Teknologiaren lau aldiak

Teknologiaren lau aldiak –

Aurreko sarreran hasi nintzen esaten eta gaur jarraituko dut gaiarekin: nire ustez teknologiak lau fase edo aldi ditu. Baina zein dira, ba, teknologiaren lau fase edo aldiok? Labur azalduko dut, eta, esan bezala,  hiru teknologia desberdin hartuko ditut adibidetzat: papera, elektrizitatea eta ordenagailuak.

Teknologiaren lau aldiak

cc-by-sa InakiUharte

1. adibidea: PAPERA:

1. aldia: Papiroa: apaizek idazten dute, soldaduak bizkar-zain direla.

2. aldia: Inprenta, Guttenberg, 1450: pertsona bakoitzeko liburu bat. Errenazimentua (Berpizkundea).

3. aldia: Orokortzea: pertsona bakoitzak bere liburutegia.

4. aldia: Gaurkoa: papera nonahi. Iristen naiz hona, oharrak idazten ditut, eta gero, papera hartu eta paper-ontzira botatzen dut. Ordenagailuarekin ezin dut berdin jokatu, ez baitago ordenagailu-ontzirik, oraindik ez baikara iritsi ordenagailuen teknologiaren laugarren aldira. Baina hogei urte barru, gauza arrunta izango dira ordenagailu-ontziak, eta orain paperarekin egiten duguna egingo dugu ordenagailuekin.

2. adibidea: Elektrizitatea:

1. aldia: 100 langileko bonbila bat

2. aldia: Bonbila bat pertsona bakoitzeko

3. aldia: Eguberriak: pertsonako zenbat eta zenbat bonbila?

4. aldia: Elektrizitatea artea da, nonahi dago. “Electricity is everywhere and nowhere” (“Elektrizitatea nonahi eta inon ez dago”). Falta dugunean bakarrik konturatzen gara horretaz. Elektrizitatea da XX. mendeko teknologia nagusia, dudarik gabe.

3. adibidea: Ordenagailuak:

1. aldia: IBM: 100  zientzialariendako ordenagailu bakarra. Apaizek bakarrik dute makinarekin harremanetan egoteko aukera, nahiz orain bata zuria duten apaizek soinean. Ni neu, Cambridge-n nengoela, txartel elektroniko mordo bat boltsan nuela joaten nintzen unibertsitatera, eta, han, apaiz elektroniko batek nire txartel horiek hartu, makinan sartu, eta orakulua dezifratzen zuen niretzat. Eta horretarako erabiltzen zuen ordenagailua barregarria zen, orain edonork besapean eraman lezakeen batekin alderatuta. Apolo programarako erabili ziren ordenagailu guztiak batu, eta ez dira iristen gaur egungo ordenagailu txiki batek duen mailara.

2. aldia: Pertsonako ordenagailu bat.

3. aldia: Web delakoa, edo Sarea. Bill Gates-ena: “The road ahead” (Aurrera-bidea): elkarren artean konektatutako ordenagailuak.

4. aldia: EZ DAGO, oraindik ez dira ordenagailuak garapenaren laugarren aldi honetara iritsi.  Baina iritsiko gara. Iritsiko gara, baldin eta lortzen badugu aurrera egitea; baldin eta Moore-n legearekin, nano-teknologiarekin edo nik al dakit zerekin, ordenagailuen kalkulu-ahalmena orain amestu baino egin ez litekeen mailara igotzea lortzen badugu. Hori lortzen badugu, orduan posible izango da etxera iritsitakoan sentsore batzuek egoeraren berri ematea guri, esanez, adibidez: “Aizu, kontuz: zure andrea iritsi berri da, eta ez dirudi txantxetarako dagoenik; onena zenuke ospa egitea, eta bi ordu barru itzultzea, ordurako baretu izango da eta”. Edo bestela: “Zer otordu mota eman dizute gaur? Kolesterola irakiten daukazu, aizu!”.

Alegia: Disneyren mundu zoragarrian biziko garela… edo mundu erabat beldurgarrian. Izan ere, teknologia onerako eta txarrerako erabil daiteke. Eta, tentuz ibiltzen ez bagara, bide okerretik abia gaitezke, ukitu behar ez diren kontuak ukitzen, adibidez, eta dena lardaskatzen… Ez dago jakiterik zertara iritsiko garen. Ez dakigu nondik iritsiko den etorkizuna. Eta horrexegatik jarraitu behar dugu ikertzen: ez dakigulako zer datorren, eta datorrenari aurre egiteko prest egon behar dugulako, datorrena datorrela ere.

Teknologiaren lau aldiak

JAKIN BANEKI