Telefono azkarrak

Telefono azkarrak –

Telefono azkarrakLagun arteko (eta adin ezberdinetako kideen arteko) bazkari batean atera zen gaia: urte gutxian zenbat aldatu den teknologiaren erabilera. Zaharrenak (eta ez bereziki oso zaharrak) mugikor bat lehen aldiz norbaiti ikusi zion eguna aipatu zuen. Atzerrian jatetxe batean bazkaltzen ari zirela gizon bat ikusi omen zuten mahaian telefonoan hizketan. Horretarako ze behar ote zuen komentatu omen zuten. Hau da, bazkari erdian bertan ez zegoen norbaitekin hitz egin nahi izatea ez zitzaien batere normala iruditu. Lagun gazteenetariko batek, berriz, ze kuriosoa izan behar zuen hori bizitzea komentatu zuen. Aintzinako ohituraren bat kontatu izan bagenio bezala.

Lagunak mugikorraren kapitulua kontatu ondoren, ni ere pentsatzen jarri nintzen eta nire aurreneko aldia kontatu nuen. Estatu Batuetan izan zen, ni nerabe orduan eta haiek telefonoari ematen zioten erabilerarekin asko harritu nintzen. Denbora guztian telefonoarekin zeuden etxean, kotxean edo kalean. Ordurako haien beste ohitura batzuekin ere harrituta nengoen zentro komertzialetan arratsalde osoak edo egun libreak pasatzearekin esaterako eta gu, euskaldunok, egoera horretara inoiz ez ginela helduko pentsatu nuen. Baina oso oker nengoen orduan. Momentu honetan ez dakit haien pare edo haiek baino okerrago ez ote gauden.

Grazia egiten dit nola mundu guztiak mugikorrekiko menpekotasuna nerabeekin bakarrik lotzen duen. Egia da haiek mugikorrik gabe ez direla inoiz bizi izan. Txiki txikitatik ikusi dituzte ingurukoak mugikorra erabiltzen. Isilik egon daitezen gurasoek umeei bideo bat edo joko bat jarri eta ematen die, orduan eta gazteagoak direla jasotzen dute mugikorra opari. Eta bai momentu oro pantailari begira egoten dira mezuak bidaltzen, youtubetik zerbait ikusten…Mugikorrik gabeko momentuak luze egiten zaizkie. Baina nerabeei bakarrik?

Nork ez du norbaitekin bazkaltzen ari dela telefonotik hitz egin?nork ez du mezuen argitxoa piztu denean edo mezuen soinua entzun duenean behin eta berriz mugikorra begiratu?nork ez du norbaitekin hizketan ari den bitartean berriak edo facebooka kontsultatu?nork ez du oinez dabilela mugikorretik hitz egin edo mezurik bidali?Dagoeneko jatetxe batzuetan mugikorrik ez erabiltzeko bertara sartu aurretik kaxa baten barruan utzi behar izaten omen da mugikorra. Horrelako erabakiak hartu behar ote ditugu mugikorrari erabilera zentzuduna emateko?

Telefono azkarrak

Irakaslea Gasteizen. Internazionalismoa eta euskalgintza.