez baitute mezu edo eduki bat biral egiteko gaitasunik. Baina kasu horretan ere, agerikoa da jarraitzaile andana izatea mesedegarria dela bertxio kate etengabea abiarazi ahal izateko.

Komeni da hortaz, horizontaltasuna diogunean zer diogun argi adieraztea, edo bestela ñabardurak eta bainak gehitzea bestela potoloegia dirudien hitzari.

Twitterren horizontaltasun zalantzagarria

NIRE KONTRA ESANAK