Telegramen eta Whatsappen euskeraz bizi nahi dugu

Telegramen eta Whatsappen euskeraz bizi nahi dugu –

Biltzarrek eta hainbat elkartek kanpaina hau abian jarri dute. Bat zatoz?

Telegramen eta Whatsappen euskeraz bizi nahi dugu

Biltzarrek eta hainbat elkartek kanpaina hau abian jarri dute ekainean zehar egiteko.

Norbanakoek eta erakundeek mezu hau kontaktuei eta partaideei zabaltzea proposatzen dizuegu:

  

**Telegramen eta Whatsappen euskeraz bizi nahi dugu**

Mesedez zerbait idazten badidazu, euskeraz izan dadila. Eta beste baten mezu, argazki edo bideoa bidaltzen badidazu, eskertuko nizuke erdia gutxienez euskeraz egotea. Bestela erdalduntzat nauzula ematen du eta ni erdalduntzen laguntzen ari zara.

Gauden taldeetan euskeraz idatz dezagun, nahiz eta erdaldun batzuk egon, haiek ere ikas dezaten eta euskera ikasteko beharra senti dezaten. Amaieran erderaz pare bat lerrotan laburtu ahal ditugu garrantzitsuak diren mezuak. Ez onartu supremazismo gaztelarra edo frantsesa.

Euskaldun abertzaleok euskeraz bizi nahi dugu eta hori denon esku dago. Horregatik honekin ados bazaude zure kontaktu euskaldunei bidali ahal diezu.

Eutsi goiari, eutsi euskerari!

Informazio gehiago: http://www.biltzarre.eus/info/ikusi/whatsapp-telegram-euskeraz/226

(hemen elkarte bakoitzeko webgunearekin lotura jarri daiteke, bertan erabaki den mezua edota irudia jartzeko)

Erakunde bakoitzak bere webgunean egokitu eta jar dezakeen azalpena:

Telegram eta Whatsappen euskeraz kanpaina

Bi medio hauek elkar komunikatzeko tresna garrantzitsu bihurtu dira baina baita, gaztelera eta frantsesa izugarri zabaltzeko bideak ere. Abertzale euskaltzaleok zer egin ahal dugu gure hizkuntza errespetarazteko?

a) Norberaren mezuak

Mezuak idazterakoan ez dago euskaldunentzat euskeraz eta erdaldunentzat erderaz bidaltzeko arazorik. Gaur egun itzultzaile neuronalarekin azkar itzultzen dira testuak erderara. Gainera, Whatsapp eta Telegram ordenagailuaren bidez erabiltzen baditugu, erredakzio eta itzulpen lana hizkuntza batean baino gehiagotan oso arin egiten da.

b) Besteek egindako mezuak

– Zure kontaktu euskaldunek mezu asko erderaz bidaltzen badizute goiko mezua bidali ahal diezu.

– Zuk besteen mezuak berbidaltzean, kontaktu euskaldunei erdia gutxienez  euskeraz bidali, bestela espainiartzat edo frantziartzat bihurtzen laguntzen ari zara. Beste aukera bat testu labur bat euskeraz sartzea eta gero atxikitzea beste hizkuntzan dagoen edukiaren lotura. Eta zabaltzeko eskatu dizuten mezua zerbaiten parte hartzeko bada (zerbait izenpetu, hitzaldi edo manifestazio batean parte hartu…) eta mezua erdera hutsean badago ez zabaldu, bidali dizunak euskeraz edo bietan bidali arte.

– Nazio iragazkia egin. Espainiarren edo frantziarren arazoak haienak dira. Guk nahiko dauzkagu gure arazoekin. Zertarako zabaldu besteen gaiak gureak balira bezala, espainiar edo frantziar sentitzen ez bagara?

c) Telegram eta Whatsappeko talde arruntak

– Gero eta talde gehiago daude: familiako taldeak, lagunen taldeak, eskolako guraso taldeak, komunitateko taldeak, … Eta askotan talde horietan denetarik dago: batzutan denok euskaldunak gara, beste batzutan gehiengoa, erdia edo gutxiengoan egon gaitezke.

– Talde euskaldunean euskaldunek mezuak euskeraz bidaltzeko konpromisoa hartuko genuke eta besteen mezuak berbidaltzeko gure hizkuntzarako gutxieneko ehuneko bat jarri beharko litzateke, erdia gutxienez…. Eta moderatzaileak irizpide hauek zaindu beharko lituzke.

