TikTok, ardi-larruz datorren aplikazioa

TikTok, ardi-larruz datorren aplikazioa –

Egoitz Lizasok Sarean.eus atarian.

“Ez zarete bada TikTokerako bideo bat grabatzen ariko, ezta?” galdetuta “bai, zergatik galdera?” erantzun zidan 10-12 urteko gaztetxo taldeko mutikoak. Bospasei kide ari ziren mugikorrarekin bideo bat grabatzen etxera bidean nindoala parean egokitzean. Galdera egin beharra nuen nire susmoa ziurtatzeko.

Modako sare sozial berri honetaz seguru neuk baino gehiago jakingo duzuela, ezagutze aldera kontua sortzeko asmotan banintzen ere, TikToken inguruan irakurri ditudan hainbat artikuluren ostean gogo guztiak haizeak eraman zizkidan.

TikTok, ardi-larruz datorren aplikazioa

Sare sozial ororen moduan, erabiltzaileak dira eduki-sortzaileak. Eduki horiek bideo motzak dira, segundo gutxikoak askotan. Bideoa erakargarri egiteko, aplikazioak berak bideoak doitzeko erreminta interesgarri batzuk jartzen ditu eskuragarri, eta, aplikazioaren arrakastaren zati nagusia, musika gehitzeko bilduma zabala. TikToken zerbitzarietara igo eta prest! Prest da edukia “atsegin” klikak jasotzeko. Noski, zenbat eta “atsegin” gehiago orduan eta jarraitzaile gehiago. Orduan etorriko dira zuzeneko emanaldiak, eta hor, erabiltzaileek bidalitako emojiei esker, dirua jasotzera iritsi daitezke erabiltzaileak. Izan ere, zuzenekoak jarraitzen dituztenek emojiak bidal ditzakete aurrez ordainketa egin ondoren.

“A zer txorakeria!” pentsa dezake norbaitek, baina “txorakeria” honek EEBBetan 500 milioi dolarreko diru sarrera eman dezakeela aurre ikusten da 2020an soilik. Diru asko da eta markek ere beraien tokia bilatu nahi dute plataforma honetan. Ez da harritzekoa erabiltzaileen kopurua gero eta handiago baita.

Honetan guztian ni gehien gaztetxoek arduratzen naute. Statista.com webgunearen arabera, %32,5a 10 eta 19 urte arteko gaztetxoak dira, horietatik gehienak emakumezkoak direlarik. Ekaineko datuen arabera 15 urtez beherakoek Youtuberi begira 85 minutu igarotzen bazuten, TikToken 80 minutu direla ikusi dute. Eta esango nuke dagoeneko TikTokek Youtube pasa duela oraindik ez badu egin.

TikToken arduradunen arabera, 13 urtez gorakoek erabili beharko lukete aplikazio eta 18 urtez beherakoen kasuan, guraso edo tutoreen baimena behar dela adierazten du bere araudian. Zergatik? Bada edukiak ez direlako hain egokiak. Egongo dira umorezko eta trebezia bereziko bideoak, baina badaude eduki sexualak dituztenak. Hortik dator adin-mugaren kontua.

Gaztetxoen artean neskatilak dira TikTokera bideoak gehien igotzen dituzten erabiltzaileak. Motibazioa “atsegin”ak edota jarraitzaileak lortzea izan badezakete ere, helburua dirua irabaztea izan dezakete aurrez aipatu bezala emojien bidez diru-sarrerak izan baititzakete. Hor dator arazoetako bat, izan ere jarraitzaileak lortzeko sentsualitate eta zenbait kasutan sexualitatera jo ohi dute. Kota altuetara irits daiteke kontua eta hori sexu-abusatzaileek badakite.

Egia da beste plataformetan ere horrelako kontaktuak gertatu izan dira Interneten historian zehar, baina TikTokek bereziki kezkatzen nau nolabait abusuak gertatzeko testuinguru bat sortzen “laguntzen” duela iruditzen baitzait, eta batez ere, jarrera hauen aurrean ByteDance enpresak zerbait gehiago egin dezakeela uste baitut, ez erantzukizuna erabiltzailearen gainean soilik utzi, egiten ari den moduan.

Hau horrela izanik, ezinbestekoa zaigu – berriro ere – teknologien inguruko hezkuntza eta formazio egokia izatea. Lehenik guk, gurasook, eta ondoren gure seme-alabek. Gure esku dago bizi digitalean errealean bezala beraien jardunak egokiak izateko hezkuntza egokia ematea eta horretarako guk prest izan behar dugu. Eta ez, ez da bidea izango TikTok debekatzea, zeren hurrengoan beste plataforma bat izango da, eta akaso, orduan beste hori debekatu beharra zegoela beranduegi jabetuko gara.

TikTok, ardi-larruz datorren aplikazioa

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.