Traizio gozoa

cabecera_fijo.png

Aitortza egingo dizut: soitu.es gunean hasi ginen argitaratzen (gaztelaniaz) joan zen maiatzaren 8an, gure glotonia izeneko beste blog gastroliterarioa. Harrez gero, traidore txiki baten antzera sentitzen naiz alua.mundua.com honetako irakurleekin. Zeurekin, alegia.

Gertatzen da, aluamundua izan arren nire eta gure boglari ibileraren sorburua, orain milaka (omen) ditugula irakurleak han, Espainia Handi guztian. Eta hala, bertigo moduko batean murgildurik, ahaztuxe daukat blog bihotzeko hau. Ez dut itxi nahi, baina zaindu ere ezin dut, oraingoz. Gainera, laino batean sartuta bezala bizi naiz aspaldion eta ezer gutxi daukat inori zintzoki eta hemen esateko. Konta nezake, esaterako, joan den domekako marea baxuan nola ibili ginen karramarrotan, edota sukaldari handien arteko kalapitak nola ez didan eragiten dardara apurrik. Konta nezake, datorren barikuan JATEAREN EGIAK saio berria hasiko dugula ETB1ean, arratseko 21’30tan. Konta nezake Anjel Lertxundirekin lehengo batean izandako jendaurrekoa edo konta nezake nola ari naizen Mark Twainen autobiografia irakurtzen. Konta nitzake mila gauza, kontua da, ordea, ez dudala bat bera ere kontatzeko indarrik. Pasatuko ahal zait ganoragabekeria alu hau. Ikusiko.

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

6 pentsamendu “Traizio gozoa”-ri buruz

  • ba deskantsatu pixkot baina ahal duzunean bueltatu hona, nik behintzat soitu-n ere jarraitzen zaitudan arren, gustorago irakurtzen ditut hemengoak.
    Jatearen egiak? zer da hori?
    birasuegi

  • Gozatu, baina arrakastarekin posoitu gabe gero!

  • Baina zer da zehazki Soitun zuk idazten duzuna? Hor atal asko daude eta…

  • Parkatu. Orain konturatu naiz Glotonia izeneko atala dagoela Soitun.

  • Hau marka, alfertuta eta traidore!
    Batzuk ordea hasi berri gara banitate telematikoaren kontu hauetan.
    HementxeHementxe

    PD Soitutik pasatzen garen arren, Glotonia gogokoago genuen. Edo gertuago, agian.

  • […] Zuetako batzuk, aspalditik alua mundua honetako irakurle zaretenok, kexu agertzen zatzaizkidate (bai, zatzaizkidate idatzi dut, zergatik ez hortxe badaukagu aukeran aditz zehatz hori?) sarrera gutxiago egiten dudalako blogean orain beste garai batean baino. Egia da, eta aitortu dudala uste dut, hemen eta hemen, horren kausa eta damua. Baina arrazoiak ere baditut horretarako, azken bolada honetan (eta urtebetera doa!), sekula baino lan gehiago egiten ari bainaiz telebistarako. Honez gero konturatuko zineten SAUTRELA bihotzekoaz gain, baditudala beste zeregin batzuk ere, JATEAREN EGIAK, kasu. […]