– Talde mistoetan baina gehienak euskaldunak bagara euskaldunek euskeraz eta erdaldunek erderaz bidali ahal dituzte mezuak. Kasuren batean mezuaren laburpena erderaz jarri daiteke oso garrantzitsua bada.  Erdaldunek ulertzeko ahalegina egin behar dute eta zerbait ez ulertzekotan itzulpena eskatu. Hor ere gure hizkuntzan gutxienez sortutako mezuen %50 inguru bidaltzea jarri daiteke irizpide gisa. Eta kanpoko mezuen berbidalketan ere erdia jarri daiteke.

– Talde mistoetan baina gutxiengoa euskalduna bagara noiz edo noiz ere euskeraz egin dezakegu, beste batzutan bietan (gazteleraz atzean eta laburrago), talde horretan nortzuk garen euskaldunak jakiteko, non gauden erakusteko, erdaldunak motibatzeko eta elebitasun pasiboa bultzatzeko.

d) Telegram eta Whatsappeko hedapen taldeak / kanalak

Talde eta erakundeek sortzen ari dira horrelako hedapen taldeak (non hartzaileek ezin duten mezurik bidali, jaso baino ez) edo kanalak ere deitutakoak eta askotan denenetzat direnez dena edo gehiena erderaz bidali ohi da. Kasu horietan hedapen talde edo kanal bikoitzak egin daitezke: bata euskeraz eta bestea elebiduna ala erderaz. Gero jendearen esku uzten da zein kanaletan nahiago duen sartzea. Honek ez du lan handirik ematen eta euskaldunei gure hizkuntza eskaintzen diegu dena.

e) Inkesta

Gai hau aztertzen ari gara eta nahi baduzu, hemen inkesta laburra duzue zuen eritzia emateko, proposamenak bidaltzeko eta nahi izanez gero, kanpaina aurretik eta ostean norberaren egoera zein den ikusteko.

f) Euskerazko_kanalak  Telegramen eta Whatsappen

Gure hizkuntzan dauden hedapen talde edo kanalak hemen jasotzen ari gara (batzuetan mezuei atxikitako loturak erderaz egon daitezke edo mezuak bi hizkuntzetan egon daitezke baina euskera beti aurretik eta mezu osoa: https://t.me/euskerazkokanalak (falta direnak jakinarazi, arren, gehitzeko: biltzarre@biltzarre.eus)

 

https://t.me/berriaegunkaria (Berria)

https://t.me/ARGIAeus (Argia aldizkaria)

https://t.me/goiener  (Energia alternatiboa)

https://t.me/euskaltelegram (Telegram euskeraz bultzatzeko taldea)
https://t.me/AEKeus (AEK)

https://t.me/isfeuskadi (Mugarik gabeko ingenieritza taldea)

https://t.me/etxeanolgetan

https://t.me/arabakoalea (ALEA aldizkaria)

https://t.me/akebai (Eibarren euskaraz)

https://t.me/ARGIBILAeuskeraz (bestelako informazioa)

https://t.me/irunaveleia  (Iruña-Veleiako albisteak)

https://t.me/koronabirusarengezurrak (Informazio ofiziala zalantzan)

https://t.me/gamerauntsia (euskal bideo-jokalari euskaldunen elkargunea)

http://librezale.eus (sofware librearen aldeko informatikariak)

https://t.me/buiakainfo (ikasleen informazioa)

https://t.me/sopelanet (Sopelako informazioa)

https://t.me/UEMAeus (UEMA)

https://t.me/ElgetanBerbetan (Elgetan berbetan)

 

g) Komunikabide hauek egoki erabiltzeko hizkuntzaz kanpoko gomendioak

– Taldea zein gairako sortu den argi eduki eta saiatu bestelako gaiak ez sartzen. Batez ere, ez sartu eztabaida antzuak sor ditzaketen bestelako gaiak, edo jendearekin zuzenean sartu.

– Testu laburrak, zehatzak… hobetsi eta ez idatzi aurpegira esango ez zenukeena.

– Gauzak bidali baino lehen berrirakurri ea ondo ulertzen den, pentsatu besteengan.

– Denok ez daukagu denbora berdina. Bidali gauza ahalik eta garrantzitsuenak eta laburrenak.

– Esaten diren gauza guztiei ez da zertan txaloekin, emotikonekin edo antzeko esaldiekin erantzun behar. Beharrezkoa bada, mezua igorri duenari zuzenean txaloa bidali ahal diozu.

– Taldeak ez dira eztabaida handietarako edo bi pertsonen arteko hika-mikak ikusteko, informazio edo kontu laburrak emateko, baizik. Bi pertsonen arteko elkarrizketak taldetik kanpo egin, haien artean soilik.

– Moderatzailea oso garrantzitsua da eta taldearen helburua eta arauak errespetarazi behar ditu.

– Taldea sortu duenak ez gehitu inor taldean besteekin kontrastatu gabe baina taldean parte hartzeko irizpide argia badago ez da galdetu behar irizpide hori betez gero.

– Irudi eta bideo astunak edo bideo multzo bat bidali baino lehen pentsatu ea merezi duen. Denek ez dute gaitasun handiko telefono berririk.

Kanpaina honen informazio edo galderetarako
biltzarre@biltzarre.eus

———————————–

1Oharra: Biltzarre, Euskeraren Jatorria bezala, “euskera” erabiltzearen aldekoa da, Euskaltzaindiak hizkuntza adierazteko atzizkiak batu gabe utzi dituelako. Onartuko genuke batuan “gara”, “gera”, “gira” formak hirurak jarraitu izan balute? Hizkuntzak adierazteko zergatik daude hiru atzizki? -era, -ara eta –nia?

-ERA da gehien erabiltzen dena munduko 250 bat hizkuntzatan (errumaniera, poloniera, errusiera… ez dugu errumaniara esango ezta?). Euskalkietan ere erabiltzen dugu (bizkaiera, gipuzkera, lapurtera, nafarrera…) eta «hizkera» hitzan ere bai.

-ARA soilik bi hizkuntzetarako gorde zuen Mitxelenak, baina erabilienak ditugunak: «euskara» eta «erdara». Bitxia.

-NIA xelebreagoa da, «gaztelania» hizkuntzarako soilik.

Telegramen eta Whatsappen euskeraz bizi nahi dugu

Biltzarre

Buirujabetzarako ekimenen bilgunea

6 pentsamendu “Telegramen eta Whatsappen euskeraz bizi nahi dugu”-ri buruz

  • “Biltzarre, Euskeraren Jatorria bezala, “euskera” erabiltzearen aldekoa da”

    Eta nondik, maittia, aterako diagu gero “EUSKAL” delakoa?

  • Orain hasiko gaituk Euskel Herria esaten?
    Eta Euskel Jaia? eta Euskel Memoria? eta Euskel Etxea? eta Euskel Okela? eta Euskel Encounter? eta Euskel Trenbidea? eta Euskel Mendizale Federazioa?
    Gora hizkuntz anarkia euskelduna!
    Bide onetik goaz eta.

  • Kaixo, gogoeta baino ez da. Kontua da atzizki hori batu gabe geratu dela. Anarkia, beraz, ez da gurea, Euskaltzaindiarena baizik, atzizkia batu gabe utzi duelako. Beste kasu askotan ere egin du baina tira.
    ARA aukeratu izan balitz, bizkaiara, gipuzkara, hizkara… esaten hasiko ginateke?
    Lazarragak “euskel erria” erabiltzen zuen baina gaur egun euskaldun guztiok “euskal” erabiltzen dugu. Beraz argi dago.
    Baina “euskara” eta “euskera” biak erabiltzen dira eta biek zuten, beraz, batura pasatzeko zilegitasun osoa, baina atzizkia batu nahi izan balitz, batek baino ez zuen aukerarik ematen.

  • Luze, oso luze idatzi duzue. Luzeraren arabera bada zailtasuna, galduak gara. Gauza hauetan analfabetoak garenedokao ez duzue idatzi. Eta gainerakoendako bai?
    Ez, ez dut uste oso pedagogikoa den idatzi hau. Ikaratu nau, benetan.

  • Dena dela, huskeria da. Hemen kontua Watxapetik eta Telegramenik erderek beste gol handi bat sartu digutela eta zerbait egin behar dugula.

  • “Huskeria da”

    Bai eta ez.

    Alegia, gero eta torpedo gehiago jasaten ari den txalupa ahul honi orain falta zaiona da barrutik ere zuloak egiten hastea, eta nonahi egitea.

    Ezaguna da zein hizkuntzalari prestatuak garen euskaldun guztiok eta aldi berean zein birabarkizale amorratuak, baina ez dirudi mende erdi honetan ongi edo ez hain ongi moldatua geratu zaigun hizkuntz kodeak azken orduko egokitzaile gehiagoren premiarik duenik.

    Gure ahulezian, oharkabeko kintakolumnismo linguistikoan erortzeko arrisku bizia dauka gure ekintzaile-sen proaktiboak. Adibide nabarmena dira foro honetan maiz azaldu diren eztabaida etnolinguistiko-identitarioak.

    Alboratu, beraz, birabarkiak, eta txalupa barnekoak behintzat batu, bateratu, batera jokatu, arren, askitxo baitugu euskara mehatxatzen duten marrazoei aurre egitearekin.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